INFO

Gasteizen 4.400 haur pobrezia larrian daudela ohartarazi du ikerketa txosten batek

Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, Gasteizen 4.400 adingabe pobrezia larrian daude, eta 1.500ek ezin dituzte oinarrizko premiak bete, adibidez, egunean elikagai proteikorik jan. EH Bilduk behar horiei berehala erantzuteko aurrekontu zuzenketa bat eskatu du.

Arabako haur-pobreziaren gaineko txostenak datu kezkagarriak eman ditu. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuak (GIIZ) egindako txostenak kezkatzeko datuak ondorioztatu ditu: 6.000 adingabe inguru pobrezian bizi dira Gasteizen eta, horietatik, 4.400 adingabe «pobrezia egoera larrian» daude. Horrek esan nahi du, adibidez, ezin dutela bigarren eskukoa ez den arropa edo aisialdirako materiala eskuratu.

Arabako EH Bilduk txostenaren inguruan larritzeko arrazoiak daudela iritzita, jarduteko «berehalako» neurriak hartzera dei egin du. Izan ere, erantsi duenez, 1.500 adingabe «pobrezia egoera oso larrian» bizi dira, hau da, ezin dute egunean janari proteikorik jan, fruta eta barazkirik ezin dute eskuratu edo meteorologiarako egokiak diren oinetakoak ez dituzte.

Rocio Vitero koalizioko zinegotziak adierazi duenez, «Araba da haur pobreziaren indize handiena duen EAEko lurralde historikoa (…), eta behar horiei berehala erantzuteko aurrekontu zuzenketa bat defendatuko dugu», adierazi du ohar bidez.

Araban pobrezia-indizea %7,3an dagoen bitartean, Gipuzkoa eta Bizkaian %5ekoa da, azaldu du koalizioak.

Datuak GIIZek eginiko ‘Gasteizko haurren eta nerabeen egoerari buruzko bigarren azterketa diagnostikoa’ txostenetik atera dira. Txosten hori Haur eta Nerabeentzako hurrengo Tokiko Plana (PLINA) egiteko lehen urratsa da, eta joan den apirilean aurkeztu zuen Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak, «datu horiek eman ez zitzan», uste du Viterok.

«Azterketaren datuen eta ondorioen irakurketa partziala egin zuten, eta ez zuten azpimarratu gure udalerriko ia 6.000 haur pobrezia egoera larrian daudela. Azterlanak agerian uzten ditu oinarrizko premien estaldurarik ezaren egoera larriak, babesgabetasun egoeretan dauden adingabeen kopurua handitzekoak... EH Bilduk uste du ezin dugula itxaron, premiazko neurriak hartu behar direla», adierazi du bestetik Alberto Porras EH Bilduko zinegotziak.

Laguntza eskaerak, goranzko joeran

Txostenak dio, gainera, pandemiaren eta ondorengo krisiaren ondoren gizarte zerbitzuen eskariak %20 handitu direla. Halaber, ohartarazi du adingabeak ardurapean dituzten 400 familia gizarte zerbitzuetan artatzen ari direla, eta urtero %15 handitzen dela artatutako familien kopurua.

Azkenik, gehitu du 2020. urtean babesgabetasun arazoak zituzten 1.113 adingabe artatu behar izan zituztela. «Haur pobreziari buruzko datu horien atzean Gasteizko milaka etxekoen unitateren errealitatea dago, horietan bizi direnen pobrezia egoera eta babesgabetasun egoera oso larria baita. Ezin dugu onartu gure udalerrian horrelako muturreko egoerak gertatzea. Neurriak hartu behar dira, EH Bilduk aurkeztutako aurrekontu zuzenketa premiaz ezartzen hasita», ondorioztatu du Viterok.