INFO
Entrevue
Sara Alonso
Mendi korrikalaria

«Amestu dudana baino lasterketa hobea izan da»

Sara Alonso (Donostia, 1999) hirugarren postuan helmugaratu zen Zegama-Aizkorri lasterketan. Bere lehen aldia izan zen atzokoa eta «oso pozik» bukatu zuela onartu dio NAIZi. Duela bi urte hasi zen mendian korrika eta Salomon taldekoa da. Uste du Zegama-Aizkorriko podiuma «urrats handia» izan dela.

Sara Alonso Zegamako helmugan. (Gorka RUBIO | FOKU)

2022. urtea gozoa ari da izaten Sara Alonsorentzat. Transgrancanaria lasterketa irabazi eta Zegama-Aizkorrin, bere estreinakoan, podiuma egin du. Gainera, gogorarazten du aurtengo lasterketa guztietan errekorra egin duela. Baita atzo ere, 2017an Maite Maiorak lortutako errekorra ondu baitu –Nienke Brinkamena da orain denborarik onena emakumezkoetan–. Pozez gainezka eta datorrenari ilusio handiz begira erantzun zuen NAIZen deia, lasterketa bukatu eta ordu gutxira.

Ondo prestatuta iristen zinen baina espero al zenuen horrelako emaitza?

Azken bi hilabeteetan erabaki nuen hemen Donostian egitea praktikak eta astebururo etorri naiz. Egon naiz 10-15 alditan hemen entrenatzen. Entrenamenduetan azken 2 kilometroak egiterakoan pentsatzen nuen nola egongo zen hau dena jendez beteta. Eta kalkulatu nuen Aratzen ordu bat eta 45 minutuan pasatzea, jaistean 2 ordu eta hamar minutu, eta kalkuluak baino azkarrago joan naiz. Beldur nintzen agian helmugara ez iristearekin eta oso indartsu iritsi naiz. Azkenean, 37 segundo soilik atera dizkit bigarrenak. Oso pozik nago. Lasterketa ikaragarria egin dut, asko disfrutatu dut, ez dut sufritu. Jendea nirekin zegoen eta amestu dudan baino hobea izan da.

Soilik 23 urte dituzu, zure lehendabiziko Zegama-Aizkorri izan da…

Eta errekorra (barrez). Lagun pila bat hurbildu dira, familia osoa… Ez dut irabazi baina sentitu dut publikoaren faboritoa nintzela. Banekiee lehenengoa eta bigarrena oso indartsuak zirela eta niretzat hirugarrena geratzea irabaztea bezalakoa izan da. Aurreko edizioetan, gainera, bigarrenak alde askoz handiagoa atera izan dio hirugarrenari eta gaurkoan soilik 37 segundo izan dira. Niretzat ikaragarria da.

Kontuan hartu behar da esperientzia handiko korrikalariak badaudela Euskal Herrian bertan eta horiek atzean utzi dituzu eta zu gailendu zara euskaldun onena bezala.

Hori da. Espero nuen baino hobeto aritu naiz. Ikaragarri disfrutatu dut. Hasi nintzen mendian korrika koronabirusaren ondoren, ikusi nuen Zegama-Aizkorriko bideo bat eta pandemiaren ostean, hemen egotea dortsalarekin, faboritoen artean eta hirugarren geratzea… pentsa!

Azken hilabeteak oso onak ari dira izaten zuretzat. Transgrancanaria lasterketa irabazi duzu, podiumean Zegama-Aizkorrin…

Parte hartu dudan lasterketa guztietan errekorra egin dut. Gaur egin dut baina nire aurrekoak are gehiago ondu dute –2017ko Maite Maioraren denbora–. Iaz oso ondo ibili nintzen mendian baina aurten esperientzia gehiagorekin, urte bat gehiagorekin, oso ondo sentitzen naiz.

Nola kudeatu dituzu lasterketa honen atariko egunak? Urduritasunez?

Elkarrizketa pila bat eman ditut, inoiz baino gehiago. Zegaman nago asteazkenetik, kalean jendeak argazkiak eskatu dit, inoiz horrelakorik ez zait gertatu. Elkarrizketa askotan agertzea, aldizkarietan, faboritoen artean kokatzea, presio apur bat bada baina ondo kudeatu dut. Ondo sentitu naiz. Bada presioa baina baita opari bat ere.

Ondo lo egin al zenuen?

Ez, atzo [herenegun] nire bihotza entzuten nuen nire buruan… Esnatu naiz izerditan, ohe guztia buztita. Logelakideak esan dit gauez soinuak egin ditudala eta nik uste dut nerbioak zirela.

Ezagunagoa bilakatu zarela aipatu duzu, Salomon markaren parte izateak izango du zerikusirik, ezta?

Bai. Da kirol bat non "social mediak" eragin asko daukan eta Salomonek diru asko jartzen du honetan. Duela aste bat dokumental oso txukuna atera zuten, "Go Sara" izenekoa. Eta gaur [atzo], jende pila bati entzun dio lelo hori.

Etorkizunean mendiaz eta mendi lasterketez disfrutatzen jarraitzeaz gain, profesional izan nahi duzula diozu.

Bai eta uste dut gaurko emaitzarekin urrats bat aurrera eman dudala. Duela pare bat urtetik hona, diru asko sartzen ari da eta 23 urte ditut soilik, beraz bolada ona hartu dut. Duela 30 urte pentsaezina zitekeen.

Eta izan al duzu erreferenterik?

Bai, Oihana Kortazar, gaur [atzo] iritsi dela zazpigarren. Asko poztu naiz berarengatik eta niretzat erreferente bat izan da.

Urte honetan zer geratzen zaizu edo zein da zure egutegia?

Orain Golden Train World Series zirkuitua egiten jarraituko dut. Hilabete honetan egongo naiz Mont-Blancekoan eta lehen eta bigarrenak egongo ez direnez, nire asmoa bertan irabaztea da.

Oso anbiziosa zara? Burugorra?

Bai, asko. Korrikalari izateko burugogorra izan behar zara bestela inork ez dizu bultzatuko 42 kilometro egitera.