INFO

Tratu «iraingarriak» ikertzerakoan Ertzaintzaren «gabeziak» salatu ditu Arartekoak

Manu Lezertua Arartekoak Ertzaintzaren «gabeziak» salatu ditu herritarren aurkako «tratu iraingarriak» ikertzerakoan. Gainera, «oztopoak» aurkitu ditu informazioa eskatzerakoan.

Manu Lezertua Gasteizeko Legebiltzarrean izan da asteazken honetan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ertzaintzak hainbat arlotan dituen «gabeziak» salatu ditu Manu Lezeartua Arartekoak. «Oztopoak» aurkitu ditu informazioa eskatzerakoan, eta kasu batzuetan jasotako informazioak ez du zerikusirik egindako eskaerarekin edota berandu heltzen da. Hala adierazi du Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasun eta Justizia Batzordean, zuzentzen duen erakundearen 2021eko txostena aurkezteko egindako agerraldian.

Arartekoak kritikatu egin ditu barne ikerketak aurrera eramateko dauden «zailtasunak», eta iragarri du Josu Erkoreka Segurtasun sailburuarekin elkarrizketa bat eskatzeko aukera aztertzen ari direla, antzemandako arazoak «zuzentzeko prest» dagoen egiaztatzeko. Izan ere, ohartarazi duenez, zenbait kasu «bereziki mingarriak» dira.

Txostenean Gasteizko Santiago Ospitalean eta Ertzaintzaren zaintzapean zegoenean zendu zen preso baten heriotzaren harira argitaratutako ebazpena agertzen da eta bertan «Poliziaren zaintzapean dagoen bitartean norbait hiltzen bada» ofizioz ikertu behar dela gogoratzen du. Horrekin batera, sexu eraso bat salatu nahi zuen neska adingabe batek Ertzaintzaren instalazioetan jasotako tratuari dagokionez aurkeztutako kexa nabarmentzen da.

«Kexan azaldu zenez, berak jaso zuen tratua ez zen neska adingabeak une horretan bizi zuen kalteberatasun bereziko egoerak eskatzen zuena, adingabea eta salatzen ari zen sexu erasoaren biktima zen aldetik. Horrez gain, bezperan adingabearen etxean bertaratu ziren agenteek izandako profesionaltasun eta enpatiarekin alderatuta, tratua oso bestelakoa izan zen», dio Arartekoak egindako lanak.

Txostenean ere azaltzen da pertsona batzuek zer arazo izan dituzten bide publikoan instalatutako bideokameren grabazioak eskuratzeko, beren defentsa juridikoa gauzatzeko. «Aipatutako arazoak gertatu dira, batez ere, agenteekin desadostasunak sortu direlako eta, horren ondorioz, atxiloketak egiten direlako agenteekin lotutako delituengatik, esaterako atentatua, erresistentzia, desobedientzia, etab., atxiloketa eragiten duen arau hauste penalaren froga bakarrak agenteek atestatuan egindako adierazpenak direnean».

«Emandako informazioaren arabera, eragindako pertsonek edo haien defentsa juridikoan aritzen direnek kasuan kasuko administrazioari grabazioak gordetzeko eskatzen diotenean, Poliziaren jarduketaren ondorioz bideratutako prozedura judizialetan froga gisa aurkezteko, jasotzen duten erantzuna izaten da irudiak suntsitu egin direla edota kamerak ez zirela grabatzen ari. Hala ere, kasu batzuetan irudiak beste Polizia kidego baten esku jarri ziren, ordea», dio.

Kasu horiek ikertzeko eta «zigortu behar direnean zigortzeko» eskatu du Arartekoak. Gainera, gogorarazi du gomendio bat eman zuela 2011n, ‘Berme sistema polizia-jardueretan’ izenekoa, eta deitoratu du oraindik ez direla martxan jarri dokumentu horretan jasotako neurri guztiak. «Gauza batzuk lortzen dira, baina arazoak daude», adierazi du.

«Etsigarria»

Txosten hori joan den martxoan aurkeztu zen, baina asteazken honetan Lezertuak Legebiltzarreko taldeen aurrean xehatu du. Azaldu duenez, Arartekoaren jarduera multzoa «dezente areagotu da; ia 12.500 jardueratara iritsi gara, beraz, %27 igo da 2020. urtearen aldean». 2021ean barrena, herritarrek 7.578 kexa eta kontsulta egin dizkiote Arartekoari, ofiziozko 47 espedienteren tramitazioa hasi da eta 4.667 jarduera burutu dira informazioa eta aholkuak eskatzen zituzten telefonozko kontsulten inguruan.

Gainera, 38 gomendio egin zizkien erakunde ezberdinei. «Egindako gomendio eta iradokizunen onarpen indize orokorrak behera egin du (gomendioetatik %59,10 ez dira onartu) 2020. urtekoaren aldean, batez ere kasu askotan ez delako administrazioaren erantzunik jaso ebazpena onartu duen ala ez jakinarazteko, eta, hortaz, Arartekoaren erakundeak azkenean onartu gabetzat jo behar izan dituelako», nabarmen du txostenean. Lezertuak aitortu duenez, egoera hau «etsigarria» da, gomendioak idazteak lan handia eskatzen duelako, legea aztertuz eta arrazoi juridikoak azalduz.