INFO

Literatura Unibertsala bildumak aurpegia berritu du bi titulu berri gehituz

Marina Tsvetaievaren ‘Ene anaia femeninoa’ eta Leonardo Sciasciaren ‘Todo modo’ dira Ereinen Literatura Unibertsala bildumako bi ale berriak. EIZIEk beste hiru martxan ditu. Aurrerantzean helburua da eskaintza anitzagoa sortzea eta publiko berrira iristea.

Gaizka Ugaldek eta Joxe Mari Berasategik euskarara ekarri dituzten tituluen aurkezpena.i (Jon URBE | FOKU)

Lakuako Gobernuak eta EIZIEk sustatzen duten Literatura Unibertsala bildumak hamar urte bete ditu, eta hirugarren aroan sartu da 32 titulurekin. Honen ardura da mundu mailako literaturako maisulanak euskaratzea, euskal irakurleek ere eskuragarri izan ditzaten. Lan hauek badute eragina euskal literaturan, egileek euskaraz irakurri ahal izatean, horietatik edan dezaketelako euren lanak aberatsagoak izan daitezen.

Ereinek argitaratzen duen sail honetan aldaketak egitea erabaki dute, irakurle berriak erakarri eta egungo publikoarentzat aproposa izan dadin. Alde batetik, azalak Alain Urrutia ilustratzaileak egingo ditu aurrerantzean. Bestetik, argitalpenen zerrenda berritu egin dute eta anitzagoa izan dadila saiatu dira; orain ez daude hainbeste gizon eta hainbeste europar, eta jatorrian hizkuntza desberdinetan idatzitakoak aukeratu dituzte. Azkenik, saiakera bat egingo dute bilduma publiko gehiagora iris dadin, eta horretarako aurkezpen gehiago eta mahai inguruak antolatuko dituzte.

Lortu nahi dute aniztasun horren adibide dira aurkeztu berri dituzten bi tituluak: Marina Tsvetaievaren ‘Ene anaia femeninoa’, Joxe Mari Berasategik itzulia, eta Leonardo Sciasciaren ‘Todo modo’, Gaizka Ugaldek itzulia. Itzultzaileek ere aniztasuna islatzen dute, Berasategik eskarmentu handia baitu itzulpengintzan, baina Ugalde hasiberria da. Bide horretatik jarraitu nahi du EIZIEk, eta jada hiru titulu berri euskaratzea erabaki du, non beste behin lehiaketa egingo duen itzultzailea aukeratzeko.

Egungo gaiak duela mende bat

Tsvetaieva poeta izan zen, literatura errusiarreko egilerik esanguratsuenetako bat, Berasategiren hitzetan, zeinek hizkuntza modu ausartzean erabiltzen zuen. Ostegunean aurkeztutako lana prosan idatzi zuen gutun laburra da, Natalie Clifford Barneyren ‘Pensées d'une Amazone’ testuari erantzuna emateko asmoz. Bi emakume lesbianen arteko maitasun gutuna da honakoa; bata gaztea eta bestea askoz zaharragoa. Batek ama izateko desira du eta horrek sortzen duen gatazkaren inguruan aritzen da testuan. «Duela 100 urte idatzi zuen arren, egun feminismoari esker puri-purian dauden gaiak lantzen ditu. Berak aipatzen du ea posible izango den ugalketa lagundua lesbianentzat», aipatu du Berasategik.

Gutunean esaten denaren arabera, Tsvetaievak planteatzen du lesbiana izatea eta ama izatea ez direla bateragarriak, eta ama izateko modu bakarra «norbere buruari uko egitea» litzatekeela; hau da, gizon batekin harreman bat hasi, maitasuna edo amatasunaren artean aukeratu behar zuten. Homosexualitatea erlijio kristauan nola ikusten den ere aipatzen da. Hitzaurrean egilearen biografia laburra gehitu du Berasategik.

Fikzio dibertigarria

‘Todo modo’ Sciasciaren eleberri ezagunena da. Ugaldek esan du berarentzat fikzioa itzultzea gozagarria izan dela, nahiz eta esaldi bakoitza hiru aldiz irakurri behar izan duen ondo itzultzeko. Bere lanen zehar hiru erregistro identifikatu ditu, guztiek bat egitean ondo gelditzen direnak. «Narrazioan gizon bat aurkezten zaigu, askatasunaren bila autoarekin noraezean dabilena. Honek leku berezi batean gauza bitxiak egiten dituen jende talde batekin egiten du topo, eta orduan komedia erabiltzen du. Hirugarren erregistroa norgehiagoka filosofikoa da, talde horren gurua eta narratzailearen artean sortzen dena», azaldu du.

Hirurek bat egiten dutenean irakurlearen partaidetza beharrezkoa dela esan du itzultzaileak. «Buruari eragiteko liburua da, eta baita ere oso dibertigarria», adierazi du.