INFO

Euskara, jalgi hadi futbol zelaira

Bilboko Hamabi gailendu zen euskara bultzatzea xede zuen futbol txapelketako lehen edizioaren sailkapenean, baina sari bereziena Ortzaizeko Arranoak taldeak eraman zuen euskara gehien erabiltzeagatik.

Ortzaizeko Arranoak eta Bilboko Hamabi taldearen arteko norgehiagoka. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bernat Etxepareren «euskara, jalgi hadi plazara!» leloari jarraipena emanez, Euskal Herriko toki ezberdinetako lau futbol taldek euskera bultzatzea xede duen txapelketaren lehen edizioa ospatu zuten larunbat honetan Lezaman.

Bilboko Hamabi, Union Tutera nafarrak, UDA Aretxabaleta gipuzkoarrak eta Ortzaizeko Arranoak izan ziren parte hartu zuten taldeak. Athleticen kirol instalazioetan jokatu ziren partidak eta Jose Angel Iribar atezain zuri-gorri mitikoak eta zuzendaritza batzako kide izandako Iker Goñi bertan izan ziren.

Denek denen aurka jokatu zuten eta Hamabi taldea izan zen nagusi sailkapenean. Aretxabaletak bigarren tokian amaitu zuen, Union Tuterak hirugarren eta Arranoak taldeak laugarren. Guztiek jaso zituzten sariak, baina bereziena Ortzaizeko jokalarientzat izan zen. Iribarren eskutik jaso zuten saria euskera gehien erabiltzeagatik. Bertso batekin eskertu zuen Arranoak taldeko jokalari batek.

Sortutako harreman bikainaren ondorioz, bigarren edizio bat antolatzeko gogotsu daude Bilboko Hamabi taldean. Christian Arean presidenteak azpimarratzen duenez, txapelketaren ostean Lezamako sagardotegira joan ziren zerbait jan eta edatera eta oso polita izan zen lau taldeetako jokalarien artean egon zen giro ona.

Izan ere, gogoratzen duen bezala Bilboko Hamabi 2019an sortu zen futbolaren bidez euskaldundu eta euskarara hurbiltzeko. Gizonezkoen taldea izan dute azken hiru denboraldietan, baina aurten ezin izan dute emakumezkoena atera jokalari taltagatik. Hori dela eta, hurrengo denboraldira begira areto futboleko talde bat egitea pentsatzen ari dira emakumezkoentzat.