INFO

‘Nire Uztapide’ berrargitaratu dute Zestoako bertsolariaren izana errekuperatu asmoz

Pako Aristik duela hogeita bi urte idatzi zuen ‘Nire Uztapide’, eta Jon Zabaletak ilustratu zuen irudi koloretsuz. Erein argitaletxeak berrargitaratu egin du orain, bestolariaren izena eta izana berreskuratu nahian Zestoako udalak egindako ahaleginaren ondotik.

Ezker eskuin, Mikel Arregi, Zestoako alkatea; Pako Aristi, egilea; eta Jon Zabaleta, irudigilea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ez zuen gida-baimenik, baina Euskal Herri osoa zeharkatu zuen hainbat aldiz txapelketa batetik bestera joateko. Autoz, taxiz eta trenez mugitzen zen; beste batzuetan lagunen batek eramaten zuen kopiloto, eta zenbaitetan bertsolaritza txapelketako antolatzaileren bat hurbiltzen zen haren baserriraino, oholtza gainera igo zedin. Autodidakta zen, ez zen sekula bertso eskola batean trebatu, eta bertso paperak buruz ikasiaz iaiotu zen tekniketan.

Goizean erosten zituen bertso paperak, eguerdirako irakurriak zituen denak, eta gauerako ikasiak zituen. Manuel Olaizola ‘Uztapide’ 1909. urtean jaio zen, Zestoako Endoia auzoan. Naturaz inguratuta, auzo txiki hartan «mundutik aparte pixka bat eta baliabide gehiegi gabe», eskola handirik gabe eta alboan bertsotan erakutsiko zion inor izan gabe egin zuen ibilbide oparoa bertsotan.

Hori guztia jasotzea eta balioan jartzea zen, hain zuzen, duela hogeita bi urte idatzi eta orain berrargitaratu den ‘Nire Uztapide’ liburua. Pako Aristik idatzi zuen, eta Jon Zabaletak borobildu zuen irudi koloretsuz, xilografia erabiliaz. Erein argitaletxeak bi egileekin asteazken honetan aurkeztu du, Donostian. Euskara apur bat gaurkotu baino ez da egin, eta idazleak hitzaurre bat erantsi du. Bestela, liburua bere horretan berreskuratu da, urtetan deskatalogatuta egon ondoren.

Hastapeneko proiektu hura, Aristik kontatu duenez, Joxean Agirrek bultzatua izan zen, eta Bertsozale elkarteak babestu zuen. Helburua, gazteriari bertsolari batzuen figurak gerturatzea eta ezagutzera ematea zen. Hala, hiru ale egin ziren: Koldo Izagirrek Pernando Amezketarrari buruz idatzi zuen, Joxean Agirrek berak Txirrita jaso zuen, eta Aristik Uztapide.

«Bi zati zituen asmo hark –kontatu du Aristik–: guk haien bizitza nobelatzea, pasarte bitxiak bildu eta gazteentzat erakargarri egitea bertsolari zaharren biografia. Hala, gazteen joera eta estetikara hurbildu ginen. Hiru liburuak oso txukunak gelditu ziren, baina bigarren zatiak ez zuen funtzionatu: ez ziren gehiegi hezkuntzan sartu, huts egin zuen», aitortu du.

Mikel Arregi Zestoako alkateak ez zuen liburu hauen berri kasualitatez hitzaldi batean zegoela Koldo Izagirrek Uztapideri buruzko lana aipatu zuen arte. Lana berreskuratzearekin tematuta, haritik tira eginez heldu zen Aristirengana. Hark utzi zion etxean zuen ale bakarra.

«Honen guztiaren atzean hausnarketa bat jarri nahi dugu herri bezala: kezka bat daukagu hizkuntza ohiturekin, kultura transmisioarekin. Uztapide, garai hartan kultur erreferentea izan zena, ohartzen ari ginen gure herrian nerabe eta gazteek ez zutela ezagutzen. Eta hau ez da Zestoan bakarrik gertatzen. Euskaldunok kultura gutxitu bezala badugu erronka», adierazi du alkateak.

Pasadizo bitxiak

Bertsolaritzako teknikak bertso paperak buruz ikasitakoa, «ausardia handiaz» 1936. urtean bertsolari txapelketa nagusira aurkeztu zen, Donostiako Victoria Eugenian antzokian antolatuta zegoen saiora. Gerra baino sei hilabete lehenago izan zen. Autodidakta zenez, ez zekien txapelketan zer egin behar zen eta Tolosara joan zen kanporaketa bat ikustera. «Puntuak nola ziren, agurra kantatu behar zela, kanporaketak zirela… ikusi eta ikasi zuen. Bera anarkikoa zen bertsolari bezala, lagunartean aritutakoa, ez zekien ofizioka kantatzea zer zen», kontatu du Artistik, liburuan jaso dituen hainbat pasadizo konpartituz.

Egun bakar batean ikasi zuen txapelketa batean egin behar zen guztia, eta 27 urte zituela txapela irabazi zuen Victoria Eugenian. Hala ere, ez zuen berak jantzi. Uztapidek berak urte asko ondoren aitortu zuenez, antolatzaile bat hurbildu zitzaion eta hala esan zion: «Manuel, zuk irabazi duzu txapelketa, baina Txirrita zaharra da, eta zu berriz ere etorriko zara. Txirritari ematea erabaki dugu txapela». Hala erantzun zuen: «Jakina, premioetan sartzerik ere ez nuen espero». Handik sei hilabetera hil zen Txirrita.

Kontaketa egiteko oinarri bezala erabili zituen Pako Artistik bere memoria liburua ‘Lehengo egunak gogoan’, eta Lasarte bertsolariak idatzi zuen ‘Uztapide gogoan’. Joxe Krux Ezeiza ‘Kaxka’ oiartzuarrak kontatutako gauzak ere jaso zituen, bera ibili zen omenaldiz omenaldi berekin azken urteetan. «Esaten den guztia egia da, baina forma nobelatua du», azaldu du egileak.

Uztapiderena da ere bertsolari guztiei berdin ordaintzeko araua txapelketa eta saioetan. «Behin, saio batean, antolatzaileak etorri eta Uztapideri gehiago eta gazteari gutxiago ordaindu nahi izan ziotenean, berak ezetz. Eta ezetz. Arau hori hamarkada askotan ezarria izan zen. Orain baremoak daude, baina denbora luzez agindu duen arauak Uztapidek ezarria zen, igualitarismoaren zentzu sakon sakon bat zuen».

Bertso-astea Zestoan

Zestoan bertan ezagutarazi asmoz, alkateak kontatu duenez, nerabe guztien artean banatuko da eskolan, eta unitate didaktiko bat lantzeko ere asmoa badute. «Hezkuntza sistemak hutsune bat dauka. Kultura transmisioarena ez da hezkuntzaren ardura bakarrik, gizartearena ere bada, eta gu erakunde bezala, udal bezala ere, zorretan gaude».

Liburua «aitzaki» hartuta, ‘Uztapide plazara’ antolatu du udaletxeak, ekimen ezberdinez osatutako astea, hilaren 17tik aurrera. Hitzaldi ziklo bat eta liburuaren aurkezpen musikatua izango dira, besteak beste. Xabier Amurizak ‘Uztapide, bertsotik prosara’ hitzaldia eskainiko du 19an, eta maiatzaren 22an txapeldun izan direnekin bertso jaialdi bat ospatuko da herriko kiroldegi nagusian, 18.30etan. Bertan izango dira Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabier Amuriza.