Alba Menendez eta Esther Arrojeria binomioa, Bera Beraren muina beste urte batez
Esther Arrojeria eta Alba Menendez gipuzkoarrek beste urtebetez jokatuko dute Bera Beran eta biek ala biek onartu dute akordio batera iristea «oso erraza» izan dela. Ez dute beraien burua beste nonbaiten jokatzen ikusten eta beraz, pozik agertu dira «etxean» jarraitzeko aukera izateagatik.
Alba Menendezek 14. denboraldia jokatuko du Bera Beran. 14 denboraldi elitean lehiatzen. Onartu du exijentea dela hainbeste urte goi-mailan ematea baina «etxean izanda, gainera tituluak irabazten egonda» malda samurragoa egiten dela.
Hamargarren denboraldia izango du Esther Arrojeriak eta Bera Beran jarraitzeko aukera izateagatik «zortedun» kontsideratzen da. Kirolari gisara eta pertsonalki, dena ematen dio klub donostiarrak, usurbildarrak onartu duen legez.
Egungo Bera Bera ez da ulertzen Menendez eta Arrojeria binomio gabe –taldeak irabazi dituen liga garaikur guztietan egon dira– eta jokalariek beraiek ere ez dute ikusten beraien burua beste talde batean lehiatzen. «Elitean jokatzen hasi nintzenetik Bera Beran jokatu dut eta ez naiz ikusten beste talde batean», adierazi du Usurbilgoak.
Zarauzkoak ere ezin du «gehiago eskatu». Batzar bat eta erdian iritsi ziren akordiora, zehaztu duenez eta Arrojeriak, txantxetan adierazi du, berak batzar batean nahikoa izan zuela hitzarmena berritzeko. Era berean, Menendez alboan izatea garrantzitsutzat jo du usurbildarrak baita taldean euskaldunak eta gipuzkoarrek garrantzia izatea ere: «Neska txikientzat garrantzitsua da euskaldunak, gipuzkoarrak elitean lehiatzen ikustea, posible dela ikusi dezaten».
Lan asko egin dute biek ala biek eta taldearentzat ezinbesteko piezak bihurtu dira. Halaxe adierazi du Tati Garmendiak, «taldearen bihotza» osatzen dutela deskribatuz.
Taldean lehikortasuna izateak hobeak egin dituztela azaldu du Alba Menendezek eta zerbait hobetuko zuela eman du ulertzera, «17 urterekin iritsi bainintzen eta orain 30 ditut». Tati Garmendiak ere berretsi du zarauztarraren bilakaera, jokalari gisara azken urtea jokatu zuenean iritsi baitzen Menendez taldera. «Defentsa lanetan aritzen da gehienbat baina erasora batzen den aldiro aportazio onak egiten ditu», esan du Garmendiak.
Saileko arduradunak zehaztu du Arrojeria kirol ibilbideko heldutasunera iritsi dela eta urtero, gero eta ardura gehiago hartzen dituela. Usurbildarra, alde horretatik, ados agertu da bere ibilbideko momentu onenetako batean aurkitzen dela, alboratuak zituen jokoko fazeta batzuk berreskuratu dituelako. Gainera, Espainiako selekzioaren deialdian sartu da Mediterraneo Jokoetan lehiatzeko.
Zarauztarra zein usurbildarra bat etorri dira liga gero eta lehiakorragoa izatea onuragarria izango dela denentzat, baita Bera Berarentzat ere. Datorren denboraldian titulu guztiak irabazteko borrokatuko dutela argi utzi dute baina gogoratu nahi izan dute aurten irabazitako ligan ere izerdi nahikoa bota dutela, nahiz eta hiru jardunaldiren faltan txapeldun izan.
«Azken urteetan kosta zaigu Kopan eta Superkopan eta horrek balio handiagoa ematen die irabazitako beste tituluei», gaineratu du Arrojeriak. Menendezek, bestelde, ohartarazi du orain gero eta zailagoa dela denboraldi bakar batean hiru titulu irabaztea, 2013-2014 eta 2014-2015 denboraldietan erdietsi zen legez.