Txapeldunaren gidaliburuak beti du erantzun egokiren bat eta ez du finalerdietara hutsik egingo
Jokin Altunak ez dio inolako aukerarik eman kantxan bere lekua topatzerik izan ez duen Jose Javier Zabaletari (22-5).
Kirol dohain ikaragarriez harago, una bakoitzean, kantxa barruan eta kanpoan, egin behar dena egiteko gaitasunak bereizten ditu noizbehinka sortzen diren txapeldun handiak eta pilotari onak eta, beste behin, Jokin Altunak zerbait berezia baduela berretsi du Atano III.ean, Jose Javier Zabaleta egurtu eta Buruz Buruko finalerdietarako txartela eskuratuz. Aspaldiko bi asterik zailenak izango ziren, ezbairik gabe, azkeneko biak amezketarrentzat, baina emandako pausu guztiak borobil irten zaizkio, gertatu behar zirenak aurreikusteko dohain berezi bat balu bezala. Hirugarren urtez jarraian lau onenen artean izango da –2018tik buruz buru jokatu diren 9 txapelketetatik 8tan izan da final erdietan– eta zalantzan zuen ezker eskua apenas behartu gabe egin du gainera.
Bere arriskuak hartuz –partida amaituta Ezkurdiaren aurka inolaz ere jokatzerik ez zuela berretsi du–, berea kartak bikain jokatu zituen araudiak eskainitako aukerei etekina ateraz, eta gaur kantxa barruan ere gauzak akademikoki egin ditu, partida latzak jokatzetik zetorren Jose Javier Zabaletari bere dohain guztiak desaktibatuta.
Zabaletaren zalantzak
Astearteko jipoi fisikoari buelta emateko behar baino denbora gutxiagorekin, etxarrendarra zalantzaz josita kantxaratu da Atano III.era, aurkariak berehala usaindu du odola eta bere sena hiltzaileak ez dio gaurkoan ere hutsik egin. Lehen sakea atzelariari egokitu bazaio ere, Altuna denak ematera irten da eta 9-0eko partzial batekin erantzunik gabe utzi du aurkaria. Horretarako, Ezkurdiak eta Dariok aurreko bi asteetan egiterik izan ez zuten estrategia erabili du amezketarrak, ahal zuen bakoitzean ezkerrez gantxoa ondo markatu eta Zabaletara kontrakantxaruntz bultzatu.
Zuzen jokoatzeko modua duenean, ia ezinezkoa da etxarrendarrari aurre egitea –gaur eskua ere bere onenean ez zuenaren itxura eman du–, baina ezker-eskuin aritu behar duenetan atzelari batean normalak diren gabeziak antzeman zaizkio, nahiz eta hankaz ere oso pilotari azkarra izan.
Taktika egokia izan eta bikain gauzatu badu ere, beste gauza asko ere egin ditu ondo Altunak. Hasteko, sakearekin bikain moldatu da, pilotari abiadura eta norabide ona emanaz. Partida erdira arte edo, Zabaletak botera erantzun ditu sake guztiak eta sake-errematearekin ere asko sufritu du. Kontrara, partida galdua zuela seitik ateratzen hasi den arte, izan dituen aukera urrietan ere apenas egin dio minik atzelari nafarrak.
Eta ezkerra ahal bezain beste gorde badu ere, eskuinez fresko aritu da amezketarra, pilota baztertuz eta Zabaleta airez defendatzera behartuz. Gauzak horrela, partidak apenas izan du historiarik eta txapeldunak uste baino errazago lortu du hurrengo faserako txartela.
FITXA TEKNIKOA:
Altuna III.a: 22
Zabaleta: 5
Pilotakadak: 158. Iraupena: 37,41 minutu.
Markagailua: 9-0, 9-1, 18-1, 18-2, 20-2, 20-5, 22-5. Sakeak: 7 Altuna III.ak eta 2 Zabaletak. Egindakoak: 11 Altuna III.ak eta 1 Zabaletak. Galdutakoak: 2 Altuna III.ak eta 4 Zabaletak. Gorabeherak: 747 ikusle Donostiako Atano III.ean. Gorka Altuna aritu zen Jokin lehengusuarekin botilero eta Fermin Escudero Zabaletarekin.