INFO

EH Bai eta Resistons mugimenduaren hautagaiak, aurrez aurrez Oloron irratian

Oloron irratiak hauteskunde legegileei begira antolaturiko eztabaida izan zen bart. Laugarren barrutian lehiatuko diren Julien Lassalle eta Egoitz Urrutikoetxea, hurrenez hurren Resistons eta EH Baiko hautagaiek herritarrek proposaturiko gaitegiaren gainean haien proposamenak aletu zituzten.

Oloron irratian ordubetez eztabaidan aritu ziren Egoitz Urrutikoetxea eta Julien Lassalle. (@radiooloron)

Heldu den astelehenean zabalduko da hauteskunde legegileetarako zerrendak erregistratzeko prozedura. Izan ere ekainaren 12an iraganen den lehenengo itzulian presente izanen diren hainbat hautagaik aurkezpen ekitaldiak egin dituzte azken egunotan.

Euskal Herriko eta Biarnoko herriak metatzen dituen laugarren hautes barrutian Jean Lassalle izan zen garaile aurreko bozetan. Aurten Julien bere ere anaia aurkeztuko da bere ordez diputatu kadira atxikitzeko esperantzaz.

Julien Lassalle ez da hautagai bakarra, zerrenda kopuru handia baita aipaturiko barrutian.

Gaur gaurkoz hauek dira zerrendaburuak hautes barruti horretan: Iñaki Echaniz izanen da ezker hexagonalak eratu berri duen herritar batasun berri ekologiko eta sozialak izendatu duen hautagaia.

Izan ere ekologistek ez dute ontzat hartu izendapena eta Julien Brunelen hautagaitza mantentzeko erabakia hartu dute.

Euskal Herria Baik Egoitz Urrutikoetxea hautatu du hautagai gisara.

Pauen kontseilaria den Annick Troundayek ordezkatuko du Ensemble izena hartu duen Macronen aldeko gehiengoaren hautagaitza.

Ressemblement National eskuin muturreko alderdiak Josiane Lopez izendatu du eta eremu berean lehiatuko den Reconquete alderdiak Margaux Taillefer aurkeztuko du. Animalien defentsan jarduten duen alderdiaren izenean Paul Darnet lehiatuko da hauteskunde kanpainan.

Herritarrek finkaturiko eztabaida gaiak

Hauteskunde kanpainari begira Oloron irratiak formatu berezia hautatu zuen bart gauean antolatu zuen eztabaidarako.

Herritarren kezka eztabaidaren erdian jarri nahian Oloroeko karriketara atera ziren irratiaren boluntarioak buruz buruko horren mamia osatzeko.

Estudioan berriz Resistons mugimendua ordezkatuko duen Julien Lassalle bera, eta bere aurrean Euskal Herria Baiko hautagai den Egoitz Urrutikoetxea aritu ziren.

Julien Lassallek «artzaintza eta gazna»ren alde jardun duen militante gisa aurkeztu zuen bere burua. Erretreta hartu berria, «Pirinioetako bailaretan bizi diren herritarren» gogoak Parisko Asanblea Nazionalean entzunarazteko «gogoa piztu zaiola» azaldu zuen, bere mugimenduak oro har 200 bat hautagai aurkeztuko dituela Hexagono mailan baieztatu aitzin.

Bere aldetik, Egoitz Urrutikoetxeak gizarte zibilarekin batera garatutako ibilbide kolektiboaren jarraipen gisara azaldu zuen EH Baik frantses hauteskunde legegileetara aurkezteko erabakia.

Erabaki guztiak herritarrengandik ahal den eta hurbilen hartzea eta lurraldearen araberako dinamikak hobestea, horiek lirateke ezkerreko hautagaitza abertzalearen xede nagusiak ekainaren 12 eta 19an iraganen diren bozetan parte hartzeko.

«‘Herrian bizi, lan eta erabaki’ leloak ondo baino hobeto laburbiltzen du gure proposamena» borobildu zuen hautagai zuberotarrak.

«De Gaulle jeneralak berak aitortzen zuenez ezpata baliatuz egin zen frantziar uniformizazioa»ri aurre egiteko xede oso bestelako eremuetan, berdin hizkuntza edo nekazaritza biziarazteko, blaunaldiz belaunaldi Euskal Herriak plantan eman zituen erresistentziak defendatu zituen.

Izan ere arazo sozialak izan ziren entzuleek hala eskatuta eztabaidaren ardatz nagusia.

Krisi soziala eta ekologikoa izpide

Ipar Euskal Herriko barnealdean zein Biarnon 1.100 euro baino gutxiagorekin bizitzera beharturik daudela herritar anitz oroitarazi zuen EH Baiko ordezkariak.

Horrendako oinarrizko soldata 1.500 euroan ezartzea proposatu zuen, baita inflazioaren arabera soldatak berehala igotzea ere. Era berean, prekariateari aurre egiteko Gizarte Segurantzak osasun gastuak %100ean beregain hartzea defendatu zuen.

Bestalde, etxebizitza eta laborantza lurren gaineko espekulazioaren aurrean egoliarraren estatusa ezartzea defendatu zuen EH Baiko hautagaiak. «Hori izanen da Asanblea Nazionalera eramanen dugun lehenengo neurria», iragarri zuen Urrutikoetxeak.

Julien Lassallek «gustuko dut» erantzun zuen bigarren etxebizitzen emendatzeari oztopoa ezarriz bizileku bat erosi ahal izateko hiru urteko erroldatzea baldintza gisara ezarriko lukeen dispositibo horri buruz.

Resistons mugimenduaren burua «Frantzian enplegua garestiegia delako» kexu azaldu zen, kotizazio sozialen gaineko sistema zalantzan jarriz.

Era berean atzerritik heldutako mozkinen gaineko tasak ezartzeko beharra azpimarratu zuen. Damu azaldu zen «Frantzian denetarik landatzeko lur adina ukan arren, Hollande eta Macronen gobernuekin 100.000 nekazal esplotazio desagertu direlako».

Hautagai ruralista kritiko azaldu zen ingurugiroa babesteko xedez gobernuek bata bestearen atzetik hartu dituzten «gure aurkako neurriekin». Preseski, «ekologia zigortzailea» jarri zuen jomugan, hala nola basoen ustiaketari ezarritako mugak zalantzan jarriz. «Natura ederra da baina nik gizakiaren jarduerak nahi ditut defendatu natur eremu guztietan», laburbildu zuen.

Parke eolikoen aurka mintzatu zen hautagai biarnesa, laborantza lurren desertifikazioa areagotzen dutelakoan. Aldiz, energia nuklearra defendatu zuen.

Proposamen horien aurrean, Urrutikoetxeak krisi soziala eta ekologikoa ezin direla bata bestearengandik banandu ohartarazi zuen.

Fiskalitate justuago bat

Kapitalanen gaineko fiskalitatea handitzea defendatu zuen, besteak beste dirutza handien gaineko zerga berreskuratuz. Langileen gaineko zergatze maila orekatzeari begira, finantza transakzioen gaineko zerga ere defendatu zuen.

«Balio erantsiaren gaineko zerga apaldu behar da eta epe ertain batean desagerrarazi ere», gehitu zuen, zerga injustua dela oroitaraziz.

Klima larrialdiaren aurrean hartu beharreko erabakiei buruz oso bestelako ikusmoldeak erakutsi zituzten bi hautagaiek.

«Gasolioa baliatzen dugulako jazartzen gaituzte, baina landa eremuan bizi garenok behar dugu alde batetik bestera joan», bota zuen une batean Lassallek.

Karbonoaren gaineko zerga defendatu zuen, ordea, Urrutikoetxeak, klima aldaketari erantzutearekin batera urrutitk heldutako merkantzien joan-jinak murriztu eta bertako ekoizpen eta zirkuitu laburren garapena ahalbidetuko lukeelakoan.

«Energia nuklearraren gaineko benetako eztabaida irekitzea ezinbestekoa da, ez baita ez garbia ezta merkea ere; are, ondoko belaunaldien bizitza hipotekatzen duen energia iturria dela jakin behar da», adierazi zuen EH Baiko hautagaiak.

Ildo beretik, 2050. urterako energia iturri berrizatzaileak %100 izateko engaiamendua bere egin zuen.

Beste gai batera igarota, landa eremuetan arazo larria sortzen duen zerbitzuen desagerpenari aurre egiteko beharra defendatu zuten bi hautagaiek.

Pandemiaren garaian Parisek martxan eman zituen «askatasunen aurkako neurriak» salatu zituen Lassallek, hala nola txerto pasea.

Urrutikoetxeak pandemia garaian harturiko hainbat erabakiren bidez bere agintaldian zehar azkartu zen zerbitzu publikoen desagerpenaren eraginak estali nahi izana egotzi zion Emmanuel Macroni.

Lassallerekin bat eginez txertoa ezarri ez zuten osasun langileen aurkako zigorrak gaitsetzi zituen, ahal den eta azkarren horiek beraien lanpostuetara itzultzea eskatuz.

Landa eremuetan oro har dagoen mediku eta osasun zerbitzuen aurrean neurri eraginkorrak hartzeko beharra mahaigaineratu zuten, bakoitzak bere ikuspuntutik, bi hautagaiek. Oloroeko erietxea kinka larrian delarik, «osasun zerbitzuen aurrean berdintasun eskubidea» aldarrikatu zuen Lassellek. Oloroeko erietxea soilik ez Mauleko ospitalean izandako krisia aipagai izan zuen Urrutikoetxeak «pribatizazioaren logikoa hausteko» deia luzatu zuen.

Agurtzerako orduan, hautatua bada «lurraldearen ordezkaria izanen naiz», hitza eman zuen Jean Lassalle diputatuaren anaiak.

«Gure gizartearen kezkak eta gure lurraldearen asmoak agerrarazi nahi ditugu, baina argi izanik gure jardueraren grabitate zentroa hemen dagoela, ez Parisen», gaineratu zuen, bere aldetik, Egoitz Urrutikoetxeak.