INFO

Sri Lanka sutan da Rajapaksatarren dinastiaren kontra, krisi ekonomikoak jota

Mahinda Rajapaksa Sri Lankako agintari gorenak egun duen lehen ministroaren kargua uzteak ez du herri matxinada eten eta jendeak bere egoitza erre eta Poliziaren goi kargu bati eraso egin dio. Dozenaka dira erasotutako kargu publikoak, krisi ekonomi larriak eragin duen haserrearen ondoren.  

Mahinda Rajapaksa lehen ministroa eta bere anai txikia Gotabaya presidentea. (Ishara S. KODIKARA | AFP)

Mahinda Rajapaksa lehen ministroak bere kargua utzi zuen atzo astelehenean bere jarraitzaile talde batek herri matxinadari aurre egin eta zortzi hildako, tartean diputatu bat, eta ehunka zauritu eragin ondoren.

Sri Lankak matxinada bizi du azken asteetan eta jendea kalera atera da jakien, erregaien eta botiken falta salatzeko, Asiako herrialdea independentzia 1948an eskuratu zuenetik pairatzen ari den krisialdirik larrienean.

Atzokoa egun odoltsuena izan zen. 2005-2015 urte bitartean presidente izan zen eta tamilen herriaren aurkako gerra odoletan irabazi zuen Mahinda Rajapaksa lehen ministroaren jarraitzaileek Temple Trees egoitza ofizialean bere dimisioa era baketsuan eskatzen zutenen aurka egin zuten.

Ondoren bere anaia eta Sri Lankako presidentea den Gotabaya Rajapaksak ere kargua uztea exijitzen dutenen aurka jo zuten makilekin eta gurdin-barrekin. Poliziak ez zuen ezer egin.

Ordura arte era baketsuan protesta egiten zuen jendea haserretu eta gobernuaren aldekoak diren 70 politikarien etxeak eta 140 kotxe erre zituen Kolonbo hiriburuan eta Weeraketiya Rajapaksatarren jaioterrian.

Tamilen borreroa

Mahinda Rajapaksa lehen ministroak, 2009an presidentea zenean Tamilen Tigreak erakunde armatuaren suntsiketa aldarrikatu zuenak, dimisio-eskutitza aurkeztu zion bere anai gazte eta presidenteari baina horrek ez du jendearen haserrea baretu.

Matxinoak kalean dira gaur eta kontrolak ezarri dituzte errepideetan gobernuaren jarraitzaileak bilatu eta atzemateko, eta aireportuak kontrolpean dituzte Rajapaksatarrek ihes egin ez dezaten. Izan ere, teorian boterea duen presidentearen dimisioa ere exijitzen dute.

Sri Lankan benetako poterea zuen Mahinda Rajapaksak bere egoitzatik ihes egitea lortu du gaur goizean baina kostata.

Jendea egoitzan sartzen saiatu da gauez atxilotzeko baina Poliziak tiroka erantzun egin die.

Deshabandu Tennakoon Poliziaren inspektore nagusi ordezkoa ospitalera eraman behar izan dute zauri larriekin egoitzatik kotxean irtetzen ari zela matxinoek ezagutu eta zauritu dutenean.

Kolonboko Poliziaren arduradun gorena da eta Sri Lankako poliziaren hierarkian bigarrena. Bere bizitza ez dagoela arriskuan ziurtatu du Gobernuak.

Krisi ekonomikoa

22 milioi biztanle dituen Sri Lankan jendea sutan jarri zuen argindarra egunero 13 orduz ixteko gobernuak martxoaren bukaeran hartu zuen erabakiak.

Sri Lankan krisiak 2021. urte amaieran eztanda egin zuen, Gobernuak petrolio errefinategi bakarra itxi zuenean. Bere asmoa petrolio gordinaren inportazioak suposatzen duen dibisen gastua murriztea zen.

Izan ere, herrialdeak turismoaren beherakada bizi izan du pandemiaren eraginez azken bi urteetan, Sri Lanka 2019ko Pazkuako atentatu yihadisten ondoren (269 hildako eta 400dik gora zauritu) errekuperatzen hasten zenean hain juxtu ere.

Egoerak okerrera egin du urtean zehar eta Gobernuak kanpokaldera ordainketa-etendura iragarri zuen apirilean.

Jendearen haserreak eraginda ministro guztiek dimisioa aurkeztu zuten ondoren, baina Rajapaksatarrak gabinete txikia izendatu zuten.

… eta politikoa

Horrek ez zuen krisi politikoa amaitzea lortu eta gobernuaren aldeko koalizioaren 42 parlamentarik kargua utzi zuten, exekutiboaren gehiengoa kolokan jarriz.

Oposizioaren aldeko alderdi nagusiak, Samagi Jana Balawegaya (SJB), bi zentsura-mozio aurkeztu zituen aurreko astean, presidentearen eta gobernuaren aurka.

Badirudi Parlamentuan nahiko babes duela Gobernuak, aste honetako bozketaren ostean.

Jendearen babesa ez duela dirudi, hala ere. Presidenteak batasun nazionala bermatzeko gobernua proposatu du baina ez du oihartzun handirik izan.

Bitartean, Gobernuak milaka soldadu eta polizia atera ditu kalera eta salbuespen egoera inposatu du gaur matxinadari aurre egiteko.