INFO

Frankismoaren biktimentzako kalte-ordainak legez arautzea eskatu du Elkarrekin Podemosek

Elkarrekin Podemosek 62 zuzenketa aurkeztu dizkio Memoria Historiko eta Demokratikoaren Euskal Legeari. Besteak beste, frankismoaren biktimentzako kalte-ordainak giza eskubideen urraketen beste biktima batzuentzat ezarritakoak baino txikiagoak ez izatea planteatu du.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Memoria Historiko eta Demokratikoaren Euskal Legeari Elkarrekin Podemosek 62 zuzenketa aurkeztu dizkiola jakinarazi du asteazken honetan Jon Hernandez legebiltzarkideak.

Koalizioaren ustez, lege-proiektuak «hutsune gehiegi ditu, eta zehaztasuna falta zaio» EAEn Memoria Historikoaren politikak behar bezala garatzeko. Horregatik, hainbat neurri planteatzen dituzte, hala nola biktimen errolda bat sortzea; biktimen erreparazio osoa, morala zein ekonomikoa; eta pertsona bat biktimatzat hartzeko kasuak zabaltzea, bai eta diktaduraren hondar egituren errepresioa jasan zutenentzako 1982ra arteko denbora tartea luzatzea ere.

Besteak beste, frankismoaren biktimei kalte-ordainak emateko betebeharra legez arautzea eta ezarritako zenbatekoak giza eskubideen urraketen beste biktima batzuentzat ezarritakoak baino txikiagoak ez izatea planteatu du Elkarrekin Podemosek.

Ez da koalizioak bere zuzenketen bidez proposatzen duen artikulu berri bakarra. Memoria hezkuntza sisteman sartzera zuzendutako beste bat ere jasotzen dute, eskola curriculumaren parte izateko derrigortasuna esplizituki jasoz eta irakasleen formakuntzarako neurriak planteatuz.

Gainera emakumeei zuzendutako artikulu espezifiko berri bat planteatzen du, «jasan zuten errepresioa espezifikoa, orokorra eta sistematikoa izan baitzen».

Elkarrekin Podemosek proposatzen du, halaber, Memoria Historikoaren Euskal Kontseilua sortzea, non mugimendu memorialistak parte hartuko duen; Gogora Institutuaren baitan ikerketa talde propioa eta adituen batzorde espezifiko bat, gerra eta frankismo garaian Euskal Herrian izandako giza eskubideen urraketari buruzko txostena egiteko; EAEko Memoria Historikoaren Zentroa sortzea, hiru lurraldeetan egoitzak izango dituena; eta gerraren testigantzen artxibo bat sortzea.

Beste proposamenetako bat uztailaren 18a kolpe militarraren eta diktaduraren biktimak oroitzeko eta omentzeko eguna izendatzea da, memoria historikoaren eguna.