INFO
Entrevue
Ainhoa Etxeberria eta Mirene Moreno
Bera Berako jokalari ohiak

«Txapeldun den taldean egon gara hiru urtez, harro joan behar dugu, bihotza handi daukagula»

Ainhoa Etxeberriak eta Mirene Morenok ez dute Bera Beran jarraituko datorren denboraldian. Hiru urteko etapa itxi dute, une gazi-gozoak bizita, eta NAIZekin horiek guztiak errepasatu dituzte. Arlo mentala izan dute hizpide, bai eta zer motatako jokalari eta teknikariak izan dituzten taldekide ere.

Mirene Moreno (ezkerrean) eta Ainhoa Etxeberria (eskuinean), Bera Berako jokalari ohiak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bide berri bat abiatuko dute Ainhoa Etxeberriak (Oiartzun, 1998) eta Mirene Morenok (Ermua, 1998). Hiru urtez aritu dira goi-mailako lehian, Bera Berarekin, eta etapa hori amaierara iritsi da. Oiartzuarraren kasuan, aspalditik zuen erabakita, gaur jada Oviedora baitoa, barne mediku egoiliar izateko azterketa prestatzera. Mediku izan nahi du eta urte hauetan lehentasuna ikasketak izan badira ere, azkenean horiek eskubaloitik ihes egiteko irtenbide ere bilakatu dira. Orain, benetan izango ditu lehentasun eta «gogoz» doa Oviedora.

Ermuarrak ikasketak alde batera utzi ditu azken urteetan eta horretan zentratzeko unea delakoan da. Gizarte Hezkuntza  ikasten ari da eta datozen bi urteetan bukatzea espero du. Bera Beran jokatzeko pribilegioa eduki duten sentsazioarekin doaz, harro, une zailak atzean utzita eta taldean egin dituzten lotura sendoetatik aldentzearen beldurrez. «Oxala harreman eskasa balego, agurra errazagoa izango litzateke», esan du txantxetan hegalekoak.

Luze egin da denboraldia?

Ainhoa Etxeberria: Bai eta ez. Luzea egin zaidana izan da, behin Kopa jokatuta, ligako azken partidak. Baina nik uste dut beste gauza batzuengatik izan dela. Bi etapa ixten zaizkit. Denboraldi guztia gehi urte guztia praktiketan, egunero 8 ordu; jada nekatua nengoen eta bola egiten ari zitzaidan. 

Mirene Moreno: Niri alderantziz. Urte bukaeran hilabete bateko geldiunea izan genuen Mundialarengatik. Geldiuneak gainera luzeak izaten dira eta justu gure taldean jokalari dezente daude selekzioekin, entrenatzailea ere bai... Hilabete hori oso luzea egiten da. Bestalde, Kopatik liga bukaerara ziztu bizian pasatu zait. Agian ez nuelako bukatzea nahi.

Kirola zuen bizitzan zati garrantzitsua da, ezta?

M.M.: Bai, noski. Zentratuko naiz ikasketetan, baina kirola nire bizitzan funtsezko elementua da.

A.E.: Nik etxean esan nuen: ‘Egunero gimnasiora joan behar dut’. Hiru urte hauetan egunero entrenatzen arituta, ezin duzu egun batetik bestera utzi. Eta, gainera, nire kasuan, jakinda kirolak ondo egiten didala deskantsatzeko, zentratzeko, diziplina izateko...

Bazenekiten zuen azken denboraldia izango zela?

A.E.: Nik banekien, ze Oviedora joango nintzela aspaldi erabaki nuen, baina agian ez nintzen kontziente Imanoli [Alvarez] komunikatu nion arte. Hor bai aldatu nuen txipa, baina oraindik ere ez naiz guztiz kontziente bukatu egin dela.

M.M.: Urtero sinatudut pentsatuz nire azken denboraldia izango zela, baina errealitatean ez nuen pentsatzen nire azken urtea izango zenik. Egia da denboraldi bukaera aldera ideia bat izan dezakezula, eta entrenatzaileak zurekin hitz egindakoan ziurtatzen duzu. Hemen jarraituko nuke, baina halaxe dira kontuak. Arlo pertsonalean gogorra egin zait.

Gogorra egin zaizue?

A.E.: Hemen egunerokoan sortzen dituzun loturak oso estuak dira eta, zentzu horretan, gogorra egiten da. Ez ditut nire taldekideak egunero ikusiko eta kirol arloan asko emateaz gain, arlo sozialean ere pila bat ematen didate.

M.M.: Nire bizitza pertsonalean izan ditudan kontuengatik, denboraldia gogorra izan da, baina hemen egoteak orekatu egin du. Taldearen babesa sentitu dut eta horregatik ematen dit pena. Pertsonalki oso urte gogorra izan da.

Duela hiru urte iritsi zineten. Orduan sinesten zenuten Ohorezko Mailako jokalariak zinetela?

M.M.: Nik daukat sentsazioa ez dudala esplotatu. Egon naiz hiru urte, goi-mailan lehiatu naiz,  baina uste dut gehiago eman nezakeela. Baina pentsamendu horiek orain etortzen zaizkizu, bukaeran, joaten zarenean.

A.E.: Hiru urte hauetan, kirol arloan nahiko gaizki pasatu dut. Hasieran agian ez nuen nire burua talde honetan ikusten, baina azkeneko hiruzpalau partidak ikusita, kontzientzia garbiarekin noa. Agian ez naiz hemen onena baina, tira, maila honetan zerbait egin dezaket. Hiru urtean bilakaera hori ikusi dut.

M.M.: Noski, ezin gara joan hemendik esanez ez daukagula mailarik, inola ere ez. Hiru denboraldi egon gara Bera Beran, ligako txapelduna den taldean. Harro joan behar dugu, bihotza handi egiten digun harrotasunarekin.

A.E.: Bai, baina hiru urte hauek oso gogorrak izan dira, pentsatzen nuelako ez nintzela gai, ez nuela merezi. Ni oso autoexijentea naiz eta ez ditudanean emaitzak ikusten, autokritika handia egiten diot nire buruari.

M.M.: Deskontrol taldearen abesti batek dioen moduan, ‘Gu gera, gure buruaren jabe’, onerako eta txarrerako.

«Kirol arloan nahiko gaizki pasatu dut. Hasieran ez nuen nire burua talde honetan ikusten, baina azkeneko hiruzpalau partidak ikusita, kontzientzia garbiarekin noa»

Frustraziorik sentitu duzue?

A.E.: Nik bai, baina lehen esan dudan bezala, ni oso autoexijentea naiz. Hasieran ondo sentitzen nintzen, baina gero berriz etortzen ziren pentsamenduak.

M.M: Nire pentsamendua ezberdina da, hemen baldin bazaude zerbaitegatik da. Eta konfiantza hori eduki behar duzu, bai entrenatzailearengandik, jokalariengandik... Eta bai, frustrazioa badago.

Zer ikasi duzue gehienbat hiru urte hauetan?

A.E.: Nik gauza pila bat ikasi ditut: diziplina, emozioen kudeaketa... Ez duzunean aurkitzen zerbait betetzen zaituena, bilatzea zerbait beteko zaituena. Esaterako, niri lehiaketak ez badit feedback positiborik ematen, entrenamenduetan aurkitu beharko dut, ze bestela gaizki pasako dut. Taldean lan egiten ere ikasi dut. Eta beste gauza garrantzitsu bat, egoera batzuk ez daudenean zure esku, ez dagoenean ezer egiteko, ahaztea, ez ematea buelta gehiago. Kirol arloan asko eman didate hiru urte hauek, baina mentalki are gehiago.

M.M.: Nik beti disfrutatu dut eskubaloiarekin, baina azken hiru urte hauetan asko disfrutatu dut. Ikasi dut eskubaloia maitatzen edo, ez dakit nola azaldu.

Emozioen kudeaketa aipatu duzue. Nola kudeatu duzue?

M.M.: Gaizki bazaude, hitz egin behar da. Entrenatzaile, jokalari edo Tatirekin [Garmendia]. Laguntza eskatzen ikasten duzu, ze batzuetan ezin dugu bakarrik. Momentu batzuk oso gogorrak dira. Ni oso eskertuta nago klubarekin, esku bat luzatu didalako une oro. Eta zaila da momentu txarretan laguntza eskatzea.

A.E.: Berdina esango nuke. Ni oso pertsona itxia naiz, kontziente naiz, baina iristen zen puntu bat ezin nuela kudeatu. Gogoratzen naiz bigarren urtean, denboraldiaurrean, nire barnean gordetzen egon gauzak eta, bat-batean, entrenamenduan, antsietate atakeak ematea. Puntu horretara iritsi nintzenetik, bai, ikasi dut laguntza eskatzen.

M.M: Nik uste dut hau dela itzalean dagoen aldea. Goi-mailan ez da dena fisikoa. Mentalki ondo egotea edo gaizki egotea ere kirola da.

Eta gogoratzen duzuen momentu on bat?

M.M: Niretzat, azkenengo hilabete hau. Negar egin dut inoiz ez bezala, baina oso berezia izan da. Baina horrela momentu bat aukeratzekotan, Pariseko partida. Memorian ondo gordeta daukat. Oroimenean daukat partida bukatu eta harmailetara joatea... Pasada bat izan zen.

A.E.: Niretzat partida hori eta Kopan Illunbeko lehendabiziko partida. Iritsi, gora begiratu, hainbeste jende ikusi... eta bestalde, Gaskan jokaturiko Europako partidetan, EHF-ko ereserkia entzutean. Oilo-ipurdia jarri zitzaidan.

M.M: Bai, Kopako Guardesen aurkako partida oso gogorra izan zen, baina egun batzuetara, pentsatzen jarri, eta nire partidarik onena egin nuelakoan nengoen. Eskubaloia bizi egin nuen. Nahiz eta galdu, ia 3.000 ikusle gazte asko... baina gazteak neskak eta mutilak. Emakumeok ez ditugulako soilik emakumeak mugitzen.

«Nik beti disfrutatu dut eskubaloiarekin, baina azken hiru urte hauetan asko disfrutatu dut. Ikasi dut eskubaloia maitatzen-edo; ez dakit nola azaldu»

Kontziente zarete Europan lehiatu zaretela?

M.M.: Justu aurrekoan Albarekin [Menendez] hitz egiten, esan zuen Bera Berako kamiseta pila bat zituela. Emateko esan nion. Hona iritsi nintzenean, hasieran isilik egon nintzen, baina abenduan-edo ausartu nintzen eta esan nion gure etxean bere zale sutsuak ginela. Ez da soilik Paris 92ren aurka jokatzea, gure taldean ze motatako jokalariekin egon garen ere bai.

A.E.: Telebistan ikusten nituen. Sofan eserita egotetik beraiekin egotera pasa nintzen, beraiengandik ikastera... Hori baino pribilegio handiagorik ez dago. Imanoli ere esan nion oso eskertuta nagoela aukera hau emateagatik. Eta gainera, adiskidetasun handia egin dugu.

Mirene, prentsaurrekoan esaten zenuen ‘oxala ez moztea Ermua-Donostia konexioa’. Ez da moztuko, Anne Erauskin iritsi da-eta, zure kuadrillakoa.

M.M.: Bai, sare sozialetan ere jarri nuen, sekulako poztasuna da. Anne hemen, Bera Beran, egotea... Oso ondo zainduta egongo da. Maitanerekin [Etxeberria] ere egongo da super eroso, asko ikasiko du. Anne oso jokalari ona da, Bera Bera agian ez da hain kontziente nolako maila daukan. Eta pena bat da berarekin ez kointziditzea.

Hiru liga irabazi dituzue, hiru liga oso ezberdin.

M.M.: Bigarren urtea gogorragoa izan zen ez zegoelako jenderik; partida guztiak izan ziren zalerik gabe. Eta liga bat irabaztea zalerik gabe... Telebistan ikustea ez da berdina. Ez agian bi fasetan jokatu zelako, baizik eta jendea falta zelako.

A.E.: Hiru denboralditan, ligako partida bakarra galdu dugu.

M.M.: Bai, eta Laurarekin [Hernandez] hitz egiten, esaten zidan behin Bera Berara etorrita oso zaila dela gero beste talde batera joatea. Ze ohitzen zara irabazten, irabazi behar duzu bai ala bai. Gaizki ohituta gaude. Jendeak galdu egiten du.

Eta Kopan galtze horrek balioa ematen die irabazitako partida eta ligei, ezta?

A.E.: Niretzat Bera Beraren puntu indartsuena da bigarren zatian maila mantentzen dakiela, gai dela maila mantentzeko. Eta talde askotan ez da hori pasatzen ez daukatelako Bera Berak daukan talde zabala. Gainera, denok fisikoki ondo prestatuta gaude; bigarren zati horretan maila mantentzea errazagoa da.

M.M.: Eta uste dut aurten igarri dela Ammma zentroan egin dugun lana. Fisikoki oso ondo egon gara. Lesioak ere ez dira izan denbora luzekoak.

A.E.: Egia da, aurtengo denboraldian gertatu zaiguna ez da normala, ze beti egoten da lesio larriren bat, ebakuntzaren bat... Formakuntza fisiko horretan asko hobetu dugu.

Igarri da Imanolek [Alvarez] taldea bere osotasunean erabili duela ere. Ez dakit ados egongo zareten.

A.E.: Bai, eta badakizu aterako duzun jokalariak errendimendu ona emango duela. Talde luzea izateaz gain, orekatua da. Batzuetan gauzak hobeto aterako dira beste batzuetan baino, baina horrek ez dauka zerikusirik bakoitzak daukan mailarekin.

M.M.: Nik uste dut gakoa dela, oso zaila dela hainbeste urtean goian egotea. Azken hamarkadan zortzi liga; hori oso zaila da. Horrez gain, beste sei Kopa, Superkopak, Europan lehiatzea... Oso zaila da.