INFO

Osakidetzaren «desegitearen» aurka manifestazioa deitu dute sindikatuek ekainaren 26rako Bilbon

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek ekainaren 26rako manifestazioa deitu dute Bilbon, Osakidetzaren prekarizazioaren aurka. Gotzone Sagarduiren adierazpenak azken urteetan Lehen Arreta desegiteko prozesuaren beste urrats bat besterik ez direla salatu dute.

Urtarrilaren 23an sindikatuek egindako mobilizazioa Osakidetzako lehen mailako arretaren egoeraren aurrean. (Raul Bogajo | FOKU)

Lakuako Gobernuak Osakidetza «desegin eta prekarizatu» nahi duela salatzeko, manifestaziorako deia egin dute Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek. Hala erabaki dute ostiral honetan Bilbon egin duten bileran. Ekainaren 26an Bilbon elkartuko dira Osakidetzako langileak eta herritarrak, 12.00etan, osasungintza publikoaren defentsan. Aldi berean, ekainaren 22an kontzentrazioak eta itxialdiak egingo dituzte udan ordutegi murriztua duten osasun zentroetan.

Izan ere, aste honetan Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak egindako adierazpenak «oso larriak direla» uste dute sindikatuek. «Berriak ez izanagatik, agerian utzi dute Eusko Jaurlaritzaren Lehen Arreta desegiteko eta gainerako arreta mailak prekarizatzeko borondatea. Eta, beraz, pribatizazioari bide emateko asmoa», adierazi dute. Hori dela eta, manifestazioa deitu dute ekainaren 26rako.

«Sailburua ez da gai profesionalei eta herritarrei eskubideak murrizten ez dizkieten neurriak planteatzeko, eta, horrez gain, hitzez esandakoaren arduragabekeria ikusita, osasun arloko arduradun nagusi gisa dimisioa ematea baino ezin da izan ondorioa», kritikatu dute manifestazioa deitu duten sindikatuek.

Halaber, gogoratu dute egoera hau «ez dela bat-batean gertatu» eta Lehen Arretari dagokionez, «langile falta urteetan hartutako erabaki politikoen ondorioa» dela. Alde batetik, salatu dute, «lan baldintza eskasengatik» askok alde egin dute. Eta, bestetik, sindikatuek urteak daramatzate ohartarazten «langile gehiago behar zirela etorriko ziren hutsuneei aurre egiteko».

Erabaki politikoen «adibide garbia» da aurrekontuekin gertatzen ari dena. Sindikatuek emandako datuen arabera, osasun inbertsio publikoan Europako batez bestekora iristeko 1.674 milioi euro gehiago inbertitu beharko lirateke EAEn. Grezia, Estonia edo Portugal bezalako herrialdeen atzetik dago.

«Errealitate bakarra da profesionalen falta aitzakia ezin hobea bihurtu dela Lehen Arreta desegiteko, ez baita hori ez den beste plan alternatiborik proposatzen. Alternatiba bakarra osasun zentroak ixtea edo bertako pertsonala gutxitzea da, gaixo kopurua eta lan karga berdin-berdina izango bada ere. Ondorioz, bai lan baldintzak, bai zerbitzua prekarizatuko dira pazienteak sistematikoki mugitu beharko direlako, bereziki ahulenak, eta arreta zerbitzua murriztuko delako«, ohartarazi dute.

«Funtsezko zerbitzu publiko baten aurkako eraso honen aurrean», dei egin diete langileei, gizarte mugimenduei eta biztanleriari, oro har, osasun publikoaren murrizketa sistematikoaren aurka mobilizatzeko.