INFO
Entrevue
Lorenzo Zubeldia Yarza eta Elena Aierbe Segurola
«No tengo que hablar vasco» koadernoaren jabeak

«Euskara gu gara. Gure hankak eta besoak diren bezala»

Dena gordetzekoa izan da Lontxo Zubeldia txiki-txikitatik, baina ez zuen berehala pentsatuko zigor gisa ‘No tengo que hablar vasco en el colegio’ letra ttiki-ttikiz mila aldiz idatzita duen bere koadernoa ia milioi erdi lagunek ikusiko zutenik.

Kike Amonarriz, Elena Aierbe eta Lontxo Zubeldia, Tolosako Galtzaundin elkar ezagutu duten momentuan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Lontxo Zubeldia Yarza Bedaioko Eletxe baserrian sortu zen 1953an. Beraiek Eletxe erraten diote, baina berez Elizetxe da. 5 urtetatik 14 bete arte ibili zen eskolan. Gaur egungo ikasketekin konparatuta sobera ez bada ere, berari aski luze egin zitzaion.

1966an, 13 urte zituela, zigor bezala «No tengo que hablar vasco en el colegio» mila aldiz kopiatu zuenean, baserriz osatutako herri hartan ia inork ez zekien erdaraz. Horregatik, erregelarekin kolpatu edo eskumuturrak leher egin arte halako esaldiak idaztera behartu arren, haur haiek euskaraz mintzatzen segitu zuten.

Ederra izan da etxean aditutako istorioei irudia jartzea, Lontxoren koadernoa hizkuntza gutxituen jazarpenaren adibide bat baita. Euskaldunak soilik ez, galegoak, katalanak, asturiarrak, bretainiarrak… identifikatu dira argazkiarekin eta testigantzak ematen ari dira twitterren. Bertze aunitz, gazteak, harritu egin dira, ez baitzuten zigor horien berri, edo horien aditzea izan arren, irudi batean ikusteak zirrara handiagoa eragiten baitu.


«Den baino gutxiagotzat hartzen du Lontxok bere burua, garrantzia kentzen dio. Baserritarrak mespretxatuak izan dira»

Baserria eta kalea

Zoragarria izan da Kike Amonarriz Topaguneko eta Galtzaundiko lehendakariak ‘biral’ egindako txioaren protagonistak ezagutzea, Lontxo Zubeldia Yarza, koadernoaren jabea, eta Elena Aierbe Segurola emaztea, tolosarra, kaletarra. Solasaldian sumatzen da bien arteko kontrastea. Aierbek dioen bezala, «den baino gutxiagotzat hartzen du Lontxok bere burua, garrantzia kentzen dio». Haurra zela bizitutakoaren aztarna izan daiteke, beraiek ziren euskara, eskuak eta hankak bezain berena zutena, debekatzeaz gain Tolosara jaistean burla egiten zietelako ‘kaxeroei’. Azkeneko euskal elebakarrak dira. Elenak, aldiz, nahiz eta bera ere familia euskaldunekoa izan, kalean ongi ikasi zuen gaztelania.

«Dena gordetzeko mania du Lontxok. Nik zaborretara bota eta hurrengo egunean berriz armairuan ikusten ditut gauzak», esplikatu du irri artean. «Kontatu, kontatu zuk», eskatu dio senarrari. «Bai, txikitatik izan naiz gordetzekoa. Sutan erre baino lehen denak biltzen nituen: eskolara nor azaldu ginen agertzen den koadernoa, diktadoak, matematikak…».

Horri esker iritsi zaigu altxor hau. Azal marroixkako koaderno bat, krokodilo baten irudiarekin eta ‘para uso de Lorenzo Zubeldia’ esaldiarekin. Barrenean, boligrafo urdinez idatzita dago mila aldiz «En la escuela no tengo que hablar vasco», letra txiki-txikiz. «Badakizu zergatik hain letra txikiz?», galdetu digute. Ez dugu asmatu. «Koadernoaren lerroen gainean idatziz gero ez litzatekeelako sartuko. Garai hartan koadernoa ondo aprobetxatu beharra zegoen. Ezin genuen etxean beste bat eskatu, are gutxiago genuena zigorrez betea zegoela esanda».

«Kasualitatez» agertu da orain. «Armairu batean begira ari nintzela aurkitu nuen. Banekien hor nonbait zegoela, plastiko baten barruan». Emazteari erakutsi zion eta zabaltzeko modukoa iruditu zitzaien. Joan den igandean lagun batekin partekatu, eta astearterako bolo-bolo zebilen sare sozial eta hedabideetan. Izan ere, adiskide haren bidez Amonarrizengana ailegatu zen irudia eta honek twitterren jarri zuen. Hamar urte darama sare sozial honetan eta, aitortu duenez, sekula ez zuen halako oihartzunik izan bere txio batek. «Haluzinatzen ari naiz», erran zigun asteartean, eta hala jarraitu du aste osoan. Ostiralean, elkarrizketa hau egin genuenean, 495.000 ikustaldira iritsia zen txioa.


«Une honetan, auzoz auzo, herriz herri Euskaraldia prestatzen hasi dira. Bedaion ez, baina Tolosan, euskaraz bizitzea erabaki bat da»

 

GARArekin egon aitzinetik, eguerdian, Tolosako Galtzaundi euskara taldearen egoitzara joan ziren Zubeldia eta Aierbe, Amonarriz ezagutu eta koadernoa erakustera. «Gustura egon gara kroketa batzuk janez kontu kontari. Koadernoa gurekin dugu, ongi gordeko dugu, baina Kikeri esan diogu prest gaudela beraien esku uzteko. Oso pozik eta eskertuta gaude. Lan ikaragarria egiten dute, baita zuek ere», adierazi du bikoteak.

Bedaioren berezitasunak

Bedaio herri izaera duen Tolosako auzo bat da. Bertako jarduera nagusia nekazaritza eta abeltzaintza izan dira. Ez dago industriarik Tolosako azaleraren heren bat osatzen duen lur hauetan, eta 1970 arte ez zen errepiderik iritsi.

Lontxo haurra zela 200 biztanletik gora ziren, baina industria iritsi zenean husten hasi zen eta orain 100 bat dira. «Guztira 62 bizitza 17 baserritan banatuta. 60ko urteetan bizitza denak beteta zeuden; gaur egun, bizitza batzuk hustuta baina 17 baserriak guztiak zutik», zehaztu du Elenak. “Bizitza” zeri erraten dion galdetu, eta guretzat ezezaguna zen fenomeno bat deskubritu dugu, herri honetan muturreraino eraman dena.

 
«Eletxe baserrian hiru bizitza gara, eta beste biei ‘gure etxekonekoak’ esaten diegu. Beste hurbiltasun puntu bat dago, auzo baino gehiago dira, nahiz eta beste familia batekoak izan»

 

Gipuzkoako baserririk handiena Bedaion dago, Gurbila Haundi izena du, barne patioa eta guzti dauka, eta sei bizitza. Bedaioko baserri gehienak hiru bizitzakoak dira; gure protagonistena, Eletxekoa, hala da. Lauko mordoa ere badaude, eta seiko batzuk. «Eraikin bakarra da, teilatu bat, baina bakoitzak bere teilatu puska, etxe zatia eta barrutiak ditu. Honekin lotuta, ‘etxekonekoa’ hitza erabiltzen dugu asko. Eletxen hiru gara, eta beste biei ‘gure etxekonekoak’ esaten diegu. Beste hurbiltasun puntu bat dago, auzo baino gehiago dira, nahiz eta beste familia batekoak izan».

Ingurutxoa dute bertze berezitasun bat. Hain hurbil dagoenez Nafarroatik, haren ukitua du, eta dantza hori da adibide bat. ‘Segur aski’ erratea ere bai, Nafarroan bezala. Azkarate eta Bedaio mugakideak dira eta aunitz maite dute elkar, artzainek harreman handia dute.

Zubeldia eta Aierbe Ibarran bizi dira, baina lotura handia dute Bedaiorekin. Kontatu digutenez, inguru honetan herri bakoitzak bere ezizena du eta bedaioarrak makillek dira, amezketarrak elbiak, alegiarrak txintxarriak eta abaltzisketarrak txalburuak diren bezala.

Debekuen lorratza

Amonarrizen txioak ekarri duen erreakzio katean, Frankismo garaiko debeku eta zigorrak eta gaur egungo egoera lotzen dira. Garabide elkarteak hala ohartarazten du: «Hizkuntzak ez dira berez desagertzen». Topaguneko lehendakariak berak hala dio: «Hizkuntzaren normalizazio prozesua demokratikoa eta justiziazkoa da, gertatu dena ez delako era naturalean gertatu».

Ez nahi orduko, 14 urterekin eskolatik atera eta basogintzan hasi zen Zubeldia. Baserri inguruan ibili da beti lanean, eta azkeneko partean eraikuntzan. Txikitako debekuek ez dute xedea bete, euskaraz daramalako bizia. Eraikuntzan zebilela galiziar batekin lan egitea tokatu zitzaion eta harekin egin zuen gaztelania pixka bat.

Euskaldun sena

Gaur egun euskararen egoera nola ikusten duten galdetuta, izugarri hobetu dela baieztatu dute, baina oraindik galtza bete lan dagoela uste dute. Lazkao Txikiren esaldi bat ekarri du gogora Aierbek, Ordiziako mural batean jarria dagoena. «Azkenaldian asko oroitzen ari naiz harekin. Hala dio: ‘Martxa honetan, aurki erderaz hitz egingo dugu euskaraz ari garelakoan’. Dagoeneko gertatzen ari da». Gero eta urriagoak dira euskara hutsean bizi diren Bedaio bezalako arnasguneak, eta haien «euskaldun sen hori» galtzen ari dela uste du tolosarrak.

Erabat bat dator bikotea Karmele Jaiok berriki marka guztiak hautsi dituen Korrikan zabaldu zuen mezuarekin: «Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik». «Euskara gu gara. Gure bi hankak eta besoak diren bezala», adierazi dute aho batez. Hortaz, ez diote beren buruari galdetzen ea zein harreman duten beren hizkuntzarekin, beren hankekin zein erlazio duten galdetzen ez duten bezala.

Aldiz, «gero eta jende gehiago bizi da herri handi eta hirietan, bizimodua aldatzen ari da, eta  Bedaion ez, baina Tolosan euskaraz bizitzea erabaki bat da». Horregatik, une honetan, auzoz auzo eta herriz herri Euskaraldia prestatzeko lehen pausoak ematen hasi dira, herritarrek eta era guztietako entitate eta erakundeek euskararen aldeko urrats praktikoak egiteko oinarriak jartze aldera.