Joseluren etxerako itzulera: soilik partida batez edo Vigon ote dago bere etorkizuna?
Joselu da Alaveseko jokalaririk garrantzitsuena. Golak egin ez ezik, erasoko jokaldi asko berarengandik hasten dira, bizkarrez jokatzeko duen abileazia probestuta. Celtan hazi zen aurrelari galiziarra etxera itzuliko da larunbat honetan (18.30etan) eta baliteke, hurrengo denboraldian Vigon jokatzea.
Neguko merkatua ireki zenean, Joseluren izena lehen lerrora igo zen. Jakina zen aurrelari galiziarraren ibilbidea Alavesen, lehenago edo beranduago, bukatu egingo zela. Pasa den udaran sona handia izan zuen eta irtetzear egon zen. Hitzarmena, baina, 2022. urteko ekainera arte zeukan. Hala, behin urtarrila iritsita, Joselu libre da edozein talderekin hitz egiten hasteko eta zenbait hedabidek adierazi zuten bere hurrengo taldea Celta izan zitekeela. Baina talde bat baino gehiago dago berarekin interesatuta: Espanyol eta Valentzia, besteak beste. Jaitsiera postuetan dagoen talde batekin 13 gol sartu eta ekainean libre izango den jokalaria nork ez du nahiko?
Celtako harrobian bertan hazi zen Joselu Mato eta 2008-2009 denboraldian lehen taldearekin debuta egin zuen, Bigarren Mailan zegoela. Orduan, jubeniletan, B taldean eta lehen taldean jokatu zituen minutuak. Alemanian jaio zen galiziar honen abileziak ez zion ihes egin Real Madrili eta 2009an bere harrobira eraman zuen. 2011-2012 denboraldian nabarmendu zuen bereziki, Bigarren B mailako goleatzailerik onena izan baitzen (24 gol) eta Real Madrilen bigarren taldea Bigarren Mailara igotzen lagundu zuen, Carvajal, Morata eta enparauak lagun zituela.
Bundesligarako txartela eman zion denboraldi izugarri horrek baina hiru denboralditan hiru taldetan aritu eta erregulartasuna galdu zuen. Stoke Cityrekin Premierren egin zuen debuta baina gorabeheratsua izan zen Ingalaterrako esperientzia. Hain gorabeheratsua, A Coruñan utzita jokatzen bukatu zuela, Celtaren areriorik handienean, alegia.
Ingalaterran bere lekua aurkitzen ez zuela –Newcastlen bi urtez jokatu zuen– Alavesera iritsi eta segituan egin zuen lekua. Orain bertan, Alaves ez da ulertzen Joselu gabe baina egoera onartu beharko du klub gasteiztarrak, hurrengo denboraldian ez baitu edukiko hiru urtez taldeko golegile nagusiena izan den jokalaria. Golekin lagundu ez ezik, erasoko jokaldi oro berarengandik hasten dira, izan airez irabazten dituen lehiengatik eta baita bizkarrez jokatzeko duen abileziarengatik ere.
Hain da estimatua Joselu, Mendilibarrek kritikak jaso zituela hiru aldiz partida amaitu aurretik Joselu aulkiratzeko erabakia hartzeagatik. Ulergaitza iruditu zitzaien zale babazorroei golegile nagusia aldatzea partida galtzen egonda. Galiziarrak 13 gol sartu ditu –horietako bat Celtaren aurka, lehen itzulian (1-2)–, inoizko gehien Alavesen, eta hiru gol pase eman ditu; hau da, taldeak egin dituen golen %57an Joseluren zigilua egon dela.
Larunbat honetan, 18.30etan, etxera itzuliko da galiziarra, Alaves Lehen Mailan uzteko helburuan lagundu asmoz –salbazioa lau puntura dago lau partiden faltan– eta baliteke, ekainean etxera bidean izatea denbora luze baterako. Asko dira zurrumurruak –ezetza esan zuela ere zabaldu zen– baina martxotik badirudi Celta dela Joseluren zerbitzuekin egiteko leku onenean dagoen taldea. Argi dagoena da Alaveseko ibilbidea bukatu zaiola, hiru denboraldi eta 35 gol sartuta, Lehen Mailan elastiko urdin-zuriarekin inork inoiz egin duen gol popuru handiena erdietsita.