INFO

Danborren soinuak, perretxiko eta barraskiloen usaina… San Prudentzioko jaiak bueltan dira

Tronpeten eta danborren soinuak hartu ditu asteazken honetan Gasteizko kaleak. San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren omenezko jaiak hasi dira, eta aurten bai arabarrek Armentiara joateko aukera izango dute.

Tronpeta eta danborren soinuak hartu du beste behin Gasteiz. (Endika PORTILLO | FOKU)

Azken bi urteetan danborrada balkoietatik bizi izan dute arabarrek. Covidaren eraginaren ondorioz da jairik ospatu Euskal Herrian. Baina aurten ezberdina izango da. San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren omenezko festak kalean berriro disfrutatzeko aukera dago, eta eguraldia ez da aitzakia izango.

Horren adibide dira arratsalde honetan Gasteizko Probintzia Plazan bildu diren lagunak. Erretreta entzun dute eta danborrada ikusteko aukera izango dute gauerdira arte. Hauxe izango da gau luze baten hasiera, batzuentzat goizean amaituko dena, Alde Zaharreko taberna batean edo Armentiako zelaietan, basilikaren ondoan. Bertan bilduko dira ostiral honetan milaka lagun ohikoa den azokan zerbait erosteko edo txosnetan zerbait jateko.

Egun hauetan etxe askotan barraskiloak eta perretxikoak jango dituzte, tradizioari jarraituz. Txikienek indarrak hartuko dituzte arratsaldeko danborradan parte hartzeko. 18.00etan aterako da Probintzia Plazatik eta hiriko erdiguneko kaleak zeharkatuko ditu berriro Foru Jauregiaren aurrean amaitzeko.

Ostiralean, 80. hamarkadari eskainitako kontzertu omenaldia izango da Plaza Berrian, bertan entzungo dira Abba eta Guns and Roses taldeen abestiak. Eta igandean Estibalizko erromeria egingo da. Egun osoan zehar, lehiaketak, azokak, herri kirolak eta dantzak izango dira, besteak beste.