INFO

EH Bilduk Mugi eta Bildu egunak ospatuko ditu jaia eta aldarrikapena uztartuz

EH Bilduk Euskal Herriko 50 udalerri baino gehiagotan Bildu eta Mugi eguna ospatuko duela iragarri du asteazken honetan. Azaldu duenez, jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen topagunera «Euskal Herria hobetzeko tokian toki lan egiten duten duten pertsona guztiak» daude gonbidatuta.

EH Bildu Bilboko ‘Soñar’ muralaren aurrean, Bildu eta Mugi egunen aurkezpen ekitaldian. (EH Bildu )

EH Bilduk asteazken honetan Bilboko ‘Soñar’ muralaren aurrean iragarri duenez, Bildu eta Mugi eguna ospatuko du aurki Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotan. Ezkerreko indar abertzaleak azaldu du hitzordura «Euskal Herria hobetzeko tokian toki lan egiten duten pertsona guztiak» daudela gonbidatuta. Lehenengo ospakizuna ekainaren 9an Eguesibarren (Nafarroa) izango da.

Hego Euskal Herriko hiriburuei dagokienez, Bilbon ekainaren 10ean, ostiralean, ospatuko dute Bildu eta Mugi eguna. Iruñean, Gasteizen eta Donostian, aldiz, hurrengo egunean, ekainaren 11an, larunbatean, izango da hitzordua. 

EH Bilduren aburuz, uda hasiera «une paregabea» da elkartzeko. Zehazki, «Euskal Herrian maila lokalean antolatzen diren dozenaka borroka sozial eta herri mugimenduko lanketetan parte hartzen dugunok: aktibistak, militanteak, jende engainatua, gure auzoak, gure herriak, gure herrialdea hobetzeko helburua dugunok. EH Bildu osatzen duten pertsonak finean, eta baita, desberdintasunak desberdintasun, Euskal Herria hobetzeko tokian toki lan egiten duten duten pertsona guztiak».

Ildo horretatik, arreta berezia jarri du EH Bilduk gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonengan eta elkartasuna helarazten dien eragileengan: «Garrantzi berezia jarriz bazterkeria, muturreko esplotazioa eta oinarrizko eskubideen urraketa pairatzen duten horiekin elkartasuna adierazten dutenekin. Migranteen komunitateetako aktibistak, etxe langileen kolektiboak, langabetuenak, zaintza eta elkarlaguntza sareak, pentsionisten elkarteak, etxe kaleratzeen aurkako mugimendua…».

«Bildu eta Mugi egunak elkarrekin egoteko eta gure gizartearen eta herriaren balio eraldatzailearen garrantziaz jabetzeko egunak dira», azaldu du EH Bilduk. Hala ere, koalizio abertzaleak nabarmendu du jai giroa eta aldarrikapena uztartzeko egunak izango direla.

Era berean, EH Bilduk aurreratu du hitzorduak «esperientziak trukatzeko, elkar ezagutzeko, gure artean laguntzeko, gure borrokak sinkronizatzeko eta horien guztien parte bilakatzeko» baliatuko dituztela.