INFO

Twitter bere salmenta negoziatzen ari da Elon Muskekin

Twitterreko administrazio kontseilua Elon Muski, munduko gizonik aberatsenari, enpresa saltzeko negoziatzen ari da. Apirilaren erdialdean 39.803 milioi euroren truke erosteko eskaintza egin zuen Teslaren sortzaileak.

Twitter Elon Musk enpresariari saltzeko negoziaketak hasi dira. (Olivier DOULIERY | AFP)

‘The New York Times’ eta ‘The Wall Street Journal’ egunkarien arabera, Twitter-eko administrazio kontseilua Elon Muskekin negoziatzen hasi da enpresaren salmenta. Apirilaren 14an 43.394 milioi dolarreko (39.803 milioi euro) eskaintza egin zion sare sozialaren jabe den enpresari.

‘The New York Times’-en arabera, Twittereko kontseiluko hamaika kideak astelehen goizaldera arte bildu dira Muskekin akzioen %100 saltzeko eskaintza eztabaidatzeko. Gainera, iturri anonimoek adierazi dutenez, salerosketaren xehetasunak negoziatu dituzte, baita akordio bat sinatu eta betetzen ez bada ordainduko diren tarifen kronograma ere.

‘The Wall Street Journal’ egunkariak zehaztu duenez, Twittereko kontseilua hasiera batean salmentarekin uzkur zegoen arren, igandean zabaldu zizkion ateak negoziazioak abiatzeari. Joan den astean enpresariak akzioak eskaintza publiko baten bidez finantzatzeko 42.919 milioi euroko bermea zuela adierazi zuen, enpresak kontseiluaren parte izateko aukera eskaini zionean, bere partaidetza ez handitzearen truke.

Enpresaren jarrera, kazeta honen arabera, joan den ostiralean Musk Twittereko hainbat akziodunekin bildu ondoren aldatu da. Izan ere, bilera honetan bere proposamenaren abantailak azaldu zizkien eta plataformari eragiten dioten adierazpen-askatasuneko arazoei aurre egiteko konpromisoa hartu zuen.

Musk Twitterren eragin handia duten erabiltzaileetako bat da, eta akzioen %9,1 dauka gaur egun. Apirilaren 14an egindako eskaintzan 54,2 dolarreko prezioa ezarri zion akzio bakoitzari, enpresa kotitzaziotik kanpo uzteko asmoarekin.

Hala ere, bi egunkariek zehaztu dutenez, oraindik ez dute akordiorik lortu eta posible da bi aldeak azkenean ados ez jartzea.

Entitateekin akordioak

Sare sozialaren jabe den enpresari proposatutako transakzioa edo eskaintza publikoa finantzatzeko Muskek zenbait akordioren berri eman zion Baloreen Merkatuko Batzordeari. Besteak beste, Morgan Stanleyk eta beste enpresa batzuek 25.500 milioi dolarreko (23.536 milioi euro) finantzaketa emateko konpromisoa.

Zehazki, parte hartzen duten erakundeek 12.500 milioi dolar (11.537 milioi euro) emateko konpromisoa hartu dute, Musken eskura dauden marjina-maileguen bidez. Bestalde, Elon Musk berak gutun bat aurkeztu dio Baloreen Merkatuko Batzordeari, eta, bertan, 21.000 milioi dolar (19.383 milioi euro) jarriko dituela hitzeman du, transakzioarekin lotutako zenbateko guztiak eta horrekin lotutako karguak eta gastuak estaltzeko.