INFO

Nafar Gobernuko beste zazpi haur eskolek bat egin dute grebarekin, eta 77 ari dira babesten

Nafarroako Gobernuko beste zazpi haur eskolek bat egin dute 0-3 Plataformak duela hiru aste deitutako greba mugagabearekin. Herrialdeko 103 eskoletatik 77 ari dira greba babesten, «eta horietatik 59 greba egiteko eskubidea gauzatzen ari dira», nabarmendu dute.

0-3 Plataformaren elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Nafarroako Gobernuko beste zazpi haur eskolek bat egin dute ostegun honetan 0-3 urte bitarteko plataformak duela hiru aste abaitutako greba mugagabearekin.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Ninia Etxeko Isabel Erdociainek adierazi duenez, «gaur egungo baldintzetan (hezitzaile bakoitzeko haur kopuru handia eta laguntzako langilerik eza) oso zaila da adingabeen garapen globala eta ongizate fisiko eta emozionalean laguntzea».

Ildo horretan, bere lana «hazkunde-prozesuei laguntzea, erritmoak errespetatzea eta haur bakoitzaren behar indibidualei» erantzutea dela esan du, baina «egungo ratioekin ezinezkoa da», adierazi du.

Horrela, Erdociainek ratioen jaitsiera, «adingabeen ongizatea bermatuko duten» langile nahikoak, haur eskolen doakotasuna eta lan baldintza «duinak eta berdinak» aldarrikatu ditu, baita haur eskolak kudeatzeko udalen finantziazioa handitzea ere.

Azaldu duenez, zazpi dira orain grebara batu diren haur eskolak: Ninia Etxea, Orreagako Nuestra Señora, Nuestra Señora de los Angeles, San Jorge-Sanduzelai, Santa Teresa, Egunsenti (Burlata) eta Niños Jesus (Corella).

«Gure eskolak Hezkuntza Departamentura igarotzeak itxaropenak eta ilusioak piztu ditu», esan du, eta gaineratu du «aukera paregabea dela nafar Gobernuak 0-3 urte bitarteko haur eskolei kalitatea eta duintasuna emateko».

Babes zabala jaso du grebak

Bestalde, Eider Garde 0-3 urte bitarteko Plataformako ordezkariak adierazi duenez, eskola hauen atxikimendua eta aldarrikapenekin bat egitea «zoriontzeko eta pozik egoteko da». «Gero eta gehiago gara eta ez gara nekatzen, errealitatea da eskola gehiago mobilizatzen ari direla», esan du, eta Nafarroan 103 eskoletatik 77 greba babesten ari direla nabarmendu du, eta «horietatik 59 greba eskubidea gauzatzen ari dira».

Gardek kritikatu duenez, «eskola batzuetan adierazpen askatasuna mugatzen ari dira mobilizazioekin bat egin ahal izateko». «Nafarroako 0-3ko errealitate bat da beldur handia dagoela sektore eta talde gisa funtzionatzea errazten ez duen duen kudeaketa sistemagatik», adierazi du.

Asteazken honetan Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin izandako bilerari buruz, bere aldarrikapenak helarazi zituztela adierazi du, «baina eragile aktiboa izan nahi dugu negoziazio mahai batean».

«Loteslea ez den organo honetara gonbidatuak izatea lortu dugu», azaldu du Gardek, eta bere proposamena baloratuko dutela eta datorren astean erantzungo dutela zehaztu du.

«Erantzunaz gain, kontraproposamena egitea espero dugu, errealitatea baita hiru aste daramatzagula greban, hau aurrera doa eta gero eta eskola gehiago batzen ari dira», adierazi du Plataformako ordezkariak.