INFO

Sara Alonsok Espainiako txapelketa irabazi du eta Onditz Iturbe azpitxapeldun izan da

Iaz, mendi lasterketa klasikoaren modalitatean, 23 urtez azpiko mailan gailendu zen Sara Alonso eta aurten maila nagusian irabazi du. Onditz Iturbe bigarren helmugaratu da, irabazlearengandik minutu bat eta 27 segundora. Bilbao Atletismo taldeak pilatu ditu emaitzarik onenak.

Sara Alonso erdian, Onditz Iturbe eta Yolanda Martinekin batera. (CARRERASDEMONTAÑA.COM)

Sara Alonsok 2022. urtea hobetzen jarraitzen du. Transgrancanaria txapelketa irabaztetik hirugarren geratu zen Zegama-Aizkorri mendi maratoian –bere estreinakoan eta denbora oso ona eginez–, bada astebete beranduago mendi lasterketa klasikoaren Espainiako txapelketa irabazi du. Pasa den urtean, 23 urtez azpiko mailan nagusitu bazen, aurten maila nagusian ere onena izan da.

Ordu bat 32 minutu eta 22 segundo behar izan ditu 18,5 kilometroko mendi ibilbidea egiteko. Rioparren jokatu da, Albaceten, eta bigarren sailkatua ere euskalduna izan da, Onditz Iturbe, donostiarrarengandik minutu bat eta 27 segundo beranduago helmugaratuta (1:33.49). Emakumezkoetan, Atletismo Bilbao klubeko korrikalariek osatu dute podiuma, hirugarrena Yolanda Martin soriarra izan baita (1:36.46) eta beraz, taldekako sailkapenean onena izan da klub bilbotarra. CE Penedes eta Atletismo Albacete (iazko txapelduna) izan dira bigarren eta hirugarren talderik onenak.

Gizonezkoetan, Alex Garcia Carrillo (Atletisme Crevillent) izan da onena eta bere kasuan ere, estreinakoz irabazi du Espainiako txapelketa. Alacanteko korrikalaria bigarren izan zen pasa den urtean eta aurten, arantzatxoa kendu ahal izan du. Bere atzetik, soilik 56 segundora Albert Lizandra (Riba-Roja Turia) helmugaratu da eta Marcos Ramos (Zenit Atleet) izan da hirugarrena.

Taldekakoan, Metaesport Riba-Roja Turiak batu ditu emaitzik onenak eta bere atzetik, Surco Lucena eta Zenit Atleet La Mafia.

Maite Maiora, laugarren Austrian

Austrian, bestalde, Munduko Kopako proba bat lehiatu da eta Maite Maiora laugarren postuan helmugaratu da. Korrikalari euskalduna, aurten, batez ere Skyrunners World Series zirkuituan dabil buru belarri eta Hochkönig Skyrace txapelketan bere maila ona aldarrikatu du.

Ibilbide nahiko teknikoa izan ohi da Austriako probakoa, 33 kilometroko luzera duena eta 2.700 metro positibo batzen dituena.