INFO

‘Euskara Antzokira’ ekimena antolatu du Sortzenek, urteko jaialdiaren ordez

Aurten ez du Sortzenek Euskal Eskola Publikoaren aldeko ohiko jaia ospatuko, baina formatu erakargarrian bilduko ditu bere asmoak: ‘Euskara Antzokira’ ekimena, Antsoainen hilaren 15ean (igandean) burutuko dena.

‘Euskara Antzokira’ ekimena, maiatzaren 15ean Antsoainen. (Sortzen)

«Aurten ez dugu Euskal Eskola Publikoen aldeko ohiko jaia ospatuko», jakinarazi du Sortzenek astelehen honetan, baina bestelako hitzordu garrantzitsu baten berri emanez: maiatzaren 15ean, eguerdiko 12.00etan, burutuko den ‘Euskara Antzokira’ ekimena. Bere oinarria «euskara esparru akademikotik urrundu eta aisialdian gure hizkuntzaz gozatzea da. Horretarako, Ezkaba,  Hegoalde, Amaiur eta Bernart Etxepare eskolek hainbat ikuskizun prestatu dituzte eta Antsoaingo antzokiko eszenatokian aurkeztuko dizkigute».

«Denetarik egonen da –zehaztu du Sortzenek–. Antzerkiak, bertsoak, dantzak eta kantak, eta dena euskaraz». Emanaldia bukatzerakoan, 13.00ak aldera, Sortzen tonbola burutuko da gainera Antsoaingo plazan. Bere laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkie.

Sarrerak astearte honetan bertan jarriko dira salgai, bost euroren truke, Antsoaingo Udalaren  web orrian.

«Ikasturte bukaeran, hizkuntza eta artea uztartuz, eskolen arteko batze moduko bat ospatzea dugu xede –erantsi du–. Berriz ere, elkarlanean aritu eta gure komunitatea elkartu nahi dugu».

PAI, «euskarari dioten beldurraren erakusle» 

Iragarpen honekin batera, Nafarroako Legebiltzarrak onartu duen PAI indartzeko egitasmoa salatu du Sortzenek «Izugarria da PAI Nafarroako hizkuntz eredu bihurtzea, diskriminatzailea, oinarri pedagogiko eta segurtasun juridikorik gabea baita».

Erabilitako argudioari helduz, «Nafarroako hezkuntzak irakasle finkoak behar ditu, bertako hizkuntza menderatzen dutenak, hau da euskara eta gaztelaina –aipatu du Sortzenek–. Ingelesa ez da inondik inora Nafarroako hizkuntza propioa.

«Zergatik Nafarroan PAIren alde egiten duten alderdi politikoek beste herrialdeetan kontra egiten dute? –galdetu du–. Zergatik izango da? Euskarari dioten beldurrarekin zerikusirik izango ote du? Guk argi dugu. Horrexegatik deitzen zaituztegu Euskalgintzaren Kontseiluak antolatzen duen manifestaziora», amaitu du. Kontseiluak deituta, hurrengo larunbatean abiatuko da 17.30etan Iruñeko Antoniutti parketik.