INFO

Gasteizko auzoetako jai batzordeek komun eramangarriak exijitu dizkiote Udalari

Gasteizko auzoetako jai batzordeek Udalak jaiekiko duen jarrera salatu dute. Komun eramangarriak eskatu dizkiote, eta Osoko Bilkuran onartu arren, Udal Gobernuak ez dituela jarriko helarazi die.

Gasteizko auzoetako jai batzordeen prentsaurrekoa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arana, Judimendi, Adurtza, Txagorritxu, San Kristobal, Lakuarriaga, Abetxuko-Mikelin, Zaramaga, Zabalgana, Zaharraz Harro eta Salburuako jai batzordeek prentsaurrekoa egin dute ostiral goiz honetan, Udalari komun eramangarriak exijituz jaietarako.

Batzordeek gogoratu dutenez, jaiek hiria «aberasten» dute, «eskaintzen duten kultur eskaintzari eta pizten duten gizarte kohesioari esker».

«Auzoko jaiek, Udalak urtean zehar antolatzen dituen gainontzeko jarduerek ez bezela, hiriaren periferian bizi direnei ahotsa ematen diete eta horregatik beharrezkoak dira. Orain inoiz baino gehiago, gertatzen ari denaren ondoren», nabarmendu dute.

Jai horiek arrakastaz egin daitezen, sor daitezkeen behar guztiei aurre egiten saiatzen dira batzordeak: aseguruak, instalazio elektrikoak, azoka esparruak, bizilagunei abisua ematea, inprimategiak, kartelak... eta, azaldu dutenez, aspalditik lantzen ari diren alderdi bat txiza egiteko komunena da.

«Joan den urtean, maiatzean, udalari eskatu genion bainu kimiko eramangarriak instalatzeko auzoko jaietan. Euren erantzuna: iaz ez zela behar, baina aurten aztertuko zuela. Eskaera egiteko arrazoia bikoitza zen: jendeak kalean pixa egiteak dakarren zikinkeria saihestea, eta bestetik, emakumeak* seguruak ez diren txokoetara joan behar izatea saihestea», gogoratu dute.

Baina Udalak hartu zuen konpromisoari ez diola erantzunik eman salatu dute gaurkoan jai batzordeek: «Idatziz eskatu zaio saileko teknikari arduradunari eta Udal Batzordean eskatu da, erantzunik gabe. Osoko bilkurara eraman zen. Osoko bilkuraren gehiengoaren aldeko botoak, gainerako abstentzio botoak izanik. Hala ere, ez dute komunik jarriko, bozketa horretan ebatzitakoa derrigor bete behar ez dutela argudiatuz».