‘Eskubideak guztiontzat’ kanpaina abiatu du Nafarroako hainbat eragilek
Ekologismoa, feminismoa, errefuxiatuak, gazteak… Eremu ugaritan lan egiten dute baina xede berarekin: jendarte «justu, kohesionatu eta berdinazaleagoa». Nafarroako euskal hiztunek pairatzen duten egiturazko bereizkeria salatzeaz gain, denontzako hizkuntza eskubideak aldarrikatu dituzte elkarrekin.
‘Eskubideak guztiontzat’ manifestuari atxikimendua agertu dioten lehen eragileak batu dira asteazken honetan Iruñeko Zabaldi Etxean. Lehen eragile hauen artean, eremu ezberdinetan lan egiten duten elkarteetako hainbat ordezkari izan da: Auzoak Iruñeko jai batzordeen plataforma, Geltoki ekonomia sozial eta solidariorako proiektua, Saharako Kabiak elkartea, Teatrolari antzerki eskola, Oneka emakume pentsionisten plataforma, Mugitu! mugimendu ekologista, Nafarroako Neska* Gazteak, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Orreaga fundazioa eta Nafarroako Ernai.
Nafarroako euskal hiztunek pairatzen duten egiturazko bereizkeria salatu dute, eta Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean deitu duen manifestazioarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak eta jendarteko eragileak.
Azaldu dutenez, hainbat eremu eta esparrutan egoera gutxituan dauden herritarrak gutxiestearen aurka eta berdintasunaren alde egiteak eraman ditu adierazpena adostera, hizkuntzaren esparruan ere ez dutelako herritarrak mespretxatzerik nahi. Manifestuarekin bat egin nahi duten elkarte eta gizarte eragileek nafarroa@kontseilua.eus helbidera idatzi bertzerik ez dute.
Ertzetatik erdigunera, elkarrekin
Manifestuaren sinatzaileak eremu desberdinetan lan egiten duten eragileak dira: feminismoan, ekologismoan, bestelako jai ereduan, sexu aniztasunean, errefuxiatuen eremuan, pentsio eta bizimodu duinen alde, gazteen esparruan, ekonomia solidarioan edota kultur aniztasunaren aldeko jardunean. Eremu desberdinetan lan egiten dute, baina helburu bakarra dute: jendarte «justu, kohesionatu eta berdinazaleagoa» eraikitzea. Hau da, «inor bazterrean utziko ez duen gizartea».
Adierazpenean diotenez, horrek batzen ditu. «Gizartea antolatuta dagoen moduaren arabera, bazterrean nahi gaituzte, erdigunean beste eredu baten alde daudenei eta beste balore batzuei tokia eginez». Defendatu dutenez, «bada garaia elkarrekin ertzetatik erdigunerako bidea egiteko».
‘Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat’ eguneroko aldarri dute, herritarrak ez mespretxatzeko eta guztiontzako eskubide berdinak aitortu zein berma daitezen, berma dakizkigun lan egiten dute.
«Hainbat eremu eta esparrutan egoera gutxituan dauden herritarrak gutxiestearen aurka eta berdintasunaren alde egiteak ekarri gaitu gaur honako adierazpen hau adostera, hizkuntzaren esparruan ere ez dugulako herritarrak gutxiesterik nahi, hizkuntzaren esparruan ere guztiontzako eskubideak aldarrikatzen ditugulako», esplikatu dute.
PAI dekretuarekin hagitz kezkatuta
«Harriduraz» hartzen dute Nafarroan euskal hiztunek pairatzen duten «egiturazko bereizkeria». «Ulertezina» egiten zaie eskubideak eskualdearen arabera aitortzea. «Ez genuke onartuko gure esparruetan pertsona kopuruaren arabera zehaztea eskubideak aitortu behar diren ala ez. Eta guk lantzen dugun esparruetan onartzen ez dugunez, euskararen esparruan ere onartezina iruditzen zaigu».
Halaber, kezka handia sortzen die Nafarroako Gobernua administrazio publikoetan prestatzen ari den dekretuak. «Ez gara hasiko puntuazioen gorabeherekin. Izan ere, gure ustez, badago zinez kezkatzen gaituen oinarri bat: ofizialak eta berezkoak ez diren hizkuntzei berezko hizkuntzari baino garrantzi handiagoa emango zaie. Zergatik egoera gutxituan dagoen kolektiboarekiko neurri proaktiboak hartu beharrean, herritar horiek are gehiago baztertu edota ikusgabetuko dituzten neurriak?».
Aldarrikatu dutenez, bertze norabide batean jokatu behar dute politika publikoek. «Politika inklusiboak behar dira, herritar guztien eskubideen bermea ardatz izango duten politika feministak, ekologistak, solidarioak, aurrerakoiak… baita hizkuntza politikan ere».
Elkarrekin agertu nahi dute ‘Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztiontzat’ leloarekin, eta horrexegatik egin dute bat Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean antolatutako manifestazioarekin. Seguru daude, bide honi jarraituz, berandu baino lehen berriz ere agertu beharko dutela modu kolektiboan bertze esparru batean egoera gutxituan dagoen kolektiboaren alde. Eta, ziurtatu dutenez, eginen dute.