Getxok galdu egin du Faduran igoera faseko finalerdietako joanekoa, Belenosen aurka
Faduran jokatu da igoera faseko finalerdietako joaneko partida eta itzulerarako, aurkako markagailuari egin beharko dio aurre talde bizkaitarrak (20-23). Ia partida guztian aurretik joan da baina azken txanpan asturiarrek lortutako entseguak eta entsegu-gauzatzearen ondotik, galdu egin dute.
Ez du bide onetik hasi Getxo Errugbi Taldeak Ohorezko Mailara igotzeko play-offa. Igande honetan jokatu du finalerdietako joaneko partida Fadurako zelaian, etxean, eta Belenos talde asturiarra nagusitu da azken minutuetan entsegu bat erdietsi eta honen osteko, entsegu-gauzatzea asmatuta.
Partida guztian aurretik joan dira getxoztarrak. Lehen entsegua etxekoena izan da eta 7-0eko markagailua ezarri dute. Asturiarrek markagailuko aldea murriztu dute Bruno Heiten zigor-kolpearen bitartez (7-3) eta Getxok berriro ere alde ireki duen arren, apur bat gehiago hurbildu da kanpoko taldea beste zigor-kolpe bat ondo probestuta.
Etxekoen minutu gogorrenak iritsi dira orduan, beste zigor kolpe bat eta entseguarekin, markagailua irauli baitu Belenosek (10-11). Nolanahi ere, atsedenaldiaren aurretik berindartu egin dira etxekoak zigor-kolpe baten bitartez eta markagailuan aginduz joan dira aldageletara (13-11).
Bikain abiatu dute bigarren zatia getxoztarrek. Entsegua eta entsegu gauzatzearekin, garaipenerako urrats sendoa eman dute baina hortik aurrera, ataskatu egin dira. Ez dute puntu gehiagorik batu eta asturiarrak, apurka apurka, markagailura hurbildu ez ezik, partida iraultzera ailegatu dira. Bi entsegu jarraian eta bukaeran, entsegu-gauzatzearekin garaipena eskuratu dute (20-23).
Hurrengo asteburuan Avilesen jokatuko dute itzulerako partida eta Iñigo Viteri Getxoko jokalariak adierazi duenez, «etxera garaipena ekartzeko lan egingo dugu, hiru puntu baino gehiagoko garaipena».
Iritzi du, Belerosen aurkako beste partidetan ez bezala, igande honetan beraiek izan direla jokoaren errimoa jarri dutenak eta hori horrela, askatasun gehiagorekin jokatu dutela. Partida txukuna egin dutelakoan da, «baloi oro borrokatu dugu» baina azken minutuan «maila jaitsi» eta lehia hor galdu dutela nabarmendu du.
«Van den Berg auziaren» ondorioak
Igoera fase honen finalera iristea inoiz baino garrantzitsuagoa izan daiteke, ikusteke baitago zer gertatuko den Alcobendasekin, Gavin Van den Berg hegoafrikarraren pasaportearen faltsifikazioaren auzia dela-eta. Oraingoz, ez dute eman aditzera erabakirik baina Kopa finala, esaterako, bertan behera geratu da.
Bi aukera daude: Alcobendas zuzenean jaistea, eta horrek igoera faseko finala jokatuko duten bi taldeak igotzea ekar lezake; edota, Alcobendasen aurka jokaturiko partiden emaitzak ezerezean geratzea; honek, Gernika Errugbi Taldeari egingo lioke onura, zuzenean jaitsi ordez play-outa jokatu lezakeelako.