INFO

Gasteiz da Bruselak klima neutraltasunerako hautatutako ehun hirietako bat

2030ean neutraltasun klimatikoa lortzeko helburua duen proiektu baten barne, Europako Batasuneko ehun hiri aukeratu ditu Europako Batzordeak. Tartean da Gasteiz. Mugikortasun garbia, energia eraginkorra eta hiriaren antolamendu ekologikoa bultzatzeko ekintzak lagunduko dituzte.

Gasteizko tranbia unibertsitateetara luzatu zuteneko irudi bat, 2020ko otsailean egin zen inaugurazio ekitaldikoa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Europako Batzordeak ehun hiri aukeratu ditu 2030ean klima neutraltasuna lortzeko xedea betetzeko, eta tartean da Gasteiz. Ondorioz, 2022 eta 2023 bitartean diru-laguntzak jasoko ditu mugikortasun garbian, energia berriztagarrietan eta antolakuntza jasangarrian inbertitzeko. 360 milioi euro banatuko dituzte orotara egitasmoan.

Baina laguntza ekonomikotik harago doa proiektua; hiriek elkarrekin lan egitea, harreman sareak sortzea, praktika onak trukatzea eta ekintza berritzaileak abiatzea ere sustatu nahi du. Horretarako tokian toki egokitutako aholkularitza, arreta eta herritarrak inplikatzeko babesa emanen du.

Bruselak hirietako trantsizio ekologikoa azkartu nahi du, energia kontsumoaren %65en arduradun direlako, karbono dioxidoaren %70 isurtzen dutelako eta europarren %75en bizileku direlako. 2050ean biztanleen %85 inguru hartzea espero dute.

Hirietako jende pilaketa horietan neutraltasun klimatikoa lortzea da asmoa, hau da, udalerri bakoitzak berriz xurga dezakeen CO2 kopurua soilik isurtzea, emisioak gutxitzeari lehentasuna emanez.

Bartzelona, Munich, Florencia, Cork...

Hautatutako hirien artean dira, Gasteizekin batera, Bartzelona, Madril, Sevilla, Oporto, Burdeos, Munich, Florencia, Malmo, Parma eta Cork.

«Europan neutraltasun klimatikorako trantsizioak arrakasta izan dezan egin beharreko aldaketen erdigunea dira sarri hiriak. Zorionak hautatutako hiriei. Biztanleak eta enpresak etorkizun berdeago batera gidatuko dituzten soluzioak garatzea espero dut», adierazi du Itun Berderako Batzordeko presidenteordeak, Frans Timmermansek.

Ehun hiriok aditu independenteek aukeratu dituzte 386 hautagairen artean. Batzordeak klimaren aldeko kontratuak egitera gonbidatuko ditu. Kontratu horiek neutraltasun klimatikorako plan orokor bat hartuko du barne, energia, eraikinak, zaborren kudeaketa eta garraioari buruzkoa, sektore bakoitzerako inbertsio planekin. Herritarrek, ikerketa erakundeek eta sektore pribatuak parte hartuko dute prozesu horretan.

Abangoardiakoak eta hain prestatuak ez daudenak

EBko iturriek argitu dutenez, ez dituzte «hiri hoberenak edo neutraltasun klimatikoa lortzeko aukera handienak dituztenak» hautatu; abangoardiako udalerriak «hain prestatuak ez dauden hiriekin» uztartu nahi izan dituzte, eta hiri handi, ertain eta txikiak bildu.

«Hiriek erremintak dituzte mugikortasun osasungarri eta jasangarria lortzeko, abiadura handiko trenaren trafikoa bikoiztuz edota hurrengo hamar urteetan txirrindularientzako azpiegitura garatuz, adibidez», azaldu du Adina Vaelan Europako Batzordeko Garraio arduradunak.

Esperimentu honetatik sortuko diren konponbideak zabal daitezken nahi du Bruselak, EBko gainontzeko hiriak ere neutralak izan daitezen mendearen erdialdean.

«Trantsizio berdea bidea irekitzen ari da oraintxe bertan Europa osoan. Baina beti behar dira aitzindariak, beren buruari helmuga anbiziotsuagoak jarriko dizkiotenak. Etorkizun osasungarriago baterako bidea erakusten digute», adierazi du Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.