INFO

Ia sei tona zabor jaso dituzte Urola ibaitik Azpeitian

5.780 kilo zabor batu ditu Azpeitiko Udalak Urola ibaitik. Maiatzean zehar, ingurumenaren eta ibaiaren zaintzaren inguruko sentsibilizazio kanpaina eta erakusketa bat jarriko ditu martxan Udaletxeak.

Urola ibaitik batutako zaborra. (EguzkiEH)

Martxoan Urola ibaiaren garbiketa abiatu zuen Azpeitiko Udalak. Garbiketa lanak amaitu eta lanen balantzea egiterakoan, Udalak jakinarazi du, orotara, 5.780 kilo zabor jaso dituztela ibaitik.

Hori horrela, Udaletxeak iragarri du «garbiketaren ondorioak azaldu eta aurkeztuz ingurumenaren eta ibaiaren zaintzaren garrantziaz sentsibilizatu» nahi dituela herritarrak, eta, horretarako, erakusketa bat antolatu duela maiatzaren 9tik 29ra Sanagustin kulturgunean. Hortaz gain, hitzaldi bat eskainiko du asteazken honetan.

Azpeitiko Udalak gogorarazi duenez, iaz bezala, ibaiaren garbiketa «Urola Bizirik taldeak eta beste hainbat herritarren eskaerei erantzunez» gorpuztu da, eta, bideo baten bidez, Udalak Urolatik ateratako zabor mota bakoitzaren kantitatea ezagutarazi du: «220 kg egur, 540 kg txatarra, 340 kg plastiko gogor, 180 kg ontzi arin, 4.430 kg errefuxa eta 160 kg gurpil; 5.780 kg guztira».

Ibaitik ateratako hondakin kopurua ikusita, Eguzki elkarte ekologistak Azpeitiko Udala zoriondu du sare sozialen bidez eta kutsu honetako bilketak «herri guztietan» egin beharko liratekeela adierazi du.

 

Garbiketa eremuari dagokionez, Udalak zehaztu du zabor hau Txerloia eta Lasao bitarteko 9,8 kilometroko ibai tartetik eskuratu duela 15 egunetan zehar hirugarren enpresa bateko sei lagunek egindako lanari esker.

Herritarrak ingurumenaren eta ibaiaren zaintzaren aferan kontzientziatzeko xedez, Udalak erakusketa bat antolatu du Sanagustin kulturgunean. Konkretuki, batutako zaborra erakutsiko duten 30 argazkiz osatutako erakusketa bat egongo da ikusgai maiatzaren 9tik 29ra bitartean. Hortaz gain, maiatzaren 11an, asteazkenean, egindako lana aurkeztuko dute hitzaldi baten bidez.

Azkenik, Udalak nabarmendu du ikastetxeei ere eskainiko zaiela erakusketa bisitatzeko, egindako lanaren inguruko bideoa ikusteko eta Urola Bizirik taldeko kideen azalpenak jasotzeko aukera.