INFO

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.

Taupada euskaltzale berri batek astindu du Donostia

«Badator euskararen aldeko herri bultzada berria», iragarri dute larunbat honetan Donostian bildu diren milaka euskaltzaleek. Manifestazio anitza izan da, eta gazteak izan ditu motor garrantzitsu. Euskararen lurralde osoan guztion eskubideak onartuak izatea aldarrikatu dute.

Jende andana bildu du mobilizazioak, argazkia lekuko. (Aritz Loiola | Foku)

«Geldirik geratzea atzera egitea da, eta gu, aurrera goaz», erran dute tinko. Larunbat arratsalde eguzkitsu honetan milaka eta milaka euskaltzale bildu dira Gipuzkoako hiriburuan. Hala aurkeztu dute euren burua: «Mauletik hasi, eta Karrantzaraino. Kortestik jarraitu, eta Oioneraino; Irundik Iruñeraino; euskaraz bizitzeko eskubidea dugun herritarrak gara. Egun euskaraz bizi garen herritarrak, eta baita egun euskaraz bizi ez arren, etorkizuna euskaraz irudikatzen dugunak ere».

17.30ean Antiguako tuneletik abiatu dira, Mirakontxa Pasealekua, San Martin kalea, Foru pasealekua eta Republica Argentina taupada euskaltzalez betetzeko. Pultsu indartsu eta berria izan da, eta mezu bat zabaldu du nagusiki: «Aktibatu eta antolatu gaitezen euskararen alde eta euskaldunon eskubideen alde!».

 

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Begoña Garaikoetxea Gazte Euskaltzaleen Sareko kideak hitz egin dute mobilizazioa hasi aurretik, honen nondik norakoetan sakontzeko. Garaikoetxeak adierazi duenez, ekimena «kezkatuta gaudelako» bultzatu dute gazteek, «gauzak ondo dauden» uste faltsuari aurre eginez eta benetan euskaraz bizi izateko «egiturazko aldaketak» exijitzeko.

Bilbaok, bere aldetik, bi hitzetan laburbildu du ekimena: «Inflexioa» eta «ilusioa». Garaikoetxeak bezala, egun euskaraz bizi ahal izateko neurriak behar direla aipatu du baina ortzimuga horretara «ilusioz» joatea bideragarria dela erantsi du, «gazteek agertu duten determinazioak katea ez dela eten erakusten duelako. Ez dakit gaurko hau historikoa den baina euskararen historian argazki hau gorde beharko dugu», esan du Kontseiluko ordezkariak.



Aldarri ezberdin asko bildu ditu mobilizazioak. Esaterako, Pantaila Euskarazek pankarta eta elastikoak ekarri ditu hitzordura. Alex Aginagaldek aipatu duenez, «euskarak aurrera egin behar du arlo guztietan, pantailetan ere bai. Gure kezka hau gizarteko jende askok partekatzen duela ikusi dugu urtebete honetan, euskararen erabileran eragin handia duelako».

Pantailekin lotuta, honako aldarri zehatza zabaldu dute pankarta batean: «ETBk 40 urte. Berreskuratu euskarazko fikzioa».

 

Baionako Etxepare Lizeoko ikasleek ere Donostiara eraman dituzte beren aldarrikapenak, azterketak frantsesez egitea ez baita «justua» eurentzat, NAIZi nabarmendu diotenez. Oraindik «aurrerapen gutxi» ikusi duten arren, beren borrokarekin aurrera jarraitzeko prestutasun osoa agertu dute 15 eta 16 urteko Maddi, Laia eta Melik, esperantza gutxi, baina esperantza izan badutelako.

«Geldirik geratzea atzera egitea da»

Manifestazioa 18.30ak pasata iritsi da Bulebarrera, duela hilabete eta erdi Korrikak batutako jendetza berdinduz edo gaindituz. Bertan, Aize Otaño AEK-ko ordezkariak eta Begoña Garaikoetxeak irakurri dute amaierako agiria: «Geldirik geratzea atzera egitea da, eta gu, aurrera goaz».

«Belaunaldi berriak osoki euskalduntzera goaz; euskaraz eroso bizi ahal izateko espazioak zabaltzera; pantailetan euskararen presentzia areagotzera. Aurrera egitea da kulturalki inoizko Euskal Herri anitzena izango dugun garaian, euskara harrera-hizkuntza izatea; euskaraz ikasteko doakotasuna behingoz bermatzea, edota egoera prekario eta ezegonkor honetan euskara kohesio sozialerako hizkuntza bilakatzea», ziurtatu dute.

Eta erakundeei ere zuzendu zaizkie: «Euskararen biziberritzeak egiturazko neurriak eskatzen ditu hemen eta orain. Administrazio publikoek beraien ardurak har ditzaten eskatzen du. Egungo garaietara egokitutako hizkuntza politika berriak pentsatu eta martxan jarri behar dira. Horregatik, euskararen lurralde osoko gobernuei exijitzen diegu berandu baino lehen euskalgintzarekin eta herritarrekin batera egungo erronka eta beharrei erantzungo dieten hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzaten».