Jayson Grangerrek eta Wade Baldwinek ez dute inola ere «Valentziara itzultzerik nahi»
ACB Ligako partida bakoitzaren «zailtasun eskerga» azpimarratu dute biek ala biek, eta zentzu horretan ulertu dute Saski Baskoniak aurten nahi baino gehiagotan etxean galdu izana. «Asteartean bikain jokatu genuen baina larunbatekoa beste kontu bat izango da», diote antolatzaileek biek.
Irabazita irribarrez azaltzea errazagoa da baina, edonola ere, eskertzekoa da Wade Baldwin eta Jayson Granger, Baskoniak 2021/22 denboraldirako dituen antolatzaile biak, irribarrez ikustea. Larunbatean talde gasteiztarrak ACB Ligako play-offetako finalerdietarako txartela lor lezake, baldin eta Buesa Arenan Valentzia Basketi irabazten badio, joan den asteartean Fontetan 79-80 gailendu ostean. Biek ala biek itxaropen hori azaldu dute kazetarien aurrean, oraindik ere txapelketa honetan bide luzea eta oparoa egiteko antsiaz, baina final-laurdenak gainditzea bera ere nahikoa lan izango dela onartuta.
«Astearteakoa pasa da eta ez nuke atzera begira denbora larregirik ematerik nahi», adierazi du Wade Baldwinek hasteko. «Bideoan zertzuk akats egin genituen ikusi, horiek zuzentzen saiatu eta ongi egin genuen hori errepikatu eta berrestea da gakoa, beste ezer baino gehiago, beti ere aurrera begira», azpimarratu du New Jerseyko antolatzaileak.
«Bikain jokatu genuen, denborarik gehienean aurretik joan ginen eta partida menpean izan genuen eta pentsa, azkenerako neurketa kale edo bale egiteko amaiera batean amaitu zen! Atera kontuak zenbateraino gogorra den ACB Liga!», adierazi du antolatzaile estatubatuarrak.
Alabaina, aurrera begiratu baino lehen, talde gasteiztarraren joko ona onartu du Baldwinek. «Ez da nik ez dakit zenbat puntu sartu nituela, baizik eta kide guztien artean zernolako lana egin genuen. Simone –Fontecchio– maila izugarrian aritu zen, Matt Costellok sekulako lana egin zuen aulkitik aterata; zer esan Valentziaren azken erasoan Rokasek –Giedraitisek– Dimitrijevic geratzeko egin zuen lanaz, edo Jayson Grangerrek lehenengo Costellori eman zion pasea markagailuan aurretik jartzeko eta azken defentsa horretan, zernolako errebotea harrapatu zuen garaipena berresteko! Taldeak oro har bikain jokatu zuen, baina Valentziak ere irabazi diezagukeela erakutsi zuen eta hori jakinda prestatu behar dugu larunbatekoa», laburbildu du.
Antzera hitz egin du Uruguayko antolatzaileak berak ere. «Astearteko dema gogorra izan zela? Buf, ba zapatukoa borroka itzela izango da! Valentzia Basket aiztoa haginetan hartuta etorriko da eta gu maila horretan egon beharko gara», adierazi du Jayson Grangerrek.
«Etxetik kanpo oso ongi ari gara, bai, baina ez dugu inola ere Valentziara itzuli gura», gaineratu du antolatzaile hegoamerikarrak. Zeharka bada ere, Valentzia Basketeko entrenatzaile Joan Peñarroyari erantzun dio honela gasteiztarren kapitanietako bat den honek. Izan ere, entrenatzaile katalanak, porrotaren samina arintzeko edo, «final-laurdenak Valentzian erabakiko» zirenaren ustea azaldu baitzuen astearte gauean.
«Ez dugu Valentziara itzuli nahi eta horregatik, ez dago ezer hoberik Buesa Arenako arratsalde magiko horietako baten final-laurdena erabakita geratu balitz!», gaineratu du Grangerrek.
Zapatuan 18.30etan hasiko da Bitci Baskonia eta Valentzia Basketen arteko dema hori, «ordutegi aparta» bai Baldwin baita Grangerren iritziz ere, jendetza Zurbaora etorri dadin. «Aurten, pandema dela-eta edo auskalo zergatik, ez dugu halako jendetza ikaragarririk ezagutu eta gustatuko litzaidake halakorik pilatuko balitz. Etxeko moduan bezala aurkari moduan ere askotan tokatu zait Buesa Arena leporaino beteta dela jokatzea eta ez dago gauza hoberik», baieztatu du Uruguayko antolatzaileak. Zentzu horretan, garaipena lortzeko «bultzada txiki bat» suposatuko lukeelakoan.
Baldwinek, berriz, jendearen animoak ahaztu gabe, jokalariek egin beharrekoa izan du hizpide. «Esan bezala, Valentzian bikain jokatu arren azkenean amaiera oso estu batean erabaki zen dena. Esaterako, partida erabakita utziko nukeen azken hirukoa sartu izan banu, baina kale egin nuen, uztairik ere ukitu gabe kanpora joan baitzitzaidan. Horrez gain, beraiek ere atsedenaldiaz geroztik defentsa gogortu zutelako, behar baino baloi gehiago galdu genituen eta hori ezin da onartu», zehaztu ditu estatubatuarrak.
Zentzu horretan, garrantzia apur bat kendu dio aurten Baskonia etxean uste baino ahulago ote dabilen uste horri. «Esan bezala, lehiaketa hau oso gogorra da eta hurrengo partidan erabat zentraturik ez bazaude, aurkariak estu hartuko zaitu. Berdin dio non jokatzen duzun; alegia, eskertzen dira zaleen animoak, beharrezkoa dira, baina aurkarien mailak ez dizu lasai aritzen uzten. Duzun guztia ongi egin ezik, nornahik irabazi diezazuke. Berdin dio Valentziak zapatuan edo, finalerdietara aurrera egiterik bagenu, Real Madrilek zein Manresak», azaldu du.
Jokoaren oreka
Antolatzaileen eginbeharra, saskibaloiaren historia laburrean, taldekideen jokoa erraztea izan da norbere puntuak sartzeaz gain. Ezin da ukatu bai Baldwinek nola Grangerrek, bakoitzak bere erara, zeresan handia izan zutela astearteko garaipenean. Adibide bat bakarra esartzearren, Neven Spahijak biak batera jokatzen jarri zituen azken minutu estu horietan.
«Taldekide apartak izateak asko errazten ditu gauzak», berretsi du Wade Baldwinek galdera horren harira. «Norberarentzat ere zulo gehiago egoten da Simone –Fontecchio– edo Rokas –Giedraitis– halako maila altuan daudenean. Zentzu horretan, askoz lasaiago nengoen asteartean, ingurura begiratu eta nolako taldekideak nituen ikusita», gaineratu du.
«Pena hartu genuen Kopatik kanpo geratzean, baina gertaera txar horretatik aurrera, taldeak elkartzera egin du eta nik uste orain jokoan ikusten dela taldeko lan hobea egiten ari garela, eta aurkariari asko kostatzen zaiola denera iristea», berretsi du New Jerseyko antolatzaileak.
Grangerrek, berriz, taldearen oreka eta bere oreka propioa uztartu ditu. «Azken hilabete eta erdi honetan urrutitik asmatu ezinik nabil, hori da egia, baina asteartean hala ere gustora egon nintzen. Euroligan kanporaketetatik at geratzeak ez zigun graziarik egin, baina taldeak asti apur bat izan du ACB Ligako play-offak prestatzeko, eta horrek freskotasuna ez ezik, ideiak garbiago izatea ere ekarri digu», adierazi du, nahiz eta konfidantza azaldu urruneko jaurtiketa horiek sartuko direla azkenean.
«Valentziak errekurtso pila bat ditu eta dena beharko dugu. Esaterako, Dimitrijevicek sekulako mina eman zigun asteartean eta zer esan beraien barruko jokoari buruz! Dubljevic ez bada beste norbait azalduko da, aurreneko partidan Mike Tobey azaldu zen bezala», ohartarazi du Grangerrek.
Bere aldetik, anbizioa izan da Wade Baldwinen hitzen gakoa. «Goiz da oraindik etxera itzultzeko; inork ere ez du ekainean etxera itzultzerik nahi. Gure nahian ahalik eta gehien jokatzen jarraitzea da».