INFO

Hamar artatu Irunen, sute batean kea arnasteagatik, eta 50 pertsona etxetik aterarazi dituzte

Sua goizaldeko 01:50ean hasi da, egurrezko egitura duen eraikin bateko lehen solairuan. Kaltetutako eraikineko 50 bizilagun eta Casto Cantero kaleko 2 eta 8 zenbakietako bizilagunak etxetik atera dituzte. Guztira 10 lagun artatu behar izan dituzte kea arnasteagatik eta horietako lau ospitaleratu.

Suhiltzaileak, udal teknikariak eta Irungo Udaleko ordezkariak sutea izan den eraikinean. (Irungo Udala)

Hamar pertsona artatu behar izan dituzte astearte honetan Irunen kea arnasteagatik, eta horietako lau ospitalera eraman behar izan dituzte. Era berean, 50 bat bizilagun etxetik atera dituzte gipuzkoar herriko erdialdeko etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz, Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Gehienak dagoeneko beren etxeetara itzuli ahal izan dira eta suteak ez du egituran kalte handirik eragin.

Sua goizaldeko 01:50ean hasi da, egurrezko egitura duen eraikin bateko lehen solairuan, Casto Cantero kaleko 4. zenbakian, Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileek jakitera eman dutenez.

Sua itzaltzera joan diren suhiltzaileak bertaratu direnean, kaltetutako eraikineko 50 bizilagun eta Casto Cantero kaleko 2 eta 8 zenbakietako bizilagunak etxetik atera dituzte, segurtasun neurriak bermatzearren.

Sutea 02:40 aldera kontrolatu dute, baina suhiltzaileek hozten jarraitu dute 06:10 arte.

Artatutako pertsonetako lau Donostiako eta Irungo Bidasoa ospitaleetara eraman dituzte, eta Segurtasun Saileko iturriek agentziei azaldu dietenez, etxetik atera dituzten 50 pertsonetatik bostek bakarrik igaro behar izan dute gaua hotel batean, gainerakoak etxera itzuli ahal izan dira.

Cristina Laborda Irungo Gizarte Ongizate, Herri Lan eta Udaltzaingoko ordezkariak adierazi duenez, suhiltzaile taldeek, arkitektoarekin eta udal aparejadorearekin batera, kaltetutako eraikina aztertu dute, eta egituran kalte handirik ez duela ondorioztatu dute.

«Sutea gertatu den toki zehatza izan ezik, gainerako etxebizitzak egoera onean daude», azaldu du Labordak. Birgaituko den babestutako higiezina dela zehaztu du.

Jose Antonio Santano hiriko alkateak ospitaleratuta jarraitzen duten bi pertsonen «sendatze azkarra» espero duela adierazi du sare sozialetan, eta zerbitzu publikoei eskerrak eman dizkie «azkar» jarduteagatik, «gaitz handiagoak saihestu» dituztelako. Aldi berean, gertaerak «bizilagunengan larritasun handia» eragin duela azpimarratu du.