INFO

Presoek euskara ikasteko duten eskubidea ofizialki aitortzeko pausuak eskatu dituzte

Euskal presoen euskara irakasleak Gasteizko Legebiltzarrean izan dira asteazken honetan. Bertan eskaera zehatza egin diete EAEko erakundeei: «HABEk bidea egin dezala gure ikasleak ofizial izendatzeko». 

Arkaiz Zarraga eta Leire Vitoria Gasteizko Legebiltzarrean izan dira asteazken honetan. (EUSKO LEGEBILTZARRA)

Euskal presoen euskara irakasleak diren Arkaitz Zarraga eta Leire Vitoria Gasteizko Legebiltzarrean izan dira asteazken honetan, «babesa eta laguntza» eskatzeko: «HABEk bidea egin dezala gure ikasleak ofizial izendatzeko».

Vitoriak Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean azaldu duenez, 2018an euskara irakasle talde bat sortu zen eta urrundutako presoekin hasi ziren lanean garaiko EGA eskuratzeko.

Hasiera batean zortzi irakasle eta bederatzi ikasle aritu ziren «baldintza eskasetan», «baina esfortzuak etekinak eman zituen eta euskarak ziegetako hormak zeharkatu zituen, eta bederatzi ikasle horiek EGA azterketa gainditu zuten».

Izandako arrakasta ikusita, HABErekin harremanetan jarri ziren, kartzeletan dauden ikasleak ikasle ofizial gisa har zitzan. Izan ere, ikasleen zerrenda handitu egin da ordutik hona, B1, B2, C1 eta C2 azterketak egiteko nahiarekin.

Tamalez, hiru urte pasa dira «eta jarraitzen dugu euskara eskolak espetxeetan baldintza penagarrietan ematen», gaitzetsi dute. Tutoretzak, esaterako, lagunen eta senideen bisitetan egin behar dituzte irakasleek.

Gainera, azterketak prestatzeko arazoak dituzte, entzumena prestatzeko inolako aukerarik ez dutelako, «espetxean entzungaiak sartzeko debekuarengatik». «Gure ikasleak azterketa batera joaten dira eta ez dakite nolakoa izango den», gaineratu du.

Idazlan bat zuzentzeko sei edo zortzi aste pasa daitezke. «Eta berdina gertatzen da gramatika ariketekin. Imajinatu nola luzatzen duen horrek ikasketa prozesua», adierazi du Vitoriak. Halaber, ohartarazi du ez dakitela noiz izango diren azterketak: «Azken deialdi honetan abisua iritsi zaigu hamabi egun lehenago».

Zarragak azaldu duenez, «egoera hau ez da berria». Duela hiru urte Legebiltzarrean egon ziren ofizialtasuna eskatzeko, eta oraindik ere borroka berdinarekin jarraitzen dute.

«Gure ikasleek ofizialak izateko egiten duten bidean, berez, ez litzateke inolako trabarik egon behar. Irakasleak ofizialak gara, HABEk kontrolatzen dituen euskaltegien irakasleak gara, eta sarbidea daukagu HABEren programa informatikoetan gure taldeak kudeatzeko», nabarmendu du.

Eta, haren esanetan, «kasu honetan adostu genuen HABErekin zein izango litzatekeen egin beharreko bidea», Q87 programan beste talde bat sortuz. Horretarako Barne Ministerioarekin akordio bat lortu behar zen, baldintzak zehaztuz.

Materialak sartu ahal izateko bide ofizialak erabiltzea proposatzen zuten irakasleak, kartzeletan egoten diren Ikasketa arduradunen bitartez; eta aurrez aurreko tutoretzak egiteko aukera planteatzen zuten.

«Hortaz HABErekin hitz egin genuen, ikusten genuelako konponbide erreza zela. Eta Bingen Zupiriak sinatutako dokumentu bat dugu, HABEk Espetxeetako Zuzendaritzara bidalitakoa, proposamen zehatz batekin», esan du irakasleak.

HABEk programa bat garatzeko konpromisoa hartzen zuen, eta horretarako baliabideak aurreikusten zituen. «Eskatzen zuen baliabide logistikoak eta programatikoak erraztea».

Leku aldaketak

Horiek dira gaur arte eman diren pausoak, eta presoen egoera asko aldatu da, azken hilabeteetan leku aldaketak ugaritu direlako, eta asko Hego Euskal Herriko espetxeetan daude dagoeneko.

«Alde ona hori da, baina leku aldatzeekin ikasteko aukera zailtzen da. Hori dela eta, deialdi honetan ikasle gehienek azterketa ez egitea erabaki dute, epeak ikusita oso zaila ikusten dutelako», deitoratu du Vitoriak.

Gainera, deialdi irekian aurkeztu behar dira, ikasle ofizialak ez direlako, «eta gainditzen dutena ez zaie gordetzen bigarren deialdirako», zehaztu du. Egoera honi aurre egiteko, erakundeek HABErekin landutako hitzarmena onartzeko eskatu dute irakasleek.

«Euskara jakin eta erabiltzea euskal herritar ororen eskubidea izanik, kartzelan dauden preso guztiei ikasteko eskubidea bermatu behar zaie. Eta berme hori euskal erakundeei dagokie», azpimarratu du.