INFO

Hoteletako xaboi-pastillak birziklatu dituzte ume zaurgarriak gaixotasunetatik babesteko

Clean the World GKE estatubatuarrak hoteletan berrerabili ezin dituzten xaboi-pastillak batzen ditu birziklatu eta pertsona behartsuei musutruk emateko. Ekimenaren helburua, baliabide gutxiko pertsonei beraien higiene beharrak asetzen laguntzea da.

Clean the World-ek sortutako xaboi-pastilla batzuk. (Clean the World)

Clean the World Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) estatubatuarrak hoteletan berrerabili ezin diren kortesiazko xaboi-pastillak batu eta birziklatzen ditu pertsona behartsuei emateko. Ekimenaren helburua pertsonak, bereziki umeak, eskuak garbituz ekidin daitezkeen gaixotasun potentzialki hilgarrietatik –kolera, beherakoa edo neumonia kasu– babestea da. Ondorioz, gaurdaino, GKEak 70 milioi xaboi-pastilla banatzea lortu du 127 herrialdetan zehar.

Clean the Worlden sortzaileak, Shawn Seiplerrek, teknologia enpresa bateko salmenta departamentuan egiten zuen lan, eta bere ogibideagatik, sarritan bidaitu eta hoteletan lo egin behar izaten zuen. 2008an, ordea, galdera bat etorri zitzaion burua: «Zer gertatzen da beste bezero batzuei eskaini ezin dizkioten xaboi-pastillekin?». Seiplerrek harrerako beharginei galdetu zien xaboi soberakinen patuaren inguruan, eta hauek zakarrontzian amaitu ohi zuela erantzun zioten.

Hori entzutean, xaboi hori nolabait birziklatu zitekeela otu zitzaion, urtero 9.000 haur hiltzen baitira mundu osoan higiene apropos batek ekidin ditzakeen gaixotasunek jota. Horregatik, Seiplerrek harro adierazi du Clean the Worldek egiten duen lanak bost urtetik beherako haurrengan higiene faltarekin lotutako gaixotasunen hilkortasun tasa, 2009tik 2020ra bitartean, %65 murrizten lagundu duela.

Hori horrela, proiektuaren hastapenetan, Seiplerrek eta bere ingurukoek patatak zuritzeko erabiltzen diren tresnak harturik, inguruko hoteletatik jasotako xaboi hondarrak birziklatzeari ekin zioten.

Ondorioz, AEBn bakarrik, hoteletako mila tona xaboik baino gehiagok zaraman amaitzea saihestu zuten. Urteek aurrera egin ahala, 8.100 ostaturekin baino gehiagorekin sinatu dituzte hitzarmenak, Marriott, Hyatt, Hilton edo Walt Disney Resorts bezalako kate handiekin barne, zeinek mundu mailan 1,4 milioi logela kudeatzen dituzten.

Lurralde zaurgarriak

Lehenengo xaboiak Floridako ongintzako erakundeei eman zizkieten, eta handik gutxira, kasualitatez, Haitira beste karga bat eraman zuten, 2010ean 300.000 pertsona ingururen heriotza eragin zuen lurrikara baino zertxobait lehenago.

Karga horrek 2.000 xaboi-pastilla zituen eta eliza lokal batean banatu zituzten, bertara 10.000 kaltetu baino gehiago hurbildu zirelarik. Handik aurrera «hiru milioi xaboi-pastilla inguru bidali ditugu inguru horretara, eliza horretara, ama horiengana, xaboi-beharrak eta higiene-beharrak aseta dituztela ziurtatzeko», azaldu du Seiplerrek.

Haiti eta AEBz gain, askoz lurralde gehiagotara iritsi dira gainazalean haur baten marrazkia duten xaboi-pastillak: erdialdeko Amerikara, Ekuadorrera, Dominikar Errepublikara, Mexiko eta AEB arteko mugara, Somaliara eta Siriara, besteak beste.

Gainera, Clean the World-ek aurreratu du xaboia, txanpua eta hortzetako pasta dituzten higiene kit-ak bidaliko dituztela aurki Errumania eta Poloniara, Ukrainatik heltzen ari diren errefuxiatuei beraien higiene beharrak asetzen laguntzeko xedez.