Jokin Altunak, eskuko minez, uko egin dio Ezkurdiaren aurkako partida jokatzeari
Arautegiak atzerapenik onartzen ez duenez, arbizuarrari partida irabazitzat emango zaio 22-0eko emaitzarekin.
Aurkezpen egunetik esana zuten pilotariek aurtengo Buruz Burukoak arrisku handia zuela eta txapelketak dagoeneko badu bere lehen biktima, ez nolanahikoa gainera, egungo txapeldunak, Jokin Altunak, uko egin baitio igandean Eibarren Joseba Ezkurdiaren aurka jokatu behar zuen partidari, eskuetako minez. Darioren aurkako partidaren une batean entzun zitzaion amezketarrari Gorka Altuna lehengusu eta botileroari «txikitu egingo diat» esaten eta azken egunetan bere eskuen inguruan hitzik egin nahi izan ez badu ere, azkena astearteko material aukeraketan, azkenean baieztatu da txapeldunak ezker eskua mindurik duela.
Pilotariak berak enpresak zabaldutako bideo batean azaltzen duenez, «tendoiaren parean edo handituta dukat dezente eta min handia ematen dit. Gainera zona hori da airez jotzen diodanean pilota bertan jartzen dudana eta ezin naiz horrela irten jokatzera. Aurkariari errespetua izan behar diot, publikoari ere bai eta badakit partidara joanda hamar tanto ere ez nituzkeela egingo eta gainera okerrago amaituko nukeela».
Honek, ordea, ez du, inola ere txapelketa Altuna III.arentzat amaitu denik esan nahi. Araudiak inolako atzerapenik onartzen ez duela kontuan hartuta, EPEL-ek ligaxkako bigarren partida Joseba Ezkurdiari emango dio 22-0eko markagailuarekin, baina eskuak osatuko balitu, amezketarrak hirugarren eta azken partida jokatzeko modua izango luke, Jose Javier Zabaletaren aurka. Gauzak horrela, Joseba Ezkurdiak hanka eta erdi finalerdietan izango luke eta Jokin Altunak lehen postua ia ezinezkoa lukeen arren, baditu bere aukerak, nahiz eta aste honetako emaitzak kalte handia egingo dion. «Dariok bi partidak irabazten baldin baditu nik ez daukat inolako aukerarik, baina erabakia ezin nuen hartu horri begira. Oraintxe nire helburua da egunetik egunera hobetzen saiatzea eta ikusiko dugu hirugarren partida horretara iristen naizen edo ez», azaldu du.
Txapelketaren aurkezpen egunetik azaldu da Jokin Altuna lehiaketa sistema honen aurka eta zoritxarrez bere beldurrak baieztatu egin dira. «Niri ere ligaxka gustatzen zait baina gustatzen ez zaidana da hain denbora gutxi izatea partidatik partidara errekuperatzeko, orain niri gertatu zait, hurrena beste bati gertatuko zaio».
Jardunaldia Oiartzunen hasten da
Bien bitartean, final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldia gaur gauean hasiko da Oiartzunen, Iñaki Artola eta Beñat Rezustaren aretko lehiarekin. Lehen jardunaldian biak galtzaile irten ostean, hil edo biziko partida izango da gauekoa bientzat eta ikusi egin beharko da alegiarrak errekuperatzeko astirik izan duen, kontuan izan behar da Lasoren aurkako partida astelehenean jokatu zuela Zumaian.