INFO
Entrevue
Arianne Kareaga
KoopFabrika-ko koordinatzailea

«Tokiko ekosistema kooperatiboak martxan jartzen lagundu nahi dugu»

Ekimen kooperatiboak eta lurraldetasuna jorratu ziren KoopFabrikak antolatuta otsailean Arantzazulaben egin zen jardunaldian. Bertan, Kataluniako eta Euskal Herriko esperientziak partekatu zituzten. Arianne Kareagaren hitzetan, «tokiko ekosistema kooperatiboak martxan jartzen lagundu nahi dugu».

Arianne Kareaga. (Gorka RUBIO | FOKU)

Orain dela hamalau urte, 2008ko krisiaren ondoren, oso prestatu zeuden gazte asko zegoen lanik gabe eta ziklo aldaketa bat igartzen zen. Bergarako eta Hernaniko udalek paraleloki ekintzailetza sozial eta kooperatiboa pizteko ekimen kolektiboak abian jarri zituzten, eta, aldi berean, Olatukook kooperatiben sorrera sustatzen ari zen. Horietatik KoopFabrika jaio zen 2016an Gipuzkoako Aldundiak finantzatuta. Egitasmoko koordinatzaile den Lankiko ikertzaile Arianne Kareaga (Bergara, 1979) GARArekin mintzatu da  osatu duten ereduaz eta hura zabaltzeko nahiaz.

Ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzen du KoopFabrikak. Zertan bereizten da?

Eraldaketa soziala bilatzen du. Jarduera ez da horren garrantzitsua, justizia sozialean oinarritu eta egungo erronkei erantzungo die: iraunkortasuna bermatu, ingurumenari lotu, balio feministei... Lurraldeko beharrekin lotzen dugu, horiek identifikatu eta bestelako ekimen ekonomikoak martxan jartzea elkarlanean, bai barrura begira, antolaketa demokratikoan, bai kanpora begira, besteekin lehia terminoetan beharrean, elkarrekintzan jardunez.

Zer eskaintzen die KoopFabrikak bertan parte hartzen dutenei?

Bidelaguntza. Harrera bat egiten dugu ekintzailea edo taldea eta proiektua ezagutzeko, eta esleitu egiten zaizkio bidelaguna –bat edo bi– eta formazioa. Formazioa bi gauzatarako: batetik, klabe hauetan jarduteko ezagutzak eta edukiak eskuratzeko, eta, bestetik, elkargune moduan. Hortik pasatu direnengandik ikasteko eta testigantza soziala jasotzeko, topagunea eta ezagutza partekatzeko leku bat. Baita saretze baten parte izatea ere, jardunaldi edo topaketetara deitzen baititugu.

Ekimen ekonomikoak martxan jartzeaz gain, ze beste helburu dituzue?

Tokiko ekosistema kooperatiboak martxan jartzen lagundu nahi dugu. Horri erantzuten dio, alde batetik, ikerketak eta sistematizazioak, tresnak sortzeak; eta bestetik, bidelagun eskolak, horrelako proiektuak martxan jartzen lagunduko duen jendea formatzea eta gero eta gehiago izatea. KoopFabrikak ekintzailetza sozial kooperatiboa ulertzeko modu oso bat du: Metodologia propio bat, formazioa, tresnak, adierazle sistema... eta ikusten dugu tresna interesgarria dela lurralde ezberdinetan garatzeko.

Beste leku batzuetako ekintzaileen eskura jarri nahi duzue, beraz.

Gure asmoa bada jende bati eskura jartzea, bakoitzak bere lurraldean proiektu kooperatibo eta komunitarioak sortzeko. Olatukoopeko jende asko dabil Pirinioetan eta beste leku batzuetan laguntzen. Interesgarria ez da laguntzera joatea, baizik eta bertako kideak formatzea eurak izateko protagonistak. Horretarako, buruan daukagun proiektu bat Lurralde Eskola Kooperatiboa sortzea da, KoopFabrika tokiko ekosistemen erreprodukziorako sistema moduan. Testuinguru horretan egin ziren Arantzazuko jardunaldiak.  

Aurtengo jardunaldietan Ateneu Cooperatiu-ren esperientzia ekarri zenuten. Zergatik jarri zineten Kataluniara begira?

Norabide horretan doazen politika publiko batzuk oso interesgarriak izango zirela uste dugu eta inspiragarrienak momentu honetan Generalitateak dauzkanak dira. Ateneu Cooperatiuko arduradun Josep Vidal eta lau lurraldeetako esperientziak izan genituen. Guztira 14 ateneu cooperatiu daude, izaera oso desberdinekoak, oso bestelakoa delako Bartzelona hiria, Pirinio ingurua, Girona... Korrontearen kontra doaz, laguntza handia dago bai erakundeen aldetik bai beraiek sortutako saretik. Beste laguntza gehigarri bat ere bada proiektu singularretarako baldintzak eta testuingurua sortzen badira. Ateneuek erraztaile lana egiten dute, lurraldearekiko oso konektatuta. Interesgarria da, ez da bulego batetik egiten den gauza bat; errealitate kooperatiboak kontuan hartzen dituzte politika publikoak egiterakoan. Komunikazio zuzena dago.

KoopFabrikaren seigarren edizioa egin duzue. Ze emaitza eman ditu orain artean?

Aurtengoaren faltan, formazioa 275 pertsona inguruk jaso dute, 110 proiektu bidelagundu ditugu eta hortik 65 enpresa eratu; erdia-edo bidean gelditu dira. Kalkulatzen dugu sortutako enplegua 155 postu ingurukoa dela. Emaitza kualitatiboei dagokienez, ekintzailetza kooperatiborako ziklo eta metodologia oso bat dugu: formazio saio, tresna, adierazle sistema eta bidelagun gida bat. Aurtengo helburu moduan, KoopFabrikako gida osatu eta denen eskura jarri nahi dugu, Lurralde Eskola Kooperatibo horretara salto egin ahal izateko.