INFO

Udalak ukatutako Beltran eta Sololuzeren omenezko oroigarria jarri dute Zaldibarren

Eitzaga auzoan Zaldibarko zabortegian zendutako Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren oroimenezko oroigarria jarri dute. Udalak baimena ukatu egin zien duela hilabete batzuk eta herritarrek bere kabuz egin dute. «Ez dugu ahazten eta ez dugu ahaztuko».

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Duela urtebete Lakuak bertan behera utzi zituen Zaldibarko zabortegian Joaquin Beltranen gorpua bilatzeko lanak eta Zaldibar Argitu ekimenak duela bi urte zabortegian gertatutakoa oroituko duen eskultura bat jartzea eskatu zuen, baina Udalaren trabak salatu zituzten.

Orain, baina, Eitzagako herritar talde batek «gauzak bere lekuan» jarri nahi izan ditu. «Bat behintzat bai». Eta eskultura jarri dute auzoan, lerro hauen gainean dauden irudietan ikusi daitekeen moduan.

«Ez dugu ahazten eta ez dugu ahaztuko. Bi langile erailda, baten gorpua zaborpean utzia, milaka herritar kaltetuta, lurrak, airea eta urak kutsatuta. Ehunka lagun borrokan gertatutakoa eta ardurak argitzeko», adierazi dute.

Udalaren trabak salatu zituztenean, herritarrek oroigarria «bizia galdu zuten bi langileen omenez, beraien familia eta lagunen omenez, hondamendiaren eragina gertutik bizi duten auzokideen omenez, horrelakorik berriro gerta ez dadin aldarrikatuz kalera atera ziren herritarren omenez» jarri nahi zutela nabarmendu zuten.

Urtarrilaren 4an aurkeztu zuten Zaldibarko Udalean eskultura Eitzagan jartzeko baimen eskaera. Orain jarri duten toki berean jartzeko eskaria egin zuten. Ezezkoa jaso zuten eta erantzun harekin batera Udalak hondamendia gogoratzeko oroigarri bat jartzea erabakita zeukala adierazi zitzaien, informazio gehiago helarazi gabe.

«Eitzagan gertatutakoak izan dezakeen oroigarririk sentikorrena eta egiazkoena herritarron eskutik datorrena izango da, herritarren ekimena delako, eta eskultura Eitzagan gertatutakoa oroitzeko bereziki sortua izan delako», adierazi zuten orduan. Eta orain gauzatu dute omenaldi hori.