Europar Batasunak datorren negurako bere gas erreserbak %80an betetzea adostu du
Gaur egungo «testuinguru geopolitikoa» kontuan hartuta, Europar Batasunak araudi berri bat onartu du, zeinen ondorioz herrialdeetako gas biltegiek beren ahalmenaren %80an egon beharko duten datorren neguan.
Europar Batasuneko herrialdeetan gas biltegiek beren ahalmenaren %80an egon beharko dute datorren neguan, eta blokeko herrialdeak betetze maila handiagoa lortzen saiatuko dira, %85ekoa, Kontseiluak, Batzordeak eta Europako Parlamentuak gaur lortutako behin-behineko akordioaren arabera. Gaur egun, batez beste, %41ean daude.
«Gaur egungo testuinguru geopolitikoan EBren horniduraren segurtasuna hobetzen duen araudia da, Europar Batasuneko gas biltegiak datorren neguko denboraldia baino lehen beteko direla eta estatu kideen artean espiritu solidarioarekin partekatuko direla ziurtatzen duena», jakinarazi du Twitterren EBko Kontseiluaren Presidentetzak, orain frantziar Estatuaren esku.
Akordioa estatu kideetako enbaxadoreek eta Europako Parlamentuak berretsi beharko dute indarrean sartu aurretik. «Proposamen hau funtsezkoa da datorren negurako prestaketa bermatzeko. EBk abiadura eta batasunarekin eman ditzake emaitzak», ospatu du sare sozialetan Kadri Simson Europako Energia komisarioak.
Akordioaren arabera, gas biltegiek %80an beteta egon beharko dute datorren negua baino lehen, eta %90ean hurrengoetan, nahiz eta estatu kideak modu kolektiboan saiatuko diren aurtengo betetze maila %85era igotzen, EBko Kontseiluak, herrialdeak ordezkatzen dituen erakundeak, ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Hala ere, azken bost urteetan blokeko kideek urteko kontsumitu duten gasaren %35aren baliokidea den bolumenera mugatuko da betetzeko betebeharra. «Biltegiratzeko gaitasun handia duten estatu kideetan neurrigabeko inpaktua saihesteko», gehitu du Kontseiluak.
Behin-behineko akordioak espainiar Estatuak eta Portugalek egin zuten eskaera ere jasotzen du, biltegiratze maila kalkulatzeko gas natural likidotuaren (GNL) erreserbak ere kontuan har zitezen. Zehazki, estatu kideek GNL erreserbak zenbatu ahal izango dituzte 2023tik aurrera %90eko helburura iristeko, baita beste erregai alternatibo batzuk ere.
Gainera, herrialde guztiek ez dutenez gas erreserbarik, ez baitira derrigorrezkoak, araudiak zenbait aukera ematen ditu inguruko bazkideek erreserba horiek izango dituztela bermatzeko.
Gainera, enpresa operadoreek «nahitaezko ziurtagiri» berri bat lortu beharko dute, Gazprom errusiar erraldoiak blokean duen eragina mugatzea helburu duen xedapen baten ondorioz.