INFO

Unai Lasok lesioa du eskuin bizepsean eta asteartera arte geldirik egon beharko du

Bizkarreta-Gerendiangoak froga bat egingo du asteartean, maiatzaren 14an jokatu beharreko finalerdietako partida jokatzeko prest dagoen ikusteko.

Unai Lasok min hartu zuen Jakaren aurka eskuin besoan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Aurtengo Buruz Buruko txapelketako lesio parteak ez du etenik eta Baikok jakitera eman duenez, Unai Lasok datorren asteartea arte geldirik egon beharko du, mediku txostenaren arabera Bizkarreta-Gerndiangoak «lesio muskulotendinosoa du, 1. gradukoa, eskuin besoko bizeps brakialean». Aurrelari nafarrak aurreko larunbatean Erik Jakaren aurkako partidan zehar izan zituen lehen sintomak eta partida nolabaiteko normaltasunez amaitu bazuen ere, astean zehar egindako entrenamendu batean mina berriro agertu eta horregatik ukok egin zion gaur Rezustaren aurka Baños de Rio Tobian jokatu behar zuen partidari.

Inguru horretako lesioak nahiko ohikoak eta korapilotsuak dira pilotarien artean, esaterako, Lasok berak antzeko lesio bat izan zuen 2019ko udan, eta kontuz ibili beharrekoak, haustura batek zenbait hilabetez geldirik egotea behartu baitezake. Momentuz, badirudi ez dela hausturarik eta aurrelari nafarra fisioterapia eta elektroterapia tratamendua egiten ari da, eta maiatzaren 10era arte ez du bere kirol-jarduera berrabiaraziko.

Proba, asteartean

Egun horretan proba bat egingo du maiatzaren 14an jokatu beharreko finalerdietako partidan –Altuna eta Zabaletaren arteko partidako irabazlearen aurka– jokatzeko moduan den ikusteko. Jokatzeko moduan ez balego, bere multzoan hirugarren tokian sailkatutako pilotariak hartuko luke bere lekua, kasu honetan, igandean Bilbon jokatuko duten Erik Jaka eta Artolak egingo lukete aurrera, biek ere Rezustaren aurkako euren partidak irabazi zituzten eta.