INFO

Ikus-entzunezko Lege berrian euskararen «presentzia» bermatzeko eskatu dute

Hainbat eragilek Donostian egin duten agerraldi batean Lege horrek euskararen «etorkizunean eta berreskurapen prozesuan izango duen eragin handia» nabarmendu dute eta, hori dela-eta, «gure hizkuntzaren presentzia duina bermatzeko gutxieneko neurriak jasotzeko» eskatu.

Ikus-entzunezko lege orokorrak jaso beharreko gutxienekoak eskatu dituzte. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ostegun honetan espainiar Kongresuak Ikus-entzunezko Lege berriaren eztabaidari ekingo dio, eta horren atarian, Kike Amonarriz, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Iban Arantzabal, Tokikom-eko presidentea; Igor Astibia, Hekimen-eko koordinatzailea; Alex Aginagalde, Pantailak Euskarazeko bozeramailea; eta Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, elkartu dira Donostian.

Bilbaok eta Aginagaldek agerian utzi dute Lege horrek euskararen «etorkizunean eta berreskurapen prozesuan izango duen eragin handia», eta horregatik, «gure hizkuntzaren presentzia duina bermatzeko gutxieneko neurriak jasotzeko» eskatu dute.

Azken hilabeteotan ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia bultzatzera bideratutako «Netflix Euskaraz», «Disney+ Euskaraz», «Filmin Euskaraz», «Zinemak Euskaraz» edo «3000 Twitz» ekimenak goraipatu dituzte. «Eskubideen bermeaz ari gara, baina horretaz gain, beharra dago eta herritarrak eskatzen ari dira. Pantailak Euskaraz manifestuaren inguruan izandako adostasun zabalean eskaera batzuk jaso ziren ikus-entzunezko legeari dagokionez» adierazi du Aginagaldek.

Legearen eztabaidan haiek egindako ekarpenak ez direla kontuan hartu deitoratu dute. «Ez gureak, ez gainerako berezko hizkuntzen alde lan egiten duten eragileenak ere» esan du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Azaroan, espainiar Gobernuak Kongresura helarazi zuen lege-proiektua, berezko hizkuntzei zegokienez «aldaketa esanguratsurik gabe» eta eragileek egindako ekarpenak zuzenketa bihurtu eta euskal alderdiei bidali zitzaizkiela ekarri dute gogora. Paul Bilbaoren hitzetan, «alderdiek zuzenketak egin dituzte, eta batzuen eta besteen artean, guk egindako ekarpenak jasota daudela esan daiteke. Horrek ez du esan nahi legeak jasoko dituenik, noski».

«Egokitzat jo dugu, esaterako hamabi urte bitartekoentzat eduki batzuk bermatu behar izatea. Halere, kontuan hartuta lege honek hurrengo urteetako eskaintza arras baldintzatuko duela, beharrezkoa da modu osoagoan egitea eskaera», gaineratu du.

Ostegun honetan Kongresuko Ponentziaren Batzordean aztertuko dira lege proposamenari alderdiek aurkeztutako zuzenketa guztiak, bai eta erdibideko berriak ere, baina ez dira oraindik bozkatuko.

Gaurkoan, Legeak euskararen «gutxieneko presentzia berariaz arautzeko beharra» nabarmendu dute eta, bide horretan, hainbat proposamen egin dituzte. Alde batetik, «hizkuntza gutxitu bakoitzari, gutxienez, %8 esleitzea». Bestalde, «katalogo orokorrean berezko hizkuntza gutxituei %40 esleituko zaie, baina halabeharrez jasoko da hizkuntza bakoitzak gutxienez %12 izango duela».

Era berean, diru publikoz egindako lanetan «euskarazko, katalanezko eta galizierazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzeko betebeharra ezartzea, horretarako erakunde publikoek behar den erraztasunak ematea» eskatu dute.

Telebista publikoetan, aldiz, ere «gutxieneko kuotak ezartzea, informatibo territorialak bertako hizkuntza ofizialean egitea edo Clan TVko edukiak bikoiztea» aldarrikatu dute. Azkenik, alderdiei «bertan jasotako eskaerak onartzeko urratsak» egin ditzatela eskatu dute.