INFO

Joseba Rodriguez "Haito"-k bosgarren denboraldia beteko du Zuazo zuzentzen

Joseba Rodriguezek, beste urtebetez hitzarmena luzatuta, bosgarren denboraldia beteko du Zuazoko lehen taldea zuzentzen. Liga txapelketa bukatzeko lau jardunaldiren faltan, Zuazo bederatzigarren postuan dago, helburua aise beteta eta oraindik ere zortzigarren postua erdiesteko aukerekin. 

Joseba Rodriguez "Haito" aurreko urteko prentsaurrekoan, Aalla eta Hernandezen agurrean. (Oskar MATXIN | FOKU)

2018an iritsi zen Zuazora Joseba Rodriguez, Trapagaranen hiru urte eman ostean. Proiektu berri eta sendo bat eraikitzeko asmoz iritsi zen Barakaldora, gazteenei minutuak emateko prestu eta ohartu orduko, bere bosgarren denboraldia egingo du hurrengo urtean. Teknikari basauriarrak beste urtebeterako luzatu du hitzarmena Zuazorekin. 

Klub eta entrenatzailearen sintonia erabatekoa da. Hankak lurrean dituela joan da denboraldiz denboraldiko helburuak markatzen eta poliki-poliki taldearen muina osatzen joan da. Ainhoa Hernandez eta Maddi Aallaren irteeraz geroztik –taldeko bi kapitainak eta ikurrak–, Zuazok iazko maila mantendu duela esan daiteke. Orain, beste jokalari batzuk hartu dute taldea bizkarrean: urrats bat aurrera eman du, nabarmen gainera, Mada Fernandez-Agustik, baita Maddi Bengoetxeak ere. Alba Sanchez eta Ane Encina ere taldeko ikurrak dira eta ezin hobeto moldatzen dabiltza Isabel Fernandez-Agusti, Anne Erauskin, Paula Garcia, Izei Permach eta enparauak. 

Liga bukatzeko lau partidaren faltan, bederatzigarren postuan dago talde barakaldarra, zortzigarrenetik bost puntura. Haitoren Zuazok ez du sekula ligan zortzigarren bukatu –bederatzigarren, bere estreinakoan eta hamargarren, 2019-2020 denboraldian, liga amaitzeke geratu zen koronbirusagatik–. Iaz bi multzotan banatu zen txapelketa eta orotara, esan daiteke, hamargarren bukatu zuela –bigarren multzoko bigarrena izan zen–. 

Jarraitzeko une aproposa

Hala, Haitoren ustetan «orain jarraitzeko unea da, inoiz baino gehiago». Aurreko urteetan taldean egindako lana bere emaitzak ematen ari delakoan da basauriarra eta taldea «hazten» ikusten du, klubari eginiko adierazpenetan azaldu legez. 

Hurrengo urtean are erregularragoak izateko nahiarekin berritu du Rodriguezek eta nabarmendu du jokalari guztiek irabazi dutela beste urtebetez jarraitzeko aukera. «Talde honetan sinetsi behar dugu eta arrazoi bat edo bestearengatik baja bat egongo balitz, gure jokora eta taldera ondo moldatzen den jokalari batenganako apostua egingo dugu», adierazi du. 

«Zuazoren hazkuntzan ale bat jartzen ari naizela pentsatzea gustatzen zait, ez soilik kirol arloan, baita ekonomikoan ere –pasa dugun krisia eta gero–, hala nola estrukturalean», azaldu du. Hurrengo denboraldiko erronken artean, taularen goialdean dauden taldeen aurka irabaztea «ohikoagoa» izatea eta Kopako azken fasera sailkatzea zerrendatu ditu bizkaitarrak.