INFO

84 pertsona hil dira euriteengatik Pernambucon, Brasilgo ipar-ekialdean

Euriteen ondorioz 84 pertsona hil dira Pernambuco estatuan, Brasilen, eta dozenaka pertsona desagertuta daude. Azken 50 urteetan Recifen, eskualdeko hiriburuan, izandako hondamendirik handiena izan da.

Jardim Monte Verde auzoko hondamena. (Brenda ALCANTARA | AFP)

Brasilgo Pernambuco estatuan izandako euriteek 84 hildako eragin dituzte gutxienez. Gainera, dozenaka pertsona desagertuta daude oraindik, beraz hildakoen kopurua handiagoa izan daiteke, Iturri ofizialek diotenez, Recifen, eskualdeko hiriburuan, azken 50 urteetan izandako hondamendirik handiena izan da.

Paulo Camara Pernambuco estatuko Gobernadoreak 84 biktimetatik 79 ostiral gauaren eta igande artean hil zirela zehaztu du. Prezipitazio handiak izan ziren orduan, batez ere Recife metropoli-eskualdean.

Camarak adierazi duenez, oraindik ez dakite zenbat pertsona desagertu diren, baina Pernambucoko Gobernuaren azken buletinaren arabera, gutxienez 56 pertsona zeuden desagertuta.

Gertaera tragikoena Jardim Monte Verde auzoan jazo zen, Recife eta Jaboatao dos Guararapes udalerrien artean. 20 pertsona hil ziren lur-jausi batek muino txikien gainean eraikitako dozenaka etxebizitza suntsitu zituenean.

Larunbat arratsaldetik, Flavio Jose da Silvak Gilvan aitaordearen bila jarraitzen du bere etxearen hondakinen artean. Muinoa kolapsatu eta berehala, berarekin hitz egitea lortu zuen. «Lur azpian zegoela esan zigun. Bizirik aurkitzea espero dugu», kontatu dio AFPri, lokatzekin nahastutako hondakinen mendia seinalatuz.

Reginaldo Ramos bizirik atera zen tragediatik, baina 11 senide galdu zituen, horien artean 31 urteko alaba, ingeniaritzan hezi berria eta 15 egun lehenago lanean hasitakoa.

«Nire emaztea eta biok sukaldean geunden eta erreskatatuak izatea lortu genuen, gure gorputzaren beheko aldea baino ez zigulako lurperatu. Nire alaba gelan zegoen eta erabat lurperatuta geratu zen», kontatu du Reginaldok, Eferi egindako adierazpenetan.

Suhiltzaileek, Armadak eta bizilagunek, batez ere gazteek, bilaketekin jarraitzen dute euriak eskualdea berriro zigortzen duen bitartean, su-eten txiki baten ondoren. Gutxienez hildako pertsona bat aurkitu dute Jardim Monte Verden, Efek egiaztatu duenez.

Jardim Monte Verdeko Auzo Elkarteko presidente Elvio Mirandak eskualdean «tragedia» berriak eta berehalakoak gertatzeko arriskua dagoela ohartazazi du, eskualdeko agintariek auzune xume honetan bizi diren familiak behin betiko kanporatzen ez badituzte.

«Familiak arrisku eremuetatik atera eta etxebizitza berriak aurkitu behar zaizkie, bestela tragedia asko gertatuko baitira Recifen. Berehalako arriskua dago eta beste ezbehar batzuk gertatzeko aukera handia da», adierazi du Mirandak, 58 urtekoak.

Joao Campos Recifeko alkateak egoera «oso desafiatzailea» dela aitortu du, eta adierazi du fenomeno meteorologiko hau «guztiz ezohikoa» dela urte sasoi horretan.

Laguntzak

Bestalde, Paulo Camara Gobernadoreak iragarri du estatuko Gobernuak 100 milioi errealeko (20 milioi euro inguru) larrialdiko partida bat desblokeatu duela bilaketetarako eta premiazko obretarako.

Brasilgo presidenteak, Jair Bolsonarok, Recifera lau ministroz osatutako segizioa bidali zuen igandean, eta astelehen honetan kaltetutako eremua bisitatuko du. Bide batez, «herritarrei eta kaltetutako udalerriei laguntzeko» neurriak iragarriko ditu.

Euri gehiago

Iragarpenek astelehenerako euri gehiagoren berri eman dute. Ostiral gauetik larunbat goizera bitartean, euriteen bolumena maiatza osorako espero zenaren %70era iritsi zen, Pernambucoko hiriburuko zenbait puntutan.

Asteburu honetako irudiek Petropolisen, Rio de Janeiroko estatuan (hego-ekialdea), otsailean gertatutako ezbeharra dakarte gogora. Honetan, 233 pertsona hil ziren euri-jasen eta hondamenen ondorioz.

Adituen arabera, horrelako tragediak, eurite handiez gain, topografiaren eta etxebizitza prekarioak dituzten auzune handien ondorio dira, horietako asko legez kanpo eraikiak baitaude, arrisku eremu malkartsuetan.