INFO

Asparrenak Araiako osasun zentroaren arreta berreskuratzeko eskatu dio Osasun Sailari

Asparrenako Udalak osasun zentroaren ordutegiak, arreta egunak eta guardiak berreskuratzeko eskatu dio Osasun Sailari. Hala jasotzen da ostegun honetan onartutako mozio batean. EH Bilduk alde bozkatu zuen eta EAJ, aldiz, abstenitu egin zen.

Araiako herritarrek ostegun honetan egindako elkarretaratzea. (ASPARRENAKO UDALA)

Asparreneko Udalak Osasun Sailari eskatu dio Araiako osasun zentroko ordutegiak, arreta egunak eta guardiak berreskuratzeko, eta «medikuaren hitzorduen atzerapenarekin amaitzeko beharrezkoak diren bitartekoak jartzeko».

Horrela jaso da atzoko udalbatzan onartuko mozioan; EH Bilduren bozekin atera zen aurrera. EAJk, aldiz, abstenitzea erabaki zuen, Iruraiz Gaunan EH Bilduk eta EAJk onartu duten testuari babesa emateari uko egin ondoren. Bertan eskualdeko oinarrizko arreta «azkar» konpontzea eskatzen zen.

Onetsitako testuan azaltzen denez, Aguraingo osasun zentroko profesionalen kopurua «nabarmen» murriztu da, eta horren ondorioz, eskualdeko gainerako anbulatorioetan guardiako zerbitzua kendu da, asteko arreta egun batera murriztu da eta hitzordu bat hartzeko itxaronaldia luzatu egin da.

Txelo Auzmendi Asparreneko alkatearen esanetan, «egoera horrek eragin larria du, ez bakarrik kopuruan, baita arretaren kalitatean ere». «Alde batetik, gaizki artatzen gaituzte eta, bestetik, badakigu profesionalak lanez gainezka daudela eta horrek eragina duela zerbitzuaren kalitatean. Adineko jende asko bizi den landa populazioa gara, eta hori ere kontuan hartzeko modukoa da ratio egokiak kalkulatzeko orduan», gaineratu du.

Halaber, esan du herritarrek Udalera jo eta adierazi dutela egonezina dutela osasun arreta okertzen ari delako. Hain zuzen, atzoko osoko bilkura egiten zen bitartean, osasun arreta hobea eskatuz herritar asko bildu ziren elkarretaratze batean.