Bera Beraren milagarren partida gorengo mailan liga garaipena etxean ospatzeko
Ligako garaikurra maiatzaren 20ko partidan jasoko du, Rocasaren aurkakoan, baina liga garaipenaren ospakizunik izango da larunbat honetako partidan. Zonzamasek bisitatuko du Gasca, talde txapeldunari harrera eginez. Gainera, igandean, Anoetan ohorezko sakea egingo du Bera Berak.
Mila partida elitean, 661 garaipen, 284 porrot. Bera Beraren zenbakiak dira eskubaloiko goi-mailan. Jokatu dituen partiden %28,4 galdu ditu bakarrik; hau da, orotara, partiden bi heren irabazi dituela. Talde txapeldun baten zenbakiak dira, jakina eta taldearen bilakaera ere islatzen dute. 1990eako irailean egin zuen debuta goi-mailan eta geroztik 999 partida jokatu ditu, horietako gehienak ligan, jakina (791). Ligako estatistikak are esanguratsuagoak dira: 542 partida irabazi, 42 berdindu eta 205 galdu. Alegia, bost partidetatik bakarra galdu duela ligan. Europan, Kopan eta Superkopan ere –hemen kontuak estuago dauden arren, 7 irabazi eta bost galdu–, garaipenak dira nagusi.
Zortzi liga irabaztea ez da kasualitatea. Azken hamar urtean irabazi ditu liga guztiak eta Imanol Alvarez entrenatzaileak hedabide honi emandako elkarrizketan azaldu legez, «gauzak zentzuz eta tentuz» egin ditu Bera Berak eskubaloiak jasan zuen krisia gainditu eta onenen artean kokatzeko.
Hogeita bi urte elitean eta hogeita bat titulu poltsikoratu ditu, horietako gehienak mende berrian, hastepenean jarritako hazien fruitu moduan. Hala, larunbat honetako partida ez da edonolakoa izango, festa kutsua izango du, nahiz eta liga garaikurra ukitzeko apur bat gehiago zain egon beharko duten. Xixonera joan ziren zenbait zale baina etxean ospatzea bestelakoa izango da.
Zonzamasek bisitatuko du Gasca eta espero da liga txapeldunari harrera egitea. Maila galdu dute kanariarrek, denboraldi osoan partidarik irabazi gabe –oraingoz behintzat– eta soilik bi puntu batuta, berdinketa banatan.
Larunbatean zaleekin lehendabiziko ospakizuna eta igandean, Anoetan, Reala eta Alavesen arteko partidan, ohorezko sakea egingo du berriki irabazi duen zortzigarren liga txapelketagatik.
Zuazok, asteazkenean, Malagan
Zuazok, bestalde, asteburu honetan atseden izango du. Malaga Europako txapelketa jokatzen dagoenez, partida atzeratu egin du eta asteazkenean jokatuko da bien arteko 24. jardunaldia.
Ezer gutxi egongo da jokoan partida honetan. Bizkaitarrek oraindik aukerekin jarraitzen dute zortzigarren bukatzeko –Granollers bost puntura dago– eta hori izango da motibazio iturria.
Pasa den astean, Sant Quirzeren aurka lortutako garaipenaz gain, Naia Puigbo pibotea kantxara itzultzea izan zen poztasun handiena. Bizkaitarrak lesio larria izan zuen denboraldi-aurreko lehen egunean eta zortzi hilabete beranduago, sasoiko lehen minutuak jokatu zituen; gainera, hiru gol sartu zituen.