Almadiaren Egunaz gozatu ahal izan dute Burgin berirro ere
Pandemiak behartutako bi urteko etenaren ondotik, gogotsu ospatu dute berriro Burgin Almadiaren Eguna.
Almadiak Ezka ibaian behera jaisten ikusi ahal izan dituzte larunbat honetan burgiarrek zein Erronkaribarreko herri honetara gerturatu direnek. Bestelako jai eta ekitaldi gehienekin gertatu den bezalaxe, covid-19aren pandemiak bi urtez festa hau ospatzea eragotzi du, baina aurten gogotsu heldu diote berriro tradizioari, eguraldia lagun.
Denbora luzez eta mimo handiz prestatu dituzten almadiek, garai batean egurra garraiatzen zutenen modu beretsuan, arazorik gabe pasa dute Burgiko presa, Ezka ibaiaren ertzeetan jendetza begira zutela, eta Erdi Aroko zubia igarota amaitu dute ibilbidea.
Ya han bajado las dos almadías!
— Almadías de Navarra (@AlmadiasNavarra) April 30, 2022
Cómo estamos disfrutando del #DíaDeLaAlmadia!
Bi almadiak egin dute iada presaren saltoa! A ze gozamena gaurkoa! pic.twitter.com/eEZQLq5lDT
Almadiaren Eguneko ekitaldi nagusia jaitsiera bera den arren, egitaraua ez da bertan amaitu, ezta gutxiago ere. Izan ere, aurtengo ospakizunak beste bi izen propio ere utzi ditu: Javier Eseberri areto futboleko jokalariarena eta Erronkarizar Elkartearena, biek jaso baitute edizio honetan Urrezko Almadia.
Omenaldi honekin, almadiariek Eseberrik «etengabeko aintzatespena» izan dezan lagundu nahi izan dute eta, Erronkarizarren kasuan, ibarrean astroturismoa sustatzeko eginiko lana aitortu dute.
Kirol zein kultur arloko beste hitzordu batzuekin batera, Burgira gerturatutakoek Almadiaren Museoa bisitatzeko aukera ere izan dute, goizean zein arratsaldeak ireki baitute.
Almadiaren Egunaren baitan Erronkariko Jatorri Deitura duen gaztaren 2022ko kanpaina ere aurkeztu dute, eta plazan bildutakoek produktuaz gozatu ahal izan dute.
Hori guztia argazkietan jaso nahi izan dutenentzako lehiaketa ere antolatu dute. Irabazleek honako sariak jasoko dituzte: Urandi Landetxean asteburu bat, artisau-produktuen sortak eta saritutako argazkien erreprodukzioak, dibond izeneko materialean.