INFO

Hego Euskal Herriko hiriburuak Palestinarekin, Nakbaren 74. urteurrenean

Igande honetan betetzen dira 74 urte Israelgo Estatuaren «okupazio, kolonizazio eta garbiketa etnikoaren» politiken hasiera markatzen duen eguna, Nakba. Hego Euskal Herriko hiriburuek Palestinari babesa adierazi diote, elkarretaratze bidez.

Al Jaazerako kazetaria zen Shireen Abu Akleh, eta Bilboko elkarretaratzean oroitu dute. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilboko Areatzan Shireen Abu Akleh kazetari palestinarraren irudi handi batek hartu du protagonismoa Nakba (‘hondamendia’ arabieraz) egunaren mobilizazioan, Israelek Palestinaren aurka baliatzen duen biolentziaren azken adibidea baita emakume mirestuaren heriotza.

Euskal herritarrek eta palestinarrek bat egin dute igande honetan, Nakbaren 74. urteurrenean, hain zuzen. Israelek 1948. urtean abiatu zuen okupazio militarra gaitzesteko, urtero legez egin dira elkarretaratzeak, eta Hego Euskal Herriko hiriburuak ez dira salbuespena izan. Denak egin dira eguerdiaren bueltan, Gasteizen izan ezik. Han, elkartasun festa ospatuko da, iluntzean, Hala Bedi tabernan.

Omenaldia ere prestatua zuten Gernikan. Arrano Kultur elkartea, Gernika-Lumoko Sare, Ipes, Gernika Garretan kultur elkartea eta Gerninako Lobak elkartearen ekimenez, Palestinari babes adierazpen bat eskaini diote.

Gogoratu dutenez, 800.000 palestinar inguru bortxaz kanporatuak izan ziren haien bizileku eta lurretatik, 400 eta 600 herri artean suntsituz bidean. «Konfiskazioak, herrien izen aldaketak, bertako ekosistema aldatzeko landaketak... bide guztiak baliatu zituen sionismoak helburua betetzeko», salatu dute.

Hamarkadaz hamarkada, «politika anexionistari eutsi diote modu ezberdinez, ordutik; Palestinako herriari bakean eta konponbide ezara kondenatuz. 5.000 bat preso palestinar daudela gogoratu behar dugu», erantsi dute.

Milaka eta milaka familia deserrotu dituztela ere gogorarazi du Sabin Ibazeta Gernika Batzordeko kideak. «Deserrotu diogu, hori baita Israelgo Estatuaren helburua: palestinarrak deserrotu eta desageraraztea. Duela 2.000 urte inguru sustraiak bota zituen herria desagerraraztea, eskubide edo mandatu biblikoa aitzakia gisa hartuta. Milaka eta milaka familia erbesteratzera behartu dituzte 1948. urteaz geroztik eta erbestean bizitzera behartzea gutxi balitz, umiliatu ere egin   dituzte».

«Sorterria lapurtu eta betiko kartzelara kondenatuta», Zisjordania eta Gaza kartzelak bihurtu direla salatu dute. «Bertatik ezin atera, ezin amestu eta ezin bizi. Eta tira, hori bizirik jarraitzen dutenek, genozidio honetan hildako palestinarrei aspaldi lapurtu baitzizkieten ametsak».

Manifestua irakurtzearekin batera, Lilibertso taldetik bertso batzuk eskaini dituzte eta Bilbon bezala, Shireen Abu Akleh kazetaria omendu dute.

Israeli boikot egin

Nakbaren harira, Human Rigths Watch edo Amnesty International bezalako nazioarteko erakundeek hainbat txostenetan salatzen segitzen dute Israelek apartheid erregimena ezartzen diela palestinarrei, eta milaka daudela gaur egun haien etxeetatik kanpo. CEAR erakundearen datuen arabera, okupazio militarra eman zenetik, 5 milioi palestinarrek hain lurraldetik urrun joan behar izan dute.

Honegatik guztiagatik, euskal jendartea palestinar herriarekin elkartasuna adieraztera animatzeaz gain, Israeli Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpainarekin bat egitera deitu da sare sozialetan.