INFO

Dallas Mavericsek kanporaketa bat pasa zuen azken aldian, NBAko eraztuna irabazi zuen

Texasko taldeak 96-98 irabazi dio Utah Jazzi eta Mendebaldeko Konferentziako finalerdietara sailkatu da, 4-2 eraman baitu bere erronda. Dallasek Phoenix Suns izango du aurrez aurre, 4-2 gailendu eta gero New Orleans Pelicansi, seigarren partidan Chris Paulek bere 14 jaurtiketak saskiratu ostean.

Luka Doncic, pozarren kanporaketa gainditzea lortu ostean. (Alex GOODLETT / AFP PHOTO)

Partida irabazita dago, eta ezustekoa, neurketek aurrera egin ahala gero eta txikiagoa izan den ezustekoa, baina ezustekoa azken baten, gauzatu da. Azken segundoak dira eta Dirk Nowitzki, bakarrik, aldageletara doa partida amaitzeko 20 segundo falta direla. Kazetariak, Dallas Mavericks egunero jarraitzen duten horiek batik bat, atzera kontaketa egiten ari dira, baina Nowitzki, beren izar kuttuna, Mark Cuban aberaskume ahoberoak zuzentzen duen taldea gailurrera eraman duena, aldageletara bakarrik doa, bere buruarekin bakeak egitera, 2006an eskuan izan zuten eraztuna –Miami Heaten aurka, hain zuzen–, bost urte beranduago, inork ere espero ez zuen unean –LeBron James, Dwayne Wade eta Chris Boshen Miami Heat 2-4 bota dute, alajaina!– irabazi eta gero.

Ez du denbora askorik egin alemaniarrak aldageletan. Nahikoa begiak gorrituta eta bihotza uzkurtuta kantxara itzultzeko. Miami Heaten zaleak lur jota daude, baina errespetuz txalotu dute Dallas Mavericksen garaipena eta Dirk Nowitzki finaleko MVP izendatu izana, Bill Russell mitikoaren eskutik.

2011ko ekainaren 12a zen eta Dallas Mavericksek bere sorreratik hona irabazi duen aurreneko txapelsun eraztuna jantzi zuen egun hartan. Harrezkero, beste sei bider jokatu dituzte NBAko titulua irabazteko kanporaketak, baina beti aurreneko kanporaketan erori dira. Los Angeles Clippersen aurka, birritan; Oklahoma City Thunderren kontra, beste bi aldita, Houston eta San Antonioren aurkako «derbietan», bana talde bakoitzaren aurrean.

Baina halakoren baten lortu dute Luka Doncic eta enparauek Mendebaldeko Konferentziako finalerdietara urratsa ematea. Utah Jazz sei neurketetan gainditu duta, 4-2, eta hori aurreneko hiru partidetan Doncic izarra falta zela, ezker hankako bikian min hartuta baitzegoen. «Nekatuta nago, baina ongi sentitzen naiz. Pozarren», onartu du esloveniarrak seigarren neurketa 96-98 amaitu eta gero.

Bojan Bogdanovic hegaleko kroaziarrak izan du kanporaketa honek kitarakoa jokatu ezin izana. Partida irauli zezakeen hirukoa bere eskuan izan du Real Madrilen harrobian sorturiko jokalariak. «Bihotza geratu zait jaurtiketa horri begira», adierazi du Doncicek. «Bojanek nekez egiten du kale halako jaurtiketetan eta ez dela sartu ikusi arte oso gaizki pasa dut; baloiak airean 15 bat segundu edo pasa dituela esango nuke. Errez. Partida amaitu eta gero esan diot Bojani mesede egin digula, ez dituelako halakoak sarritan hutsegiten. Eskerrak!», adierazi du Dallas Mavericksen izarrak.

Topera egon gabe, 24 puntu, 9 errebote eta 8 asistentzia lortu ditu eskolta esloveniarrak eta Jalen Brunsonek sartu dituen beste 24 puntuekin, Texasko taldeak lortu du 2011az geroztik lortu ezinik zebilen pausoa eman eta play-offetako bigarren kanporaketara pasatzea.

Chris Paulen egunik onena

Kosta behar zaio Dallasi aurrera egitea. Aurrez aurre Phoenix Suns, Fase Erregularreko talderik onena izango du, New Orleans Pelicans taldeari 4-2 irabazi –109-115 amaitu da azken neurketa– eta aurrera egin ostean. Garaipena erdiesteaz gain, Devin Booker ere berreskuratu du hurrengo errondara begira Arizonako taldeak, eta Pelicansen aurka zenbat sufritu duen ikusita –play-in aurrekanporaketatik etorritakoa izateko, oso maila ona eman du Pelicansek, Zion Williamson izarra urte osoan jokatu ezinik aritu bada ere–, Booker ederto etorriko zaio Mavsen aurka.

Bestalde, ea Chris Paulek Pelicansen aurka egin duen lako seigarren partida beste behin edo gehiagotan errepikatu dezakeen. CP3 antolatzaile beteranoak 3 puntu sartu ditu, egin dituen 14 jaurtiketak huts bakar bat egiteke saskiratu eta gero. Hori gutxi ez eta 8 errebote eta 5 asistentzia banatu ditu Arizonakoen izarrak. Ez dago gaizki astebete barru 37 urte bete behar dituen batentzat.

Esan bezala, iskiotibialetan min hartu eta gero, Devin Booker ere jokatzeko moduan izan da. Phoenixek eskertu du, baina erritmo handirik gabe jokatu du eskoltak. Orotara 13 puntu sartu ditu, tartean partidaren azken aldera saskiratu duen hiruko garrantzitsu bat.

New Orleans Pelicans taldeak azkenera arte latz borrokatu du. Phoenix baino talde eskasagoa dela jakinean, eta falten erruz Valanciunas gabe uztaipean zulo handia lagata ere, azken minutu eta erdira 104-108 baino ez da iritsi atzetik. Chris Paulek ukalondoaz Alavarado New Orleansen ordezko antolatzailea jo du, baina epaileek ez omen dute ikusi. Horren ostean, Sunsek Mendebaldeko Konferentziako finalerdietan sartzea lortu du.

Philadelphia ere, aurrera

Toronto Raptorsen aurka 3-0 aurreratu zen Philadelphia 76ers taldea, baina seigarren neurketara arte ez dute falta zitzaien laugarren garaipena lortu. Embiidek min hartu zuela eta gero epaileak kritikatu zituela –isuna ordaindu behar izan du hargatik Camerungo pibotak– eta bosgarren partidan Raptorsek Seixersen etxean irabazi zuela... Alarmak jo eta jo hasita zeuden Philadelphiaren etxean eta iraganeko mamuak izara eta guzti gaueko amesgaiztoetan azaltzen hasita zeunden.

Harik eta seigarren partida pasata gauzak berera itzuli diren arte. 97-132 irabazi du Pensilvaniako taldeak. Hala, orotara 4-2 irabazi dio Torontori eta Ekialdeko Konferentziako finalerdiak jokatuko ditu. Aurrean Miami Heat, Ekialdeko liderra Fase Erregularrean, egokituko zaio, Atlanta Hawks 4-1 airean gainditu eta gero. Ekialdeko beste finalerdian Boston Celtics eta Milwaukee Bucks egungo txapeldunak neurtuko dira.

Protestak eta imintzioak alde bateralagata, serio jokatu du Joel Embiidek eta Camerungo pibotak serio jokatzen duenean, aitzakiarik gabeko jokalaria da: 33 puntu eta 10 errebote berarentzat. Tyrese Maxey taldekideak 25 puntu pilatu ditu hirukoetan oso fin aritu ostean eta James Harden, Brooklynetik etorritako beste izarrak, 22 puntu eta 15 errebote lortu ditu.

Atsedenaldira arte Torontok bikain eutsi dio Philadelphiaren erauntsiari, aldageletara bideak markagailua 61-62 baitzen. Baina hirugarren laurdenarekin batera, partida mila puskatan apurtu du Sixersek. Akordatzerako, 67-87 aurretik zen eta Kanadako taldeak ezin ezer egin horren aurrean. Bi baten kontrako defentsa egiten saiatu dira Embiiden gaineran, baina aurreko neurketetan baino azkarrago eta hobeto mugitu du baloia Philadelphiak –Hardenen lana alor horretan nabarmendu da gehienbat– eta aldea handitu baino ez du egin.

Embiid beti da Embiid, eta partida erabakita ikustean, zaleak xaxatu ditu Camerungo pibotak, hauek haserre bizian jarrita. Handik gutxira Paskal Siakam herkideak, nahi gabe itxura baten, ukalondoaz astindu du Embiid eta txantxetarako gogoak apaldu dizkio. Ez du ezer larririk izan, baina badaezpada azken minutuak aulkian eserita eman ditu, neurketa eta kanporaketa erabakita baitzeuden aspalditik.