INFO

Gipuzkoan ereindako hazia zabaltzeko lehen pilota egokituko topaketak egingo dituzte Azpeitian

Urritasun fisikoa duten 13 pilotari eta adimen urritasuna duten beste 17 elkartuko dira larunbatean elkarren artean lehiatu eta esperientziak trukatzeko asmoz.

Aurten Eibarko Astelenan jokatutako gurpildun aulkiko Irekiaren irudi bat (EMC)

Bazterketarik gabeko pilota baten bidean urrats garrantzitsu bat emango da larunbat honetan Azpeitian bertan egingo den Euskal Herriko pilota egokituko topaketaren baitan. Jardunaldi hauen helburua zehatza da; Gipuzkoan orain dela 12 denboraldi hasi zen hazia Euskal Herri guztira hedatzea da, etorkizun labur batean Euskal Herriko Pilota Egokituko txapelketa antolatu ahal izateko. Helburu garrantzitsu hau lortzeko, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako batzar orokorrak aurrerapauso garrantzitsu bat eman zuen 2020an, Euskal Pilotako arautegi orokorrean, Pilota Egokituko arautegi propioa onartuz, horrela antolatzen diren eta antolatuko diren txapelketak erregulatzeko erraminta sortuz.

Momentuz, larunbat honetako ekitaldian 30 pilotari elkartuko dira, urritasun fisikoa duten 13 (7 gipuzkoar eta 6 bizkaitar) eta adimen urritasuna duten beste 17 (7 gipuzkoar, 4 bizkaitar eta 6 arabar). Aurten ez da ez nafarrik ez Ipar Euskal Herriko ordezkaririk izango, baina etorkizunerako ateak erabat irekita dituzte.

Bi espezialitate

Topaketak bi espezialitatetan egingo dira, gomazko paleta gurpildun aulkian eta paletaz teniseko pelotarekin adimen urritasuna duten pertsonentzat. Goizez, pilotariak Betharram eta Izarraitz pilotalekuetan banatuko dira. Lehenengoan adimen urritasuna duten pertsonak arituko dira eta zenbait jolas, ariketa desberdinak eta lehiaketa txiki bat egingo dituzte. Izarraitzen gomazko paletako gurpildun auliko pilotarientzat zuzendutako saio didaktiko bat eta lehia txiki bat izango dituzte.

Goizeko saioa bukatu eta gero, topaketan parte hartu duten pilotari, laguntzaile eta antolatzaileentzat bazkari bat izango da eta arratsaldean denak Izarraitz pilotalekura itzuliko dira. Bertan adimen urritasuna eta gurpildun aulkiko pilotarientzat zuzendutako jolasak izango dira, baita ariketak, erakustaldiak eta lehia ere bai.