50. urteurrena ospatu du UEUk Biarritzen, kideak omenduz eta ikastaroei hasiera emanez
Udako Ikastaroak Ipar Euskal Herrian sortu zirenez, argi zuten 50. urteurreneko hasiera jardunaldia ere bertan eginen zutela. ‘50 urte UEUgintzan’ ekitaldian, Biarritzeko Mediatekan, UEUren eta Euskal Unibertsitatearen egoera aztertu dute, iragana oroituz baina geroari so.
UEUren Udako Ikastaroek 50 urte beteko dituzte aurten. Edizio berezia izatea nahi dute eta hori dela eta 22 jardunaldi eta topaketa antolatu dituzte hainbat eragilerekin batera, euskal jendartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko. Larunbat goiz honetan Biarritzen egin den ‘50 urte UEUgintzan’ jardunaldiak eman die hasiera ikastaroei.
Udako Ikastaroak Ipar Euskal Herrian sortu ziren duela 50 urte, hortaz, mende erdiko urteurren borobileko hasiera jardunaldia ere bertan egin dute. Biarritzeko Mediatekan elkartu dira UEUko bazkideak eta erakundeetako ordezkariak.
Ekitaldian UEUren eta Euskal Unibertsitatearen egoera aztertu dute, iragana gogoratuz baina etorkizunari begira. Hasierako bultzatzaileak eta eragileak ere omendu dituzte. Ilusioa, indarra, lana, etorkizuna eta erreferentzialtasuna izan dituzte ardatzetako batzuk.
Ane Sarasua idazkari nagusiak eta Kepa Sarasola zuzendariak egin dute ongietorria. Ondotik, Jose Ramon Etxebarria UEUkide eta irakasle euskaltzale historikoak hitzaldia eman du. Fisika nuklearra euskaraz posible zela adierazi zuen ingeniari gernikarrak UEUren Udako Ikastaroetan. «Poza ez da magnitude fisikoa eta ezin da neurtu», esan du oraingoan. Udako Euskal Unibertsitatea «deskolonizaziorako ekimen» gisa definitu du.
Zuzendari izan direnei opariak
Bideo-omenaldi batean errepasatu dituzte irabazi asmorik gabeko kultur erakundearen 50 urteak. UEUko zuzendari izan direnei opari bana eman diete, Antton Olariagak egindako oroigarri bana. Hauexek izan dira: Manex Goihenetxe (1973-1976), Martin Orbe (1976-1983), Baleren Bakaikoa (1983-1987), Iñaki Irazabalbeitia (1987-1991), Kepa Altonaga (1992-1996), Mikel Aizpuru (1996-2000), Xabier Isasi (2000-2004), Aitzpea Leizaola (2004-2005), Lore Erriondo (2005-2010), Karmele Artetxe (2010-2014), Iñaki Alegria (2014-2018) eta Kepa Sarasola. Goihenetxe kenduta, beste guztiak bertan egon dira.
Jarraian, etorkizuneko erronkei heldu diete Pauline Guelle zuzendaritzako kideak eta Xabier Isasi zuzendari ohiak.
Ipar Euskal Herriko jendeari gonbidapena
Guellek uztailean Bernat Etxepare lizeoko ikastaroetara joatera animatu du jendea, eta bereziki dei egin die bertako herritarrei UEUn parte har dezaten, «tamalez Ipar Euskal Herrian euskararen egoera hezkuntzan eta bereziki unibertsitatean ez delako beharko lukeena».
Azken ikasturtean UEU Eusko Ikaskuntzarekin batera Ipar Euskal Herrian Tartarika zikloaren baitan egiten ari den lana azpimarratu eta ekaineko hitzordua berezia izanen dela azaldu du: «Tartarika eta UEUren 50. urteurrena bildu nahi izan ditugu eta ekainaren 16an UEUfesta egingo dugu hemen, Kalostrapen. Bertara gonbidatuko ditugu UEUko bazkideak eta lagunak eta tarte goxo bat pasako dugu, bertako ikertzaile gazteen mikro-hitzaldiekin, bertsoekin eta zizka-mizka batzuekin. UEU praktikatzeko aukera paregabea izango da», iragarri du.
Bertsolaritzak ere aspalditik izan du lekua UEUn eta Amets Arzallus eta Alaia Martin izan dira bertsotan.
Matrikula zabalik
Biarritzeko ekitaldiaren ondoren, UEUren Udako Ikastaroen lehen astea ekainaren 27tik uztailaren 1era izanen da, Iruñea, Bilbo, Eibar eta Donostian; jarraian, uztailaren 4tik 8ra, Eibarren eta Usurbilen izanen dira jarduerak; azkenik, uztailaren 11tik 15era, Baionan eta Eibarren eskainiko dira azken topaketa eta ikastaroak. Matrikulazioa zabalik dago jada www.ueu.eus helbidean. Bazkide egiteko aukera ere badago bertan.
Irati Iciar ikastaroen arduradunak esplikatu bezala, 22 jarduera antolatu dituzte, eta aurten guztiak izango dira jardunaldiak edo topaketak. «Hamar eragile, UEUko hamar sail eta azpiegituretan ere beste zortzi eragile izango ditugu bidaide. Horretaz gain, gure bazkideak ere zirikatu eta hainbat topaketa espezializatu prestatu ditugu. Zalantzarik gabe, fruitu asko emango duen edizioa izango da honokoa, etorkizunera begira jarriko baikara. Hausnarketa hauetan ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan, 10 euroko prezio eskuragarria jarri diogu matrikulari», nabarmendu du.