INFO

Txinak ez du Pazifikoko irlak bere altzora eramatea lortu

Bost urtetarako akordio sakona nahi zuen Txinak segurtasun eta ekonomia arloetan Pazifikoko irlekin. Trukean, dirutza eskaintzen zien maileguetan. Baina, AEBen eta Australiaren presioen ondoren, ez dute amore eman eta nolabaiteko orekan jarraituko dute.

Wang Yi Txinako Kanpo Arazoetarako ministroa eta Frank Bainimarama Fidji irletako lehen ministroa. ( Leon LORD | AFP)

Segurtasun akordio bat lortzeko Txinaren eta Pazifikoko hamar irlen arteko elkarrizketek ez dute Pekinek nahi zuen amaiera izan, hainbat agintarik ezinegona agertu dutelako.

Fidji irletako Suva hiriburuak gailur birtuala hartu du. Bertara iritsi da Pazifikoko irletara egiten ari den 10 egunetako bidaian Wang Yi, Txinako Kanpo Arazoetarako ministroa. Frank Bainimarama Fidjitako lehen ministroa alboan izan du eta gainerakoak Internet bidez parte hartu dute goi bileran.

Pekinen helburua Txinaren eta irlen arteko elkarlana bultzatzea zen, diplomazia, ekonomia, politika eta segurtasun arloetan, bost urtetarako akordio zabal baten bidez.

Txinak helburu handiak zituen: irletako poliziak trebatzea, ziber-segurtasunean lagundu, itsas hondoetako kartografiak egiteko baimena lortu eta haiek dituzten baliabideak, lurrean eta itsasoan, eskuratu ahal izatea.

Trukean milioika dolarretako «finantza laguntzak» eta «merkataritza askeko» akordioa eskaintzen zizkien, Txinako merkatu handira iristeko aukera ahaztu gabe. Horrela, bada, Txinak «garapenean dagoen herrialde handia» bezala aurkezten zuen bere burua, nazio txiki eta ertainen ondoan dagoena.

Gailurraren atarian, Xi Jinping-ek, Txinako presidenteak, mezu bat helarazi die, bere herrialdea «anai adeitsua» izango dela ziurtatuz eta «amankomuneko zoria» dutela gaineratuz. AEBen eta Txinaren arteko lehia nagusian, akordio horiek irlak Pekinen altzora eroriko zirela ohartarazten zuen Mendebaldeak.

«Betiko moduan, adostasuna lehenetsi dugu», azaldu du Fidjitako lehen ministroak. Txinako diplomazia buruak porrota onartu du, baina «etorkizunean elkarlanerako adostasun handiagoa lortzeko lanean» jarraituko dutela aurreratu.

Hori bai, 10 irlek Txina bultzatzen ari den Zetako Bide berrian parte hartzeko konpromisoa berretsi dutela azpimarratu du Wang-ek.

Gailurra itxia izan da eta Txinaz eta Fidjiz gain, bertan izan dira, bideokonferentzia bidez, Salomon irlak, Kiribati, Tonga, Vanuatu, Samoa, Papua-Guinea Berria, Kook irlak, Niue eta Mikronesiako Estatu Federatuak.

Gainerako agintariei helarazi zien eskutitzan, Mikronesiako agintariak, David Panuelok, gogor kritikatu zuen Txinak «gure gobernuak kontrolatzeko» eta «gure ekonomiaren arlo garrantzitsuenak bereganatzeko» asmoa.

Mendebaldetik presioak

AEBetako Estatu Departamentuak Txinarekin akordio «ilunak» eta «lausoak» ez sinatzeko dei egin zien herri hauei. Era berean, Australia Txinari zuzendu zitzaion, Pazifikoan bere segurtasun planak ez zabaltzeko exijituz. Zentzu horretan, irletan base militarrak zabaltzeko asmoa leporatu zion.

Pazifikoko irlek Txinarekin harreman onak nahi dituzte, baina ezin dituzte AEBak eta bere aliatuak albo batera utzi. Hori dela-eta nolabaiteko oreka bilatzen saiatu dira.

Fidjitako lehen ministro Bainimaramak «puntu geopolitikoak lortzeko lehiaketa» salatu du. «Lehia hori bost axola zaio itsasoko uraren gorakadaren beldur dagoenari, pandemiaren eraginez lanpostua galdu duenari eta behar-beharrezko produktuen prezioen igoerak jota dagoen familiari».