«Zalaparta hobekien kudeatzen duenak asko izango du irabazita»
«Gogotsu» eta «lan gehiena eginda». Hala iritsi da Ampo Ordizia gaur jokatuko duen Ligako finalera. Goierritarren entrenatzaileak NAIZ Irratian adierazi du «munduko errespetu guztia» dutela, baina duela sei urteko helburua lortuta –final batera iristea, alegia–, oraingoan titulua nahi dutela.
Sant Boiko Baldiri Aleu errugbi zelaiak Ohorezko Mailako finala hartuko du gaur, 12.00etan, eta bertan arituko dira aurrez aurre Unio Esportiva Santboiana eta Ampo Ordizia, liga erregularrean bigarren eta laugarren amaitu zuten taldeak, hurrenez hurren. Goierritarrek Kawa Leauma zendutako jokalariari eskaini nahi diote Liga titulua.
Gaur errugbiko Ligako finala jokatuko duzue Santboianaren aurka. Nola dago taldea?
Gogotsu. Egia esan, asko borrokatutako urtea izan da eta amaiera arte iristea, finaleraino, handia da, eta orain gogotsu gaude. Ia garaipena lortzen dugun.
Denboraldiaren azken txanpan sartuta, nekea ere badago. Nola gestionatu dira entrenamendu horiek?
Lan gehiena eginda dago; ezer berririk ez dugu egin aste honetan. Joan den asteko oso partida gogorretik jokalariak errekuperatu behar ditugu. Hori oso garrantzitsua da, joan den asteburukoa oso partida gogorra izan baitzen, eta gero ahalik eta hobekien prestatu detaileak.
Joan den astean, liga erregularreko liderra, El Salvador, mendean hartu zenuten Valladoliden bertan. Oso motibatuta egongo zarete, eta horrek lagunduko du finalera begira, ezta?
Bagenekien partida hori atera genezakeela. Bagenekien partida eta aurkaria oso zailak zirela. Kanpotik ikusita, haien etxean irabazteak ezinezkoa zirudien, baina guk fede osoa genuen eta gauzak pixka bat irudikatu genituen bezala atera ziren eta zorionez emaitza atera genuen. Horrek, noski, energia asko ematen dizu, baina ez dugu aurkaria gutxiesten. El Salvador eta Santboi urte osoan indartsu ibili dira, eta Baldiri Aleu Valladolideko zelaia bezain gogorra edo are gogorragoa da. Munduko errespetu guztiaz jokatuko dugu finala.
Joan den astean Julen Goiari aipatzen genion Ligako zein Kopako partidak galdu zenituztela haien aurka, baina berak aipatzen zigun taldea ez zegoela erabat osatuta; jende gaztearekin, bajak tarteko. Nabaritu da orain esperientzia handiagoko jokalarien presentzia?
Bai. Egia esan, joan den astean, bai jokalari esperientziadunek bai gazteek burua beren tokian izan zuten; argi zuten zer eta nola egin behar zen, eta talde heldu bat ikusi genuen. Gutxi gorabehera, zazpi urte daramatzagu bloke berarekin lanean, ideia berberekin eta norabide berean, eta nik uste dut momentu zailetan nabaritu dela urte horietako guztietako lana.
«Badakigu animikoki eta emozionalki jokalariak ehuneko ehunean egongo direla eta energia horiek guztiak errugbidera bideratzea dela orain lana»
Satboianak fase erregularra bigarren amaitu du. Elkarren aurkako aurrez aurrekoan, 34-32 gailendu zineten Altamiran. Non egon daiteke gakoa?
Nire ustez, gakoa mentalki gu nola iristen garen izango da. Aurkarian ez ezik, gure buruan ere fokua jarriko nuke. Badakit Ordizia bezalako klub txiki batentzat aste hau eta finala oso handiak direla, zalaparta asko sortzen ari da, inguruan gauza asko daude… Beraiek ere, ehungarren urteurrena izanda eta urte luzez honelako aukera bat izan gabe, antzeko egongo dira. Bi taldeetan presioa eta inguruan dagoen zalaparta hori guztia hobekien gestionatzen dakienak asko izango du bere alde.
Lehen aipatu duzu lana eginda dagoela. Bereziki aspektu konkreturen bat landu duzue aste honetan partida horri begira?
Ezer berezirik ez. Errugbi partida bat dela oso kontziente gara. Badakigu animikoki eta emozionalki jokalariak ehuneko ehunean egongo direla eta lana energia horiek guztiak errugbira bideratzea dela orain. Azkenean, garailea partidak erabakiko du, eta askotan ematen du honelako egunetan gauza asko sortzen direla inguruan, baina gure ustez, askoz ere sinpleagoa da: dakiguna egin, jarraitu beharreko plana jarraitu eta gauzak ondo badoaz eta aurkaria baino hobeak bagara, garaipena lortuko dugu.
2002az geroztik, lehenengoz izango zarete errugbi Ligako finalean. Pena izango litzateke aukera honi ihes egiten uztea, ezta?
Kirola da. Pena izango litzateke, noski, baina Liga formatu honek –liga erregularra eta ondoren play offak dituena– oso gauza onak ditu. Gure kasuan bezala, laugarren amaituta, finalean egoteko eta txapeldun izateko aukera dugu. Alderdi txarra da, garaileak izan ezik, gainontzeko guztiek Liga triste bukatzen dutela. Azken urteak horrelakoak izan dira: azken partida galduta etxera joaten zara triste, baina nik uste dut jakin behar dugula baloratzen egindako lana. Oso kontziente izan behar dugu talde honek aurten egindakoaz, zentzu guztietan: ikaragarria izan dela eta ez zaiola inongo meriturik kendu behar.
«Zergati handi bat dugu egunero entrenatzeko eta partida guztiak jokatzeko [Kawa Leauma] eta zergati horri erantzuna bilatu nahiak finalera ekarri gaitu»
Eta aukera paregabea, nola ez bada, zaleei ez ezik, Kawa Leaumari titulua eskaintzeko, ezta?
Hori da. Talde honek pasatu dituen gauza horien guztien artean, nagusia horixe izan da. Aste hauetan askok esan didate talde honek zein ondo dakien sufritzen, talde honek asko sufritu baitu aurten, eta sufrimendu horretatik elkarrekin atera gara: norabide berean joan gara denok eta ikasi dugu; batez ere, “zergatik bat” bilatzen. Zergati handi bat dugu egunero entrenatzeko eta partida guztiak jokatzeko eta zergati horri erantzuna bilatu nahiak hona ekarri gaitu: finalera ekarri gaitu.
Finala jokatu aurretik, nola baloratzen duzu denboraldia?
Urtero taldearen helburuak jokalariek beraiek jartzen dituzte. Aldageletatik ateratzen da helburua eta amaiera arte joaten gara helburu horrekin. Duela hiru urtetik helburua Kopako edota Ligako finala jokatzea da. Horri begiratuta, helburua beteta dago sobera, baina jakin behar dugu, hasieratik, helburu hori ikaragarri zaila dela. Ligako finalera iristeko lan asko egin behar da, egun asko, partida asko… Liga oso luzea da play offetan ondo kokatzeko, eta ondoren, play offetan gauzak oso ondo egin behar dira; zorte pittin bat behar duzu, fisikoki ondo iritsi behar duzu. Talde honek aurten eta azken sei urteetan egiten ari dena ikaragarria da; pausoz pauso hazten ari da, eta ezingo nuke esan balorazioa bikaina ez denik.