Biriken memoria: hogei urtez amiantoa etsai, orain oxigenoa lagun
Asbestosia du Juan Mari del Campok. Bi hamarkadaz egon zen amiantoarekin kontaktuan, Hernaniko Pedro Orbegozo enpresan mekanikari lan egin zuen denboran. Dozenaka dira fabrika hartan lan egiteagatik gaixotasuna dutela egiaztatu duten pertsonak.
Eskola utzita, 16-17 urterekin hasi zen Juan Mari del Campo (Donostia, 1952) Hernaniko Aceros y Fundiciones del Norte-Pedro Orbegozo enpresan lanera. Hogei urte inguru eman zituen han mekanikari lanetan, harik eta 90eko hamarkadan fundiziotik –eta asbestotik– urrundu zen arte. Nahikoa izan ziren orain, 70 urte betetzear, amiantoarekin kontaktuan egotearen ondorioz garatutako asbestosiaren diagnostikoa jasotzeko.
Ez ziren amiantoa edo asbestoa soilik. «Denetarik» zegoen Pedro Orbegozon, Del Camporen esanetan: burdinurtu grisa, sufrea, silizea, gasak. «Badakizu, fundizioa zen...», kontatu du langile ohiak.
Beharginek ez zioten itxura onik hartzen horri guztiari, aipatzen zuten kaltegarria izan zitekeela, baina ziurtasunik ez zeukaten. «Garrantzirik ere ez genion ematen», onartu du donostiarrak. Urte batzuen buruan jakingo zuten amiantoa osasunerako kaltegarria zela eta hasiko ziren agertzen Orbegozoko langile ohien diagnostikoak: biriketako fibrosia edo asbestosia, pleurako fibrosia eta plakak, biriketako minbizia eta pleurako mesotelioma.
Sari ziurreko loteria horretan asbestosia egokitu zaio Juan Mari del Campori. Iragan aste hasieran jaso zuen diagnostikoa, baina gaixotasuna «poliki-poliki etorri da», azaldu du. Ondo sentitzen zen erretiratu ostean. Baina anaiak mendi-buelta batera gonbidatzen zuenean, ibilbidea aldapatsua bazen ezin zuen joan. Eskailerak igotzeko ere, nekez. «Zahartzen ari nintzela pentsatu nuen».
Orain, egunean 16 orduz egon behar du derrigor oxigenora lotuta, medikuek gomendatu dioten arren onena 24 orduak oxigenoarekin ematea duela. Kalean, mugi daitekeen makina ibiltzen du. Arazo bat dauka, ordea: Urruñan bizi da Del Campo, baina Osakidetzak ematen dio oxigenoa eta legez debekatuta dago oxigenoak muga pasatzea, Estatu bakoitzak bere legea duelako. Zorionez, etxean, Urruñan, badu oxigenoa.
Asviamie Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkartea Juan Mari del Camporekin harremanetan jarri zen, Osalanek amiantoaren esposizioaren ondorioz laneko gaixotasuna garatu duten pertsonen zerrendan izena eman zezala esateko. «Horrek ez du nirekin zerikusirik!», erantzun zien hasieran donostiarrak. Baina azkenean bai, sartu zen zerrendan, eta «eskerrak», dio. Medikuari amiantoarekin lan egin zuela esan orduko egin zizkioten behar ziren proba guztiak. Antibiotiko eta kortikoide tratamendua jasotzen du orain.
Kalte-ordaina lortzeko borroka gelditzen zaio del Campori. «Badirudi badagokidala», esan du, nahiz eta horrek, ziur aski, ez duen epaitegietatik libratuko.
«Baina ni ez nago horrekin kezkatuta», argitu du mekanikari ohiak. Ataka urgenteago batean dago orain eta erabaki bat hartu behar du: oraingo tratamenduarekin segi eta «pixka bat hobetu», edo biriken transplante bat egin. «Ez dago beste irtenbiderik, argi eta garbi esan zidan neumologoak», esan du.
Orbegozoren lasta
«Atzo [ostegunean] izan nuen epaiketa bat, hil zen Orbegozoko langile ohi batena. Kalitate-burua izan zen bera. Eta nik sekula ez nuen pentsatu hark arrisku handia izan zuenik. Baina asbestosiarekin hil zen», kontatu du Jesus Uzkudun Asviamie elkarteko ordezkariak.
Hernaniko Aceros y Fundiciones del Norte-Pedro Orbegozo fabrika handiko dozenaka langile ohi gaixotu dira gerora amiantoaren eraginez. Ez du zifra zehatzik, baina Osalaneko zerrendan gutxienez 40 izango direla dio Uzkudunek –guztira, 12.000 pertsona baino gehiagok osatzen dute zerrenda–. «Eta etorriko direnak», gaineratu du. «Fabrikan amiantoa zegoen, guk poltsikoan eramaten genuen».
Segurtasun eta higiene batzordeetako idazkaria izan zen Uzkudun Pedro Orbegozon. Ordurako, enpresako segurtasun sistema «oso aurrerakoia» zela ekarri du akordura: «Legez lau delegatu izan behar ziren eta guk 33 genituen». Lana zuten, istripuz hildakoak «asko» izaten baitziren.
Amiantoaz ez zekiten ezer, ordea. «1982an sindikatuko lan-osasun ardurak hartu nituen. Orduan ontzioletako uralitaren inguruan irakurtzen nuen, baina siderurgian ez zen inon ezer agertzen. Ez ginen kontziente», gogoratu du.
Orain, ordutik 40 urtera, langile ohi pila bat «isilik» zendu dela uste du. Baina Pedro Orbegozoko langile ohiek badute abantaila bat. Desagertu diren beste zenbait enpresatako langile ohiek ez dute nora jo kalte-ordain bila. Hernaniko Orbegozo, gerora Acenor S.A. taldea, Sidenor eta Cofivacasa enpresek erosi zuten eta Espainiako Industria Ministerioarenak dira hauek; beraz, del Campok, Uzkudunek eta Orbegozon amiantoaren ondorioz gaixotutako gainerakoek haiei erreklamatu diezaiokete.
Horregatik, Asviamieko ordezkariak nabarmendu du garrantzitsuena Orbegozon lan egindako jendea Osalaneko zerrendan egotea dela, horren bidez lor baitezake langile ohiak osasun-zaintza berezitu bat. Jesus Uzkudunek 2012an lortu zuen bere izena zerrendara batzea. Orain bi urte besikula erauzi zioten eta atentzioa eman zion berari buruzko txosten guztietan «amiantoaren langilea» jartzen zuela. «Horrek alertan jartzen ditu medikuak», esan du. Horri eutsiko diote, bederen, konpentsazio-funtsa lortu bitartean.