INFO

Vila-realen sufritutako Poliziaren «bortizkeria» salatu du Bultzada taldeak

Realeko Bultzada taldeak komunikatu bat helarazi du bere sare sozialetan igandean Vila-realen poliziaren bitartez eta «inongo arrazoirik gabe» sufritutako «bortizkeria» salatzeko. Bost atxilotu eta hamarnaka zauritu, horien artean 20 puntuko buru irekiera bat edota eskumutur hautsi bat, salatu dute.

Bultzada taldeko kideak Realaren ibilbidea jarraituz. (BULTZADA TALDEA)

Realak Europa Leaguerako sailkapena lortu zuen igandean La Ceramica futbol zelaian, jokalari txuri-urdinen ospakizunak zelaian lehertuz. Baina dena ez zen festa bat izan. Izan ere, Bultzada taldeak bere Twitter kontuan salatu duenez, taldeko kideek poliziaren «bortizkeria» sufritu zuten zelaiaren inguruetan partida hasi baino lehen.

Bultzadak adierazten duenez, dena «ondo» zihoan, «jende desberdina batu eta denok batera trago eta barre artean, ume zein heldu, emakume zein gizon, ospakizunean aritu ginen polizia bere uniforme, arma eta jarrera bortitz eta autoritarioan agertu zen arte».

Momentu horretan polizia parketik ateratzen zen «oro» identifikatzen hasi zen. Taldeko arduradunak horren zergatia galdetzera joan zirenean, Poliziaren erantzuna izan zen «era bortitz batean kargatzen hasi zirela», «jai girorako zaletuen eskubidea guztiz urratuz», salatu du Bultzadak.

Egoera lasaitzea lortu bazuten ere, ondoren «etxe eta adreilu artean (testigurik ez zen leku batean) berriro ere inongo arrazoirik gabe Bultzadako kideak jipoitzen hasi ziren, lurrera erori zen oro golpatuz». Ez hori bakarrik, baizik eta «pimientazko sprayez eta porrak» erabili zituen baita ere Poliziak, eta «antidisturbioak taberna guztietara sartu ziren Bultzadako kide desberdinen bila», gaineratu du taldeak.

Egoera honek «bost atxilotu eta hamarnaka zauritu» utzi zituela azpimarratu du Bultzadak. «Ukalondo bat txikituta, 20 puntutako buru irekiera bat, eskumutur hautsi bat eta hamarnaka porrazo eta kolpe zaletuen gorputzetan» izan zen horren islada.

Hau guztiarengatik, Bultzada taldeak «argi» utzi nahi du «ez dugula inolako erasorik onartuko eta gure taldea animatu eta zaletuen eskubideen defentsan tinko mantenduko garela».

Realaren Lagun Taldeak babesa erakutsi du

Bultzada Taldeak salatutako egoera eta hurrengo egunera, Realaren Lagun Taldeak beste ohar bat helarazi du «gertakarien aurrean gaitzespena erakusteko» eta «poliziaren bitartekotza neurrigabea» izan zela azpimarratzeko. Halaber, egoera hori zergatik sortu zen «beharrezko azalpena» eskatzen du taldeak.

«Aipaturiko erasoan zaurituak izan ziren Realeko zaleak azkar osatu daitezen opa diegu RLT Realaren Lagun Taldetik», amaitu du komunikatua.